Mediterraneoan, gure zibilizazioaren oinarri izan zen itsasoan, milaka errefuxiatu daude Europak noiz hartuko dituen zain. Kontinente zaharraren ateetan, itxaropenari eusteko lehiatzen dira, egunero baldintza kaskarretan bizi arren. Varados iraupen luzeko errefuxiatu horien eguneroko bizitzara hurbiltzen da. Atenaseko eraikin okupatuetan nahiz herrialdean zehar sakabanatutako errefuxiatu-eremuetan, bizitzan aurrera egiten utziko dien dokumentazioaren zain daude oraindik gizon-emakume horiek.
Helena Taberna (Altsasu, Nafarroa) 90eko hamarkadan hasi zen zinemagintzan, fikzio-film nahiz dokumental labur ugari zuzentzen eta ekoizten. Film luzeetan debuta 2000. urtean egin zuen, euskal gatazkari buruzko Yoyes filmarekin; ondotik etorri ziren Extranjeras (2003), immigrazio-fenomenoari buruzkoa; La buena nueva (2008), memoria historikoari eta gerra zibilari buruzkoa; Nagore (2010), genero-indarkeriaren gaineko gogoeta bat proposaturik; eta Acantilado (2016), sekten unibertsoaren inguruko film bat, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztutakoa. Euskadiko Filmategiak atzera begirakoa eskaini zion 2018an.