Bi emakume Donostiako (Euskadi) etxe zahar batean elkartuko dira. Bata bizirik dago eta zinemagilea da; besteak Elvira Zipitria Irastorza du izena, eta 1982an hil zen. Zinemagilea konturatuko da presentzia ikusezin batez beteta duela bizilekua, hainbat oihartzun ia-ia sumaezinez. Francoren diktaduraz geroztikoak dira hotsetako batzuk; garai hartan, euskara-eskola klandestino bat sortu zuen Elvirak. Etxeko aspaldiko maizterra emakume garrantzitsua izan zen XX. mendeko euskal kulturan eta politikan. Hala ere, ezkutuan geratu da. Zinemagilea, hari buruz gehiago jakin nahiak bultzatuta, ikertzen hasiko da. Bilaketa ez da bat ere erraza izango, eta laster performatibo bihurtuko da. Filma egitea Elvirarengana gerturatzeko modu azkenekoa izango da.
Maider Oleagaren (Bilbo, 1976) lanak barnean hartzen ditu, bai dokumentalak –adibidez, Verabredung (2017), Doc España saileko irabazlea SEMINCIn, Esperanza (2012) eta Amaren ideia (2010)–, bai fikzio-film laburrak –besteak beste, Sitios prestados al aire (2010) eta Luce neón, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztutako Gure oroitzapenak (2018) talde-filmeko atala–. Halaber, Donostia Zinemaldian proiektatu zen Iragan gunea Berlin (2016) dokumentala, Verabredung ernatu zuena. Paso al límite proiektua, egun Muga deitzen da pausoa dokumental bihurtutakoa, Ikusmira Berriak programako lehenengo ediziorako aukeratu zuten 2015an. Filma Gijongo zinema-jaialdian aurkeztu zen iaz.