tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Bilaketa bikoitza etxearen barrunbeetan
Bilaketa bikoitza etxearen barrunbeetan
Muga deitzen da pausoa
Igandea, 2019(e)ko irailaren 22

Maider Oleagak Mexikotik Donostiara bizitzera etorri zenean egin zuen topo Muga deitzen da pausoa filmaren ardatza izango zen istorioarekin. Alde Zaharrean alokatu zuen bizitoki berriak istorio bat zuen zain: Elbira Zipitria Irastortza ‘Ira’ (1906-1982) bertan bizi izan zen hirurogei urtez, eta etxe hartan antolatu zuen umeak eta helduak euskaraz alfabetatzeko eskola klandestinoa, frankismo garaian. Misterioz betetako pertsonaia bat aurkitu zuen, eta berari buruzko informazio gutxi zegoenez, ikerketari ekin zion.

Patxadaz joateko tartea hartu eta ikerketa prozesuaz gozatu egin zuen Oleagak. ‘Ira’-ren bizitza eta bere garaiko testuingurua ezagutzea ezinbestekoa egiten zitzaion eta hiru urte eman zituen horretan. Gerora heldu zen irudietan pentsatzeko denbora. Ikusmira Berriak programaren lehen deialdian aukeratua izan zen egitasmoa eta asmoa eremu pribatutik publikora igaro bezain pronto, kamera hartzen hasi zen eta errodaje talde txiki bat osatu zuen filma garatzeko. “Niretzako zaila zen kontatzeko modua irudikatzea”, azaldu du Oleagak, “istorioa etxe barruan aurkitu nuenez, horrek filma leku konkretu batean kokatzen zuen”. Biografiaren edukiari forma egokia ematea izan zen erronka nagusia: “Hasieratik, bilaketa ez da izan bakarrik Elbira Zipitria zein zen ulertzearena; filma nola egingo nuen ulertzeko eta pixkanaka gidoia eta filma sortzeko bilaketa ere izan da”.

‘Ira’ protagonista emakume zintzoa eta egiazalea izanda, berarekiko lotura eta errespetua adierazteko zintzotasuna bilatu zuen Maider Oleagak hasieratik. Hori dela eta, enkoadraketa gurutzatu eta bien arteko harremana irudikatzeko protagonista bihurtu zen zinemagilea. Harreman eta bizipen sakon horien destilazioa da filma. Egilearen presentzia Elbira Zipitriaren ausentziaren aurrean jartzen da. Prozesuan, osagai gutxi batzuk izan ditu lagungarri: ahotsa, proiekzioak, argia, etxeko objektuak…

Hirugarren protagonista, nola ez, etxea da. Emakumea espazio pribatuetara mugatuta zegoen garai batean, Elbira Zipitria arau urratzailea izan zen eta bere espazio pribatua –etxea– publiko bihurtu zuen. Egun, zinema aretoetara jauzi egin du bere istorioak. “Zinemaldian gure zinema ospatzeko modua da Zinemira saila, eta bertan egongo naiz Elbirarekin”, esan du zinemagile bilbotarrak, “badakit bera oso pozik egongo zela, Elbirak merezi du eta ni oso pozik nago horregatik”. 

Irene Elorza

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea