tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Zinemaldiaren Egunkaria > “Gazteek zinemaz gozatu baino gehiago kontsumitu egiten dute”
“Gazteek zinemaz gozatu baino gehiago kontsumitu egiten dute”
MARK ADAMS NEW DIRECTORS
Asteazkena, 2019(e)ko irailaren 25

Mark Adams Edinburgoko Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoa da. 2015ean egin zuen bat jaialdiarekin, eta ordutik berriro nazioarteratu du lehiaketa hori, bertako talentu berrien eta jada finkatutako atzera begirakoen sustapena azpimarratuz.

Adamsek parekotasun handiak sumatzen ditu Zinemaldiaren eta Edinburgoko jaialdiaren artean: “Biak hiri zahar eta historikoetan kokatuak daude, eta jaialdi urtetsuak dira. Edinburgokoak 73 edizio bete ditu aurten. Oso interesgarria deritzot zinemara joateaz gainera hirian zehar paseatu ahal izatea. Kasu bietan hiriak zinema-jaialdiak bezain erakargarriak dira bisitarientzat”.

“Mundua etengabe aldatzen ari da –argudiatzen du Adamsek–, eta zinema-jaialdiek harekin joan behar dute, garaien konpasean. Artea, teknologiak, ziztu bizian aldatzen ari dira eta zentzu horretan marrazo modura jokatu behar duzu film hobeak lortzeko eta aretoetara jende gehiago erakartzeko haginka eginez. Ezin duzu beti formula bera erabili eta gauzak bere horretan utzi”.

Donostian bezalaxe Edinburgon ere talentu berrien eta atzera begirakoen aldeko apustu irmoa egiten dela dio: “Programazioan antzekotasun handiak ikusten ditut, nazioarteko zinema badago, baita bertako egileena ere; han eskoziar egileena, hemen, berriz, euskaldunena. Bestalde, pertsonalki erabat garrantzitsua iruditzen zait atzera begirakoen bitartez egile klasikoak berreskuratzea. Egun dena oso azkar doa eta gazteek zinemaz gozatu baino gehiago kontsumitu egiten dute. Garai bateko film zoragarri horietan gazteek asko dute ikasteko”.

“Oso interesgarria da zuzendari berrien obrak ikustea; oro har ez dira lan biribilak, alderdi franko dituzte oraindik orrazteko; baina, bat-batean, berezko ahotsa duen talentu berri bat aurkitzea guztiz pozgarria da. Azpimarratzekoa da, halaber, azken hamar urteotan emakumezko zinemagileen kopuruak gora egin duela nabarmen. Eta gaien aldetik, emigrazioa, teknologiak, politika berriak, Trump, Me Too mugimendua, eta familia-harremanak”, laburbildu du bere epaimahaiko lanaren inguruan.

Inork ez daki Brexitak zer eragin izango duen zinemarekiko, “dudarik gabe desafio handia izango da. Dena kakanahastu besterik ez da egingo: muga-zergak, taldeak eta tresneria mugitzeko oztopoak…. Liberak lur jo dezake eta merkeagoa gertatuko zaizue Erresuma Batura filmatzera etortzea”, ironiaz amaitu du.

Sergio Basurko

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea