"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo Malagan izan zen Goya Sarien galan, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ziren Espainiako hiru filmek zortzi sari jaso dituzte. Alejandro Amenábar zuzendariaren Mientras dure la guerra filmak bost irabazi ditu: zuzendaritza artistikoa, ekoizpen-zuzendaritza, makillajea eta ile-apainketa, jantzi-diseinua eta antzeztaldeko gizonezko aktore onena; azkeneko hau Eduard Fernandezentzat izan da. Donostian zuzendaritza onenaren eta gidoi onenaren sariak hartu zituen Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien La trinchera infinita lanak, berriz, bi estatua lortu ditu: soinua eta emakumezko aktore protagonista; azkeneko hau Belen Cuestari eman diote.
Belén Funesek La hija de un ladrón filmarekin lortu du Zuzendari Berri Onenaren Goya Saria; Funesen opera prima da eta Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen. Film honetan egindako lanagatik, Greta Fernándezek Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen, ex aequo Nina Hoss aktorearekin.
Hirugarren film saritua La odisea de los giles izan da, eta Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean – Proiekzio Berezietan hartu zuen parte. Lan honi Iberoamerikako Film Onenaren Goya Saria eman dio Zinemaren Academiak.
Perlak Sailean aurkeztu genituen bi filmek ere jaso dituzte sariak Goya Sarien gauean: Oliver Laxeren O que arde filmari Cannesen Un Certain Regard Epaimahaiaren Saria eman zioten; bi sari eman zizkioten atzokoan. Ladj Ly zinemagile frantsesaren Les Misérables lanak, Oscarretarako hautagai, Europako Filmik Onenaren Saria eskuratu du, Cannesen Bacarau filmarekin ex aequo Epaimahaiaren Saria eta Europako Zinemaren European Discovery Saria jaso ostean.
Salvador Simók zuzendutako Buñuel en el laberinto de las tortugas animazioko lana, Donostiako Zinemaldian Made in Spain Sailerako hautatua izan zena, berez Malagan estreinatua, Animazioko Film Onenaren Sariaren irabazlea izan da; eta Europako Zinemaren Sarietan ere izan zen saritua kategoria horretan.
Goya Sarien irabazle nagusia Donostiako Zinemaldiaren Made in Spain Sailean parte hartu zuen Dolor y Gloria filma izan da, zazpi Goya Sari jaso baititu. Horien artean aipatzekoak: Julieta Serranok antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria; Antonio Banderasek gizonezko aktore onenarena; jatorrizko gidoi onena eta zuzendari onena Pedro Almodóvarrek; eta, gainera Film Onenaren Saria ere eman diote. Lan hau Cannesko Zinemaldian estreinatu zuten eta hautagai da Oscarretan Nazioarteko Film Onenaren Saria jasotzeko. Protagonistak, Antonio Banderasek, Cannesko Zinemaldiko Gizonezko Aktore Onenaren Saria jaso zuen eta hautagai da Oscarretan sari berdina jasotzeko.