Magdalena bere semearen bila abiatuko da; izan ere, Estatu Batuetako mugarako bidean desagertu zen. Gaur egungo Mexikoko herri eta paisaia suntsituetan zehar ibilian, Miguel ezagutuko du Magdalenak: Estatu Batuetatik deportatutako gazte bat, etxerako bidean ari dena. Hala, elkarri lagunduko diote: Magdalena semearen bila, eta Miguel bere ama berriz ikusi nahian, biktimak eta biktimarioak elkarrekin ibilarazten dituen lurralde batean.
Fernanda Valadez (Guanajuato, Mexiko, 1981) mexikar zuzendari eta ekoizlea Gaikuntza Zinematografikoko Zentroko (CCC) lizentziaduna da. Fikzio-film labur nabarmenak zuzendu ditu: 400 maletas-ek (2014) hainbat sari eskuratu zituen nazioartean, eta Ariel sarirako hautagaia eta ikasleen Oscarrerako finalista izan zen; eta De este mundo-k (2010) Canacine saria eta film labur onenaren saria irabazi zituen Guanajuatoko zinema-jaialdian. Plástico (2015) eta Los días más oscuros de nosotras (2017) fikzio-film luzeak ekoitzi ditu, halaber. Sin señas particulares-ek, zuzentzen duen lehen lanak, kalitatezko zinemaren ekoizpenerako Mexikoko funtsa jaso zuen.