Trung-ek, beti Vietnam iparraldean zehar bidaiatzen ari den kamioilari batek, amaginarreba ospitalera eraman dutela jakingo du. Hortaz, ardurapean hartu beharko du bere hamar urteko alaba, Vy. Ia-ia ez du ezagutzen, amonak hazi baitu. Hurrengo ibilbidea hitzartuta du, eta, alaba berekin eraman nahi ez badu ere, ez du beste aukerarik izango. Vietnam iparraldeko errepideetan zehar, Trungek eta Vyk elkarrekin egin beharko dute bi belaunaldiak bilduko dituen bidaia sentimentala: neskaren lehena, eta gizonaren azkena. Opera prima.
Mauricio Osaki (São Paulo, Brasil, 1981) film laburrak zuzenduz eta zuzendaritzako laguntzaile eta postproduktore gisa hasi zen lanbidean, besteak beste, Walter Salles eta Marcelo Gomes zuzendarien film luzeetan. Zinematografiako masterra egin zuen New York Unibertsitateko Tisch eskolan, eta hantxe aurkeztu zuen The Paths of My Father proiektua. Tisch eskolan zegoela, My Father’s Truck (2013) saritua zuzendu zuen. Berlingo 63. zinema-jaialdian estreinatu, nazioarteko 100 lehiaketatan baino gehiagotan aurkeztu, eta Oscarrerako hautagai izateko izendatu zuten. Besteak beste, Berlinale Talents eta Veneziako Biennale College ekimenetan aukeratu dituzte haren proiektuak. Os caminhos do meu pai zuzentzen duen lehen film luzea da.