"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
66.234 pertsonak ikusi zituzten 50 herrialdetatik etorritako 151 film Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan. Gainera, 2.626 profesional akreditatu ziren; horietatik 376 hedabidetako 689 kazetari eta zinema-industriako 1.185 profesional (horietako 487k online parte hartu zuten).
Iazko memorian, bi errekor aipatu ziren: publikoaren asistentziarena (178.687 ikusle, 2019an) eta akreditatuen kopuruarena (4.319, 2019an). Ohartarazi zen jada zaila zela gehiago haztea eta Donostia Zinemaldiak urteak zeramatzala bere hazkuntza-sabaira hurbiltzen. Orduan, ezinezkoa zen aurreikustea ehunekoak % 30 eta 70 artean murriztuko zirela 68. edizioan eta, are gutxiago, positibotzat joko zirela zifrok.
Baina, 2020an, Zinemaldiaren fokua beste nonbait zegoen. Inguruko beste enpresa eta erakunde kultural asko bezala, COVID-19aren pandemiak markatu du edizioa, eta hiru helburu izan ditu Zinemaldiak: parte hartu zuten guztiontzako segurua izatea edizioa; Zinemaldiaren kontzeptuaren funtsa babestea, alegia, film bat emateko toki onena zinema-areto bat dela; eta, azkenik, ekonomikoki bideragarria izango zen edizio bat lortzea.
Ez da inor kutsatu eta zinema-industriako 1.000 profesionalen baino gehiagoren interesa erakarri da, bai eta 376 hedabidetako ia 700 kazetarirena ere. Horrez gain, Zinemaldiak egiturazko aldaketak egin behar izan ditu, ondo egin ere, eta onlineko alderdian sakondu du. Neurriek izan duten emaitza eta harrera ikusita, berritasun horietako batzuk pandemia amaitzen denean ere mantentzea planteatzen da. Hauek, esate baterako: eserlekuak aurrez esleitzea eta zinema-industriari zuzendutako jarduerak aldi berean online eta aurrez aurre egitea. Oro har uste denez, Zinemaldia egitea oso garrantzitsua izan da zinema-industriarentzako, dela Espainiakoa, dela Euskadikoa, dela nazioartekoa. Mundu osoko hedabideek goraipatu dute programazioa eta antolakuntza.
Pandemia –oraindik ere kolokan dauzka zinema-jaialdiak 2021ean– ez da Zinemaldiak duen erronka bakarra. Hauek dira Zinemaldiaren erronketako batzuk, bada: talentu berrien aldeko apustu irmoa (espero baino lehen eman ditu fruituak Koprodukzio Foroko, Nest-eko, New Directors-eko eta Sail Ofizialeko parte-hartzaileen, Ikusmira Berriak-eko egoiliarren eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen arteko harremanetan); Pentsamendua eta Eztabaida saila sortzea, genero-identifikazioko txostena egitea (horri, orain, iraunkortasun-proiektua gehituko zaio); eta, ekimen horiei guztiei lotuta, urte osoko zinema-jaialdiaren konfigurazioa izatea. Hain zuzen ere, presenteago egongo da Tabakaleran eta bertako komunitatearekin 2021ean zehar.
Azkenik, Zinemaldiak eskerrak eman nahi dizkie erakundeei, babesleei, zinema-industriari, hedabideei eta herritarrei, urte zailenetako batean lagundu eta babestu gaituztelako.