Ventana Sur-ek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Proyecta ekimenean, Latinoamerikaren eta Europaren arteko koprodukzio baten bila dabiltzan eta garabidean dauden hamazazpi zinema-proiektu aurkeztuko zaizkie ekoizle, programatzaile eta salmenta-agenteei, finantzazioa osatzeko eta nazioarteko banaketa egiteko bazkideak aurkitzeko asmoz.
Proyecta ekimenaren aurtengo edizioa, hirugarrena, online izango da, abenduaren 1etik 3ra. Hala, ekoizleek aurretik grabatutako proiektu-aurkezpenak egingo dituzte, Ventana Sur-en akreditatutako nazioarteko zinema-industriako profesionalek eskuratu ahal izango dituzten videopitch-en bidez, eta one-to-one topaketa birtualak ere egingo dira, partaide interesdunekin hitzarmenak bultzatzeko.
Latinoamerikako hamabi proiektu daude film sortan; zehazki, Argentina, Brasil, Kuba, Costa Rica, Guatemala, Mexiko eta Paraguaikoak. Paulo Roberto de Carvalho (Autentika Films), Esperanza Luffiego (Donostia Zinemaldia) eta Clara Massot (Ventana Sur) arduratu dira haiek aukeratzeaz. Gainera, EAVE Puentes-Europe/Latin America Co-production Workshop tailerrean parte hartu zuen Guatemalako proiektua eta Brasilgo CineMundi-ko bat ere barne hartuko ditu. Film horiei Donostia Zinemaldiko IX. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu duten Europako beste hiru proiektu gehituko zaizkie: György Pálfi-ren A Tyúk / Hen, Daniel Vidal Toché-ren La anatomía de los caballos eta Jorge Thielen Armand-en La cercanía.
Aurkeztutako hamazazpi lanetako bederatzi beren zuzendarien fikziozko lehen edo bigarren lanak dira, eta, horiez gain, azken urteetan Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, New Directors sailean edo Horizontes Latinosen parte hartu duten zenbait zuzendariren lanak ere egongo dira. Hori da Inés María Barrionuevo-ren (Espectro), Caru Alves de Sousa-ren (Coraçoes Solitários) eta María Alché eta Benjamín Naishtat-en (Puán) kasua.
Proyecta ekimena Ventana Sur-en parte da, hau da, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu nagusiarena. Merkatu hori Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Film-ek antolatzen dute, duela hamabi urtetik.
PROYECTA 2020 HAUTAKETA |