71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Hautatutako proiektuak
Sariak

1. Oinarriak onartzea

Zinemaldia Startup Challenge Donostiako Zinemaldiak bultzatutako Europa mailako lehiaketa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Eusko Jaurlaritzaren Enpresen Garapen Agentziarekin lankidetzan.

‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ jardueraren zati gisa, proiektu hori Espainiak Europako ikus-entzunezko hub gisa duen papera indartzeko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan dago, eta Kultura eta Kirol Ministerioak bultzatzen du, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua (ICAA)-ren bitartez, eta Ekonomia Gaietarako eta Transformazio Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX España Exportación e Inversiones-en bidez; estatuko ekintzaileentzako eta startupentzako berariazko lehiaketa bat ospatuko da. 

Oinarri hauen helburua bi lehiaketetan parte hartzeko arauak zehaztea da, eta lehiaketetarako deialdian parte hartzeak oinarri hauek salbuespenik eta baldintzarik gabe onartzea dakar, baita ematen den edozein ebazpen onartzea ere.

Startup Challenge Zinemaldian aurkeztutako proiektuak, Europakoak edo estatukoak izan, ondoko araudi hau bete beharko dute:

 

2. Lehiaketen helburuak

Lehiaketa horien bidez, ikus-entzunezkoen sektorean aplikatutako teknologia berritzaileen esparruko enpresa-proiektu berriak sustatu eta aintzatesteko asmoa dago. Horrela, ekimenak honako helburu hauek ditu:

1. Ikus-entzunezkoen arloko ekintzailetza-proiektu berriak sustatzea.
2. Euskadin ekimen berriak garatzen laguntzea, enpresak sortu eta kudeatzeko diru-baliabideak eta adituen aholkularitza-zerbitzuak emanez.
3. Ikus-entzunezkoen sektorearen modernizazioa bultzatzea, teknologia berrien bidez.

Helburu horiek bat datoz Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako ekintzailetza sustatzeko estrategiekin, baita Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin ere (RIS3).


3. Parte-hartzaileak

Lehiaketak honako hauei zuzenduta dago, nagusiki:

  • Ekintzaileak
    Ekintzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
    • 2022/12/31n 18 urte edo gehiago izatea.
    • Europako herrialderen batean legezko bizilekua izatea.
    • Enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta martxan jartzeko aukera aztertzea.
       
  • Ikus-entzunezko esparruan teknologia berriak aplikatzea planteatzen duten startupak.
    Startupek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
    • 2017/12/31ren ondoren eratua izatea, Europako herrialderen batean.
    • Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta martxan jartzeko aukera aztertzea.


4. Enpresa-proiektuen gaia

Zinemaldia Startup Challengen bidez, ikus-entzunezkoen sektorean aplikatutako teknologia berritzaileko enpresa-proiektu proposamen onenak aintzatesteko asmoa dago; enpresa berri bat sortzea edo sortu berria den enpresa bat garatzea helburu duten proiektuak, zehazki.

Proposamenak honelakoak izan daitezke:

  • Ikus-entzunezko industriako balio-kateko mailaren batean teknologia berriak aplikatzea planteatzen duten enpresa-proiektuak, pertsona fisikoek aurkeztuak.
  • Ikus-entzunezko industriako balio-kateko mailaren batean teknologia berriak aplikatzea planteatzen duten enpresa-proiektuak, startupek aurkeztuak.

Ez dira enpresa-proiektu gisa onartuko ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proposamenak (adibidez: film laburren, gidoien, dokumentalen eta abarren proposamenak).

Ez dira onartuko lehiaketa honen aurreko edizioetan saritutako proiektuak.


5. Hautagaitzak aurkeztea

Proiektuak aurkezteko, honako prozedura hau bete beharko da:

1. Formularioa betetzea, eskatutako informazioa emanez.
2. Ideia azaltzen duen bideo labur bat erantsi beharko da. Bideoa web-plataformaren batean jarri beharko da (adibidez, YouTube, Vimeo...) eta formularioko dagokion lekuan esteka jarri beharko da.
3. Aurkeztutako proposamena hobeto ulertzen lagunduko duen beste edozein dokumentu helarazi ahal izango da (adibidez: infogramak, aurkezpenak, eskemak, prototipoak...). Gehienez, 20 MB.
4. Dokumentazio osoa jaso eta berrikusi ondoren, lehiaketako izen-ematea balioztatzeko mezu elektroniko bat bidaliko da.

Proiektuak banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez.

Proiektua taldean aurkeztuz gero, talde parte-hartzaile bakoitzak erreferentziazko pertsona definitu beharko du. Horrek beteko du formularioa eta lehiaketa koordinatzeko taldeak harekin izango du komunikazio ofiziala.

Parte-hartzaileek kontuan hartuko dute honako hau:

  • Talde/startup bakoitzak gehienez ere hiru proiektu aurkeztu ahal izango dituela.
  • Pertsona berak gehienez ere hiru proposamen aurkeztu ahal izango dituela.

Proiektuak onartzeko epea

Ideiak jasotzeko epea 2023ko apirilaren 17tik 2023ko ekainaren 1eko 23:59era artekoa izango da (Erdialdeko Europako ordua).

 

6. Proiektuak ebaluatzeko prozedura

Inskribatutako proiektuak batzorde aditu batek ebaluatuko ditu. BIC-Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako, Tecnaliako eta Vicomtecheko profesionalek osatuko dute batzorde hori, eta 10 proiektu finalista hautatuko ditu gehienez: 5 proiektu Europako mailan lehiatuko dira eta 5 estatuan.

Hurrengo fasera igarotzeko baztertutako hautagaitzei ezezkoa emango zaie eta horren jakinarazpena eskaeran adierazitako helbide elektronikora bidaliko da.

10 proiektu finalistak epaimahai batek ebaluatuko ditu, lehiatzen diren eremuaren arabera. Epaimahai hori ikus-entzunezkoaren, teknologiaren eta enpresen arloan itzal handia duten profesionalek osatuko dute, pitching moduko aurkezpenen bidez.

Aurkezpen horiek Zinemaldia & Technology jardunaldiaren esparruan egingo dira. Proiektuak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira.

 

7. Sariak

Europa mailako lehiaketan enpresa-proiektu irabazleak 10.000 euro gordineko saria jasoko ditu.

Era berean, Espainia mailako lehiaketan enpresa-proiektu irabazleak 10.000 euro gordineko saria jasoko ditu.

Halaber, 3.000 euro gordin gehiago bideratuko ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako proiektu onena saritzeko.

Gainera, 10 proiektu finalistek izango dituzte:

  • Zinemaldiko jardueretarako eta ekitaldietarako sarbidea.
  • 3 gaueko ostatua eta bidaia proiektu bakoitzeko lagun batentzat.
  • Lehenengo egonaldi-urtean Euskadiko Teknologia Parkeen Sarean kokatutako BICetako bateko inkubagailu batean doako sarbidea izateko aukera.
  • Proiektua garatzeko 500.000 euro arteko finantzazioa eskuratzeko aukera (60.000 € arte itzuli beharrik gabe), Euskadiko BICen sareak kudeatu eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRIren eta foru-aldundien bidez, artikulatutako laguntzen bidez (*)

(*) Finantzazioa babesteko eta laguntzeko programa batzuetan, parte-hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala izatea ziurtatu behar dute.

Sarien zenbatekoa indarreko zerga-legediak finkatutako zerga-atxikipenen mende egongo da eta atxikipen horiek saritutako lehiakideen kontura izango dira.

 

8. Sari-ematea

Zinemaldia & Technology jardunaldian iragarriko da zein proiektuk irabazi duen lehiaketa.

Proiektu irabazleen ordezkariek, ahal den neurrian, honako aipamen hau sartu beharko dute saritutako proiektuaren webgunean: Zinemaldia Startup Challenge Saria - Donostia Zinemaldia.

 

9. Edukiak

Pertsona parte-hartzaileek lehiaketako oinarriak onartu eta betetzeko konpromisoa hartuko dute. Enpresa-proiektua aurkezteak oinarri hauetan adierazitako baldintza eta betebeharrak berariaz eta formalki onartzea dakar.

Egindako proiektuen eta garatutako ideiaren jabetza intelektuala eta materiala proiektuaren sustatzaileena da, baita ustiapen industriala ere.

Startupek eta parte-hartzaileek, arau orokor gisa, beren enpresari buruzko datuak eta beraiekin harremanetan jartzeko datuak partekatzea onartuko dute, startupen berri eman eta Euskadiko enpresen eta eragileen artean murgildu eta horiekin harremanetan jar daitezen.

Lehiaketara beren borondatez aurkeztutako lanek eta horien edukiek (laburpenak eta aurkezpenak barne) honako baldintzak betetzen dituztela bermatuko dute parte-hartzaileek: ez dituztela hirugarrenen eskubideak urratzen edo, kasuan-kasuan, lehiaketa honetan parte hartzeko beharrezko baimen guztiak dituztela, ez direla iraingarriak, ez dituztela ez indarkeria ez arrazismoa sustatzen, ez dituztela ez oinarrizko eskubideak, ez askatasun publikoak urratzen, ez aplikatu beharreko araudian jasotakoak eta, batez ere, ezta haurrak eta gazteak babesteari buruzko araudian jasotakoak ere, ez direla pertsona fisikoen intimitate pertsonalean edo familiarrean sartzen eta ez dutela horretan sartzea eragiten ere, ez dutela hirugarrenen ohore-eskubidea edo komunikazioen sekretutasuna urratzen eta ez direla indarreko araudiaren aurkakoak.

Halaber, startupek/parte-hartzaileek lehiaketa sustatu duten entitateei lehiaketarekin lotutako publizitate-materialean beren izena eta irudia erabiltzeko baimena emango diete, baita Interneten erabiltzeko baimena ere, trukean kontraprestaziorik jaso gabe.


10. Jakinarazpenak eta erreklamazioak

Zinemaldia Startup Challenge lehiaketarekin lotutako jakinarazpen guztiak, proiektu finalisten zerrendari eta irabazleei buruzkoak barne, Zinemaldiaren webgunean argitaratuko dira.

Arau hauen interpretazioak sorrarazten duen edozer zalantza Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak ebatziko du.

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: