Donostia Zinemaldiak bi kide gehitu ditu hautaketa-batzordean, Javier Martín eta Natalia Marín programatzaileak. Javier Martínen ibilbidea hainbat zinema-jaialdiri lotuta egon da, Berlinekoa, Cannesekoa (Errealizadoreen Hamabostaldia), Cinéma du Réel eta Donostiakoa kasu. Natalia Marín zinemagilea eta irakaslea da, eta, egun, Espainiako Zinematekan koordinatzaile ari da. Elías Querejeta Zine Eskolan eskolak ematen dituzte biek.
Halaber, Javier Martín ordezkari arituko da Latinoamerikan –aurretik lan berbera egiten aritu da Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldirako eta Berlinalerako–. Zinemaldiak eskerrak eman nahi dizkio Andrea Stavenhageni Donostia Zinemaldirako funtsezkoa den lurralde batean egin duen lanagatik. Stavenhagenek Zinemaldiarekin lotura izaten jarraituko du Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren bidez.
Roberto Cueto Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kideak, Hego Korean ordezkari dabilenak, Ekialdeko Europa erantsi die bere lan-arloei. Bere aurretik zeregin horretan aritu den Matthieu Darrasen lana ezinbestekoa izan da Zinemaldirako.
Ekonomia-zientzietako lizentziaduna. 1995ean Parisen bizitzen jarri zen, eta Colifilms Distribution banaketa-enpresarentzat eta Albares Productions ekoiztetxearentzat lan egiten hasi zen. 2002 eta 2019 bitartean, Pariseko Udalaren mendeko Forum des Images zinema-erakundearen programazioan lan egin du. Aldi berean, Latinoamerikarako ordezkari lanetan aritu da, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian (2006tik 2011ra) eta Berlinalen (2013tik 2019ra). Hautaketa-batzordeko kide izan da Errealizadoreen Hamabostaldian (2010etik 2011ra) eta Cinéma du Réel sailean (2014tik 2018ra). Gaur egun, Marrakexeko zinema-jaialdiko ordezkaria da, eta BIFF-Bogota International Film Festivaleko programatzailea.
Urteak dira Donostia Zinemaldiarekin lotura duela, eta Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketak koordinatu zituen 2005 eta 2007 artean. 2014tik, Europa - Latinoamerika Koprodukzio Foroko aditu ebaluatzailea da. 2019an Ikusmira Berriak programako aditu-batzordeko kide izan da, eta irakasle bezala aritu da Elías Querejeta Zine Eskolan.
Zinemagilea, programatzailea eta irakaslea da. Egun, Espainiako Zinematekaren programazioan koordinatzaile eta Elías Querejeta Zine Eskolako sorkuntza-proiektuetan mentore ari da. Irakasle gisa, kolaboratzaile aritu izan da eta dabil ECAMen (Madrilgo Komunitateko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskola), EICTV San Antonio de Baños-en (Cuba) eta Escuela SUR-en, besteak beste. Duela gutxi, mentore aritu da tesietan eta ikertzaile New Yorkeko Pratt Institute-eko Film&Video Departamentuan (hiri horretan bizi izan zen 2017-2018 artean Fulbright beka bati esker). Madrileko CA2M Centro de Arte 2 de Mayo eta La Casa Encendida zentroetan, komunikazio eta programazio departamentuetako kide izan da. 2009an ekin zion lan artistikoak egiteari Los hijos izeneko zinema esperimentaleko kolektiboan, Javier Fernández Vázquezekin eta Luis López Carrascorekin batera. Bere lanek ibilbide luzea egin dute herrialdeko eta atzerriko jaialdietan eta arte-zentroetan.
Filologia Hispanikoan lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kidea, eta Zinemaldiaren ordezkaria Hego Korean, Carlos III Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle elkartua ere bada. Zinetekako programazioaren koordinatzailea izan da, Madrilgo Matadero kultura-zentroan. Eskolak, ikastaroak eta mintegiak eskaini ditu Madrilgo Zinema Eskolan (ECAM), bai eta Espainiako zenbait unibertsitatetan ere. Hainbat libururen egilea da, eta beste askotan askotariko gaiei buruzko artikuluak idatziz kolaboratu du, adibidez, Asiako eta Ekialdeko Europako zinemari buruzkoak.