tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Berriak > Viggo Mortenseni bere ibilbidea aitortuko zaio Donostia sariarekin
Viggo Mortenseni bere ibilbidea aitortuko zaio Donostia sariarekin
Aktore estatubatuarrak Falling aurkeztuko du 68. Zinemaldian, bere lehen lana zuzendari gisa
Astelehena, 2020(e)ko ekainak 22

Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak Donostia saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Izar estatubatuarrak Falling filma aurkeztuko du, zuzendari gisa duen lehen lana.

Donostian izango da film horren Europako estreinaldia. Filmak amaiera eman zion Sundanceko zinema-jaialdiari eta Canneseko zinema-jaialdiak hautatutako filmen artean dago. Lance Henriksen eskarmentuduna eta Mortensen bera dira Falling filmeko protagonistak, eta gidoia Mortensenek berak ondu du. Bi aktoreok aita-semeen rolean ari dira, bakoitzaren munduak ez du zerikusirik bestearenarekin, eta mundu horiek talka egingo dute familia-drama honetan. Mortensenen Perceval Pictures ekoiztetxeak ekoitzi du filma, Ingenious, Hanway Films, Scythia Films eta Zephyr Filmsekin batera. Espainiako estreinaldia urriaren 2an izango da, Caramel Films eta Youplanet Picturesek banatuta.

Azken 35 urteetan, Viggo Mortensenek 50 bat filmetan parte hartu du, hamaika zinemagileren aginduetara (David Cronenberg, Peter Weir, Jane Campion, Peter Jackson, Gus Van Sant, Brian de Palma, Agustín Díaz Yanes, Ana Piterbarg, Lisandro Alonso, David Oelhoffen, Peter Farrelly eta Matt Ross, besteak beste), eta kalitatea izan du bereizgarri film horietan, genero zinematografikoa edozein zela. The Lord of the Rings (Eraztunen jauna) trilogia fantastikoan esku hartu du, Aragorn hilezkorra jokatuz, baina, horrez gain, hirutan ere izendatu dute Oscar sarietarako, film hauetan egindako lanagatik: Eastern Promises (Ekialdeko promesak, David Cronenberg, 2007), Captain Fantastic (Matt Ross, 2016) eta Green Book (Peter Farrelly, 2018).


BIOFILMOGRAFIA

Viggo Mortensen New Yorken jaio zen, 1958an (aita danimarkarra eta ama estatubatuarra). Argentinan bizi izan zen haurtzaroko zati handi batean eta gaztelania ikasi zuen han, baina beste hizkuntza asko ere hitz egiten ditu. Jaioterrira itzulita, arte dramatikoa ikasi eta antzerkigintzan lan egin zuen. Zinemako lehen papera Harrison Ford aktorearekin jokatu zuen, Witness (Lekuko bakarra, Peter Wier, 1985) izenburuko polizia-intrigan, non baserritar amish batena egin zuen.

Hastapenetan genero-zinema landu zuen eta zenbait sekuelatan agertu zen, hala nola Leatherface: Texas Chain Saw Massacre III filmean (Sarraskia Texasen, Jeff Burr, 1989), zeinetan Larruzko-aurpegi gogoangarriaren anaia izan zen, edo Young Guns II westernean (Arma gazteak, Geoff Murphy, 1990). Laster lortu zituen protagonista-paperak; hauek, besteak beste: Prison (Renny Harlin, 1987) filmeko preso misteriotsua, anaia nagusia izan zen kultuzko The Reflecting Skin film artegagarrian (Philip Ridley, 1990) eta Vietnameko beterano bat The Indian Runner (1991) filmean; Sean Penn-ek zuzendutako lehen filmean, alegia.

1990eko hamarkadan, zinemagile hauentzat lan egin zuen, besteak beste: Brian de Palma (Carlito's Way, 1993), Tony Scott (Crimson Tide, 1995), Jane Campion (The Portrait of a Lady, 1996) eta Ridley Scott (G.I. Jane, 1997). Espainiako produkzioetan lehen agerraldiak izan eta gutxira –hala nola Gimlet (José Luis Acosta, Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1995) eta La pistola de mi hermano (Ray Loriga, 1996) filmetan–, Alfred Hitchcock handiaren bi remake-tan parte hartu zuen, Andrew Davis (A Perfect Murder, 1998) eta Gus Van Sant (Psycho, 1998) zuzendarien aginduetara.

Milurtekoa aldatzearekin batera bereganatu zuen Mortensenek ospe handien, Eraztunen jauna trilogia fantastikoaren egokitzapenari esker, zeina Peter Jacksonek zuzendu zuen J.R.R. Tolkien idazlearen literatura-lanean oinarriturik. Ikusleen aldetik arrakasta handia izan zuen trilogia horretan Aragorn pertsonaia jokatu zuen Mortensenek: The Lord of the Rings: The Fellowship of the Ring (Eraztunen Jauna: Eraztunaren Elkartea, 2001), The Lord of the Rings: The Two Towers (Eraztunen Jauna: Bi dorreak, 2002) eta The Lord of the Rings: The Return of the King (Eraztunen Jauna: Erregearen itzulera, 2003). Gerora ere ez zuen ezpata baztertu, oraingoan Espainiako Urrezko Mendeko kapitain ausart baten papera jokatuz Alatriste (2006) filmean, hau da, Agustín Díaz Yanes-ek zuzendutako superprodukzioan.

Iragan ilunak bat-batean jazarritako gizonezko arrunt bat ere izan zen A History of Violence filmean (Indarkeria istorio bat, 2005), David Cronenbergekin lan egin duen hiru aldietako lehenean; izan ere, berriz ere jarri zen haren esanetara mafia errusiarraren langile gisa Eastern Promises filmean (Ekialdeko promesak, 2007), zeinak Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala inauguratu zuen eta Oscar sarirako lehen izendapena ekarri zion. Azkenik, Sigmund Freud-en beraren papera ere jokatu zuen A Dangerous Method filmean (Metodo arriskutsu bat, 2011).

Azken hamarkadan beste literatura-egokitzapen batzuetan parte hartu du, hala nola The Road (Errepidea, John Hillcoat, 2008) eta On The Road (Errepidean, Walter Salles, 2011) filmetan, Cormac McCarthy eta Jack Kerouac idazleen liburuetan oinarrituak, hurrenez hurren. Bere talentua erakutsi du aktore eta ekoizle gisa Argentinako zenbait filmetan; esate baterako, Todos tenemos un plan (Ana Piterbarg, 2012) eta Jauja (Lisandro Alonso, Horizontes Latinos, 2014), eta Donostiara itzuli zen azken horrekin. Hollywoodeko Akademiaren sarietarako azken bi izendapenak bi film hauei esker erdietsi zituen: batetik, Captain Fantastic (Matt Ross, 2016), non naturan sei seme-alaba hezi zituen aita alargun batena egin zuen, eta, bestetik, film onenaren Oscar saria irabazi zuen Green Book (Peter Farrelly, 2018), non Don Shirley piano-jole afroamerikarraren gidaria zen.

Filmen interpretazioa, idazketa, ekoizpena eta zuzendaritza ez ezik, Mortensenek bestelako arteak ere jorratzen ditu, hala nola pintura, musika, argazkigintza eta literatura. Perceval Press argitaletxe independentearen sortzailea ere bada, zeina artean, idazkera kritikoan eta poesian espezializatuta dagoen.

 

© Brendan Adam-Zwelling
Falling
Viggo Mortensen  (Kanada - Erresuma Batua)
Antzezleak: Lance Henriksen, Viggo Mortensen, Terry Chen, Sverrir Gudnason, Hannah Gross, Laura Linney

John Petersen Eric mutil-lagunarekin eta Monica bien alabatzakoarekin bizi da Kalifornian. Willis haren aitak, nekazari tradizional eta kontserbadorea, Los Angelesera bidaiatzea erabaki du, eta Johnen etxean geratuko da erretirorako tokirik egokiena aurkitu arte. Etxean dagoen bitartean, aita-semeen munduek talka egingo dute bortizki, eta zauri zaharretan zirikatzea eta beste batzuk irekitzea ekarriko du, elkar onartu eta barkatzeko bidaian.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea