Donostia Zinemaldiak WIP Latam eta WIP Europa sortu ditu, bi work in progress (WIP) berri, postprodukzio-fasean dauden film latinoamerikar eta europarrei zuzenduta.
WIP Latamek Zinema Eraikitzen aitzindaria ordeztuko du, Cinélatino, Rencontres de Toulouse jaialdiarekin 18 urteko ibilbidea egin ondoren. Enpresa kolaboratzaileek (Ad Hoc Studios, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido) postprodukziorako eman ohi dituzten laguntzez gain, WIP Latamek, sei film aurkeztuko diren egitasmoak, 30.000 euroko saria emango du eskudirutan, EGEDA Ikus-entzunezko Produktoreentzako Zerbitzuen Sozietatearen babesarekin.
WIP Europa, aldiz, Glocal in Progress programaren garapena da; hiru film beharrean, gehienez ere sei aurkeztu ahalko dira. Bteam Picturesek WIP Europa Industriaren saria jasoko duen filma banatuko du Espainian. Aurrerantzean, Europan ekoitzitako film guztiei irekita egongo da, baina kontuan hartuko da egilearen lehen edo bigarren lana izatea eta hizkuntza ez hegemonikoren batean errodatuta egotea.
WIP bien deialdia ekainaren 1ean irekiko da, eta hilabete geroago itxi, uztailaren 1ean. Donostia Zinemaldiaren hautapen-batzordeak Latinoamerikako sei film hautatuko ditu, eta gehienez ere Europako beste sei. Banatzaileei, salmenta-agenteei eta ekoizleei aurkeztuko zaizkie nazioartean banatzeari mesede egitearren.
Donostia Zinemaldia hiru arlo handitan egituratuko da: filmak hautatu eta eskaintzen diren jaialdia; proiektuak garatzea eta aribideko filmak (Films-to-Be) sustatzen dituen jaialdia; eta zinemari buruz ikuspegi askotatik (industrialetik, sorkuntzatik, prestakuntzatik) gogoeta egiten den jaialdia (pentsamendua eta eztabaida).
Batetik, Donostiako filmen programazioak 200 film hautatu baino gehiago barnean hartzen ditu, sei lehiazko sailetan (Sail Ofiziala, New Directors, Horizones Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Nest) eta lehiazkoak ez diren zazpitan (Culinary Zinema, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa, Haur Zinema, Atzera begirakoa eta Klasikoak).
Bestetik, Films-to-Be egitasmoko proposamenak: postprodukzio-fasean dauden filmak, zinema-industriako profesionalei bi work in progressetan aurkezten zaizkienak, eta proiektuak, Zinemaldiak sustatutako hiru deialdietara aurkeztu daitezkeenak. Deialdiok, hauek dira: Ikusmira Berriak, proiektuak garatzeko egonaldia, lekua, ingurunea eta denbora –zortzi aste– eskaintzen dizkiena ikus-entzunezkoen bost proposameni; Koprodukzio Foroa, Europako eta Latinoamerikako aribideko zinema-proiektuei zuzendutako egitasmoa, Atlantikoaren alde banatan bazkidea topatzen eta nazioarteko merkatuan hedapen handiagoa izaten laguntzen diena ekoizleei; eta Zinemaldia Startup Challenge, ikus-entzunezkoen sektorean aplikatutako proiektu teknologikoak dituzten enpresa berriei zuzendua.
Gainera, Zinemaldiak Proyecta antolatzen du –Europaren eta Latinoamerikaren arteko koprodukzioa xede duten zinema-proiektuak aurkezteko egitasmoa– Ventana Sur Latinoamerikako zinema-merkatu garrantzitsuenarekin eta Canneseko zinema-jaialdiaren Producers Network-Marché du Film ekimenarekin batera, eta Ibaiak (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) sustatzen duen Lau Haizetara dokumentalen koprodukzio-foroarekin lankidetzan dihardu.
Azkenik, Zinemaldiak ezagutza partekatzeko izaera agerian uzten du Pentsamendua eta eztabaida ekimenaren bidez; zinemari buruz industria, sormen eta prestakuntzaren ikuspegitik hitz egitea sustatzen duen jarduera sorta, eta sortzaileen, ekoizleen eta banatzaileen artean hitzarmen- eta negozio-aukerak sortzeko programak. Esparru horren barnean daude, esaterako, eskola magistralak, Zinemaldia topaketak eta Horizontes gosariak, akreditatuei eta gainerakoei irekita daudenak, baita zinema-industriako profesionalei eta komunikabide espezializatuei berariaz zuzendutako jarduerak ere, adibidez, sektoreko gai garrantzitsuenei buruzko solasaldiak, Zinemaldia & Technology aurkezpenak, zinema-jaialdietako programatzaileen topaketak edo telesailen fenomenoari buruzko eztabaidak.
Zinemari buruz pentsatzeko eta eztabaidatzeko arloan urte osoan egiten dira jarduerak Elias Querejeta Zine Eskolan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Bertan, Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak pentsamendu, ikerketa, praktika esperimental eta prestakuntza-berrikuntzako zentro bat taxutu dute, zinemaren iragana, oraina eta geroa ardatz direla. EQZErekin izandako lankidetzaren fruituetako bat da Zinemaldia 70. Historia posible guztiak ikerketa-proiektua, artxibategi bizia sortzea duena asmo, Zinemaldiaren iraganaz, orainaz eta geroaz hausnarketa eta eztabaida sustatzeko, 1953az geroztik kontserbatutako dokumentuen funtsen bitartez (gutunak, argazkiak, egunkarietan eta aldizkarietan argitaratutako kritikak eta erreseinak).