tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > Abezedarioa aletuz komunikazioaren bila
Abezedarioa aletuz komunikazioaren bila
Las letras de Jordi
Asteartea, 2019(e)ko irailaren 24

Las Chicas de Pasaik kolektiboarekin birritan parte hartu du Maider Fernández Iriartek (Donostia, 1988) Zinemaldian. Aurten, aldiz, bakarkako lan bat ekarri du jendaurrera, Las letras de Jordi bere lehen film luzea. “Urduri eta ilusioz beteta” sentitzen da gaur Kursaalen egingo den estreinaldirako. “Sekulakoa da, bai Zinemaldia den modukoa delako, baita familia eta lagunak hemen gertu ditudalako ere”, aitortu du bezperan.

Urte batzuk atzera egin beharra dago proiektuaren abiapuntua ezagutzeko. Zinemagile donostiarra Bartzelonara joan zen Pompeu Fabra unibertsitatean master bat ikastera eta proiektu bat aurkeztu beharrean aurkitu zen. Egitasmoa Lourdesera erromesaldian joaten direnen inguruan osatzea erabaki zuen eta Bartzelonako erromes talde batekin harremanetan jarri zen. Bileretara joaten hasi zen, intuizio baten atzetik, nolako istorioa aurkituko zuen eta nora iritsi zitekeen ondo jakin gabe. “Egia esan, taldeak errespetua ematen zidan, beldurra ere bai, agian”, dio Fernándezek, “kamerarekin joaten nintzen beti, zeren kamerak beti ematen dizu babes moduko bat”. Kamera piztu eta jendeak ez zuela berataz ezer espero sentitzen zuen. Grabatzeko aske zen.

Dinamika bat ezarria zuen zinemagile donostiarrak: grabatu, etxera itzuli eta materiala ikusi eta hurrengo saioa prestatu. Bisionatu haietako batean erreparatu zuen Jordirengan. “Bileretan ez zidan atentziorik eman baina gerora ikusi nuen bere kontura zihoala, paso egiten zuela taldeaz eta tipo autentikoa iruditu zitzaidan”, adierazi du Fernándezek. Astean behin geratu eta grabazio bat egiteko eskatu zion Jordiri. Berak onartu eta pixkanaka-pixkanaka bere egunerokotasuna jarraitzen hasi zen zuzendaria, ikerketa moduan. Kamera aurreko harremana sakondu ahala, konfiantza pittin bat sortzen joan zen bien artean. Jordik baimena eman zion bere bizitokian, egoitzako logelan, filmaketa egiteko.

Jordi, Maider eta komunikazioa

Jordi garuneko paralisiarekin jaio zen eta ezin du hitz egin. Izkiz, zenbakiz eta ikurrez osatutako taula bat erabiliz komunika daiteke. Jordiren eta Maiderren komunikazio ahalegin horretan ardazten da filma. “Filma aurrera doan heinean gure arteko harremana ere aurrera doala ikusten da”, azaldu du egileak. Hasieran ulertzen ez dituen keinuak ulertzen hasten da zinemagilea, eta berarekin batera, ikuslea.

“Ikusleak nire ahotsa jarraitu dezake, irudian erreparatu gabe, edo barruraino sartzen baldin bada, iaia hor dagoen beste pertsona bat bilakatzen da eta batzuetan gainera, gertatu daiteke ere ikusleak nik baino lehenago jakitea Jordik esan nahi duena; horrela enpatia mugitzen joaten da eta joku hori asko interesatzen zait”, dio Maider Fernándezek. Ikuslearengan galderak sorraraztea eta geruza ezberdinak modu batean edo bestean filmean sartzea interesatzen zaiola aitortu du egileak.

Azken finean, komunikazioaren beharra hain agerikoa ez den modu batean islatzen saiatu da gazte donostiarra. “Uste dut guk ez dugula horretaz pentsatzen guretzako oso normala delako komunikatzea, baita komunikazioa behar dugulako ere harremanetarako, adiskidetasunerako, maitasunerako”.

2017an Ikusmira Berriak programan aukeratuta izan zen Las letras de Jordi eta bertan REC Grabaketa Estudioa Postprodukzio Saria jaso zuen. Film honekin Kutxabank New Directors sarirako lehian sartzeaz gain, Gazteriaren TCM eta Euskal zinemaren Irizar sarirako hautagaia ere bada. 


Irene Elorza

 
Maider Fernández Iriarte
Maider Fernández Iriarte

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea