Lynn eta Lucy lagun minak dira betidanik, eta haien erlazioa edozein maitasun-harreman bezain bizia da. Jaio ziren lekutik inoiz aldendu gabe, Lynn bere lehenbiziko mutil-lagunarekin ezkondu zen, eta bizkor hazten ari den alaba bat dute. Orain, pozarren dago bere lagun karismaduna eta aldakorra ama bihurtu delako estraineko aldiz, baina Lucyren erreakzioa ez da Lynnek espero duena. Laster ikusiko dute elkarren adiskidetasuna noraino iristen den, muturreko egoera batean. Opera prima.
Fyzal Boulifa (Leicester, Erresuma Batua. 1985) zinema-zuzendari eta gidoilaria Londres, Paris eta Tanger artean bizi da. The Curse (2012) eta Rate Me (2015) lanekin, film labur onenaren Illy saria irabazi zuen Cannesko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian. Horrez gain, The Curse BAFTA sarietarako izendatu zuten, eta bi film laburrak aurkeztu ziren Sundance zinema-jaialdian. Lynn + Lucy zuzentzen duen lehenengo film luzea da.