tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Weisse: “Musikaren atzean dagoen lan-prozesua erakusten saiatu naiz”
Weisse: “Musikaren atzean dagoen lan-prozesua erakusten saiatu naiz”
Das Vorspiel / The Audition • Alemania-Frantzia
Astelehena, 2019(e)ko irailaren 23

Nina Hoss aktore bikainak biolin-irakasle bat hezurmamitu du bere film berrian, non gainerako irakasleak kontra agertu arren, eskolan mutil bat onar dezatela lortuko duen, talentu nabarmena duela sumatu baitu. Ordutik aurrera ardura handiz lan egingo du Alexanderrekin, eta audizio garrantzitsu bat egiteko prestatuko du, bere seme Jonasi gero eta arreta gutxiago emanez. Gero eta gehiago urrunduko da bere senar biolin-egilearengandik ere. Orain Alexander bihurtu da Annaren tresna, eta betiere aurrerago eta gorago eramango du, presioa areagotuz doan heinean… “Musikaren atzean dagoen lan-prozesu eta diziplina gogorra pantailara eramaten saiatu naiz. Izan ere, eliteko musikari batek puntako kirolari baten pareko eskakizuna eta presioa jasaten baititu”, argitu du Ina Weissek.

Bere pertsonaiari buruz, Nina Hossek Annaren psikologia konplexua nabarmendu du: “Bere bizitzako une jakin batean Annak zera galdetuko dio bere buruari: heldu naiz iritsi nahi nuen lekura, eta orain, zer? Orduan, ikasle talentudun batekin obsesionatuko da eta azkenean bere familiari baino arreta handiagoa emango dio. Oso pertsona kontrolatzailea denez, inguruko pertsona guztiak zaurituko ditu. Perfekzioarekiko ahalegin horretan antsietatearen zuloan sartuko da eta egoerak esku artetik ihes egingo dio”, azaldu du.

Weisseren iritziz, kontraesanez betetako pertsonaia da: “baina hori denoi gertatzen zaigu, egiten dugun horretan onenak izatera bultzatzen gaituen motor bat daukagu pertsona gehienok. Tentsioan bizitzea ezaugarri oso humanoa da, eta zenbait lanbidetan, sormena eta diziplina eskatzen duten horietan bereziki, eromen puntu hori, barne bultzada hori ezinbestekoa da”. Filmeko protagonista ‘pertsona hautsitzat’ jo du, batzuetan bizitzan zer nahi duen ez dakiena, eta bestetan, aldiz, erabat argi duena, esaterako, bere ikasle kutunarekin lortu nahi duena. “Alderdi anitzeko pertsonaia da”, azpimarratu du.

Enpatia kontua

Filma zuzentzeaz gain gidoia idatzi duen Weissek kontatu duenez, berak ere txikitan biolina jotzen zuen eta bere gurasoek hainbat orkestratan parte hartu izan zuten, hori dela eta “oso harreman estua” izan du beti musikarekin. Musikariekiko enpatia handia sentitu arren, film biografikoa ez dela ziurtatu du. “Istorioa ez da niri buruzkoa, munduan bere lekua bilatzen ari den pertsona bati buruzkoa baizik”.

Weisse zuzendari lanetan sartuta dabil aspaldian, baina zinema-munduan aktore gisa hasi zen. Zinemagile berlindarrak adierazi duenez aktoreei nolabaiteko tartea eman die: “aske senti zitezen nahi nuen, ni aktore nintzenean askatasuna asko estimatzen bainuen”, bere kasa antzezten uzten zien eta aldi berean zorrotz aztertzen zituen “une oro argibideak emateko prest nindutela jakinik, ordea. Badakit zeinen zaila den kamera aurrean egotea eta barruan daukazuna kanporatzea. Batzuetan, agian gehiegi eskatu nien barrutik erabat hustu zitezen; baina 28 egun besterik ez genituen filmaketa burutzeko”, aitortu du.


Sergio Basurko

 
Nina Hoss, Ilja Monti eta Ina Weisse.
Nina Hoss, Ilja Monti eta Ina Weisse.

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea