Federico Adornoren Boreal (Paraguai eta Mexiko), Iván Funden Piedra Noche (Argentina eta Txile), Juan Sebastián Mesaren La Roya (Kolonbia eta Frantzia), Manuel Nietoren El empleado y el patrón (Uruguai, Argentina, Brasil eta Frantzia), Jeronimo Quevedoren Los restos fósiles (Argentina) eta Maximiliano Schonfelden Jesús López (Argentina eta Frantzia) film latinoamerikarrak –postprodukzio-fasean daudenak– aurkeztuko zaizkio, WIP Latam programan, profesionalez osatutako talde bati. Sei work in progress horiek WIP Latam-en Industriaren Saria eta WIP Latam Onenaren Egeda Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango dira. Aurten Zinema Eraikitzen aitzindaria ordezkatuko duen programan guztira aurkeztutako 229 ekoizpenen artean aukeratu dituzte film horiek.
WIP Latama irailaren 22tik 24ra egingo da eta online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuko ditu. Donostiara etor daitezkeen profesionalek beti bezala aukera izango dute aretoetako emanaldiak ikusteko; Industreko online akreditazioa dutenek, aldiz urrutitik gozatu ahal izango dute zerbitzu horietan.
Boreal Federico Adornoren opera prima da; egileak jada bi film labur zuzendu ditu, Isla Alta eta La estancia, eta Rotterdameko eta Oberhausengo zinemaldietan (hurrenez hurren) arrakastaz aurkeztu ziren bere bi lan horiek. Chaco eskualde babesgabean isolatuta diharduten langile batzuen arteko harreman korapilatsua kontatzen digu filmak, ugazaba menoniarra noiz itzuliko zain daudela.
Iván Funden lehen lana Los labios (2010) izan zen, Santiago Lozarekin batera zuzendua, eta Cannesko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen egilearen opera primak; Piedra Nochen, Funden zortzigarren filmean, drama fantastiko bat kontatzen digu zinemagileak, non familia-tragedia batetik abiatuta, 80ko hamarkadako iruditeria zinematografikora itzularazten gaituen. Bere azken filmak, Vendrá lluvias suaves (2018), Mar del Plata zinema jaialdiko Epaimahairen Sari Berezia lortu zuen.
Juan Sebastián Mesa La Royarekin itzuliko da Donostiara; proiektu hori jada aurkeztu zuen, 2017an, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan. Zuzendariak hirira migratu duten lagunekin elkartzen den nekazari gazte baten istorioa kontatzen digu filmean, non belaunaldi-ikuspegi bat hartzen duen, Los Nadien –bere aurreko filmean– egin zuen bezalaxe; Veneziako Kritikaren Asteko Publikoaren Saria irabazi zuen Los Nadie filmak.
Nahuel Pérez Biscayart da aktore nagusia El empleado y el patrónen, Manuel Nietoren hirugarren film luzean. Familiaren nekazaritza-ustiategiaren ardura berriz hartzen duen nagusi baten eta haren enplegatu gaztearen arteko harreman korapilatsuari heltzen dio filmak, eraldaketa-prozesu betean dagoen landa-esparru batean. La Perrera (2006), egilearen debuta zinema-zuzendaritzan, Zinema Eraikitzen sailean aurkeztu zen 2005ean, eta Rotterdameko Zinemaldian lehiatu zen (Tiger saria irabazi zuen bertan), baita Horizontes Latinos sailean ere.
Los restos fósilesek, Jerónimo Quevedoren opera primak, nerabe talde batek aktibismo politikora egiten duen jauzia kontatzen digu, egungo Argentinan eskolak geldialdi- eta okupazio-prozesuan daudela. Zuzendariaren bi film laburrak Nest Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketan aurkeztu ziren; egilearen ekoizpen-lanei dagokienez, berriz, nabarmentzekoak dira El auge del humano (2016), Koprodukzio Foroan parte hartu eta Locarnoko Zinemaldiak oraingo zinemagileei emandako Urrezko Lehoinabarra lortu zuena, eta Adiós entusiasmo (2017), Berlingo Zinemaldiko Forum sailean estreinatua.
Jesús López Maximiliano Schonfelden fikziozko hirugarren film luzea da, doluaren eta nerabeen identitatearen inguruko istorio aztoragarria. 2018an Proyectan aurkeztu zen filma. Germania (2012), zuzendariaren opera prima, BAFICIn saritua izan zen, eta bigarren film luzea, La helada negra (2015), Berlingo Zinemaldiko Panorama sailean estreinatu zen.
Zinema Eraikitzen sailean aurkeztutako film askok arrakasta handia izan dute nazioartean. Hona hemen duela gutxiko zenbait adibide: 2020an, Fernanda Valadezen Sin señas particularesek Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia eta World Cinema Dramatic Competition Saileko Publikoaren Saria irabazi zituen Sundance Zinemaldian; Sebastián Muñozen El Príncipe Veneziako Zinemaldiko Kritikaren Astean saritua izan zen 2019an; eta Lucía Garibaldiren Los Tiburonesek World Cinema Dramatic Competition Saileko Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen Sundance Zinemaldian 2019ko edizioan.
Benjamín modu nahasian jokatzen hasiko da, lanera egokitu ezinean. Irrikaz dago ugazaba menoniarra noiz itzuliko, baina itxaronaldia luzea da. 30 egunen ondoren, ugazaba menoniarra agertu eta Césarri esango dio luzaroago geratu beharko dutela bertan, alanbre-hesiekin jarraitzeko. Benjamín ez dago ados. Eztabaidak izan ondoren, ugazaba menoniarrak berarekin joaten utziko dio Benjamíni, baina César eta Genarori hiru egun gehiago lanean jarraitzeko eskatuko die. César eta Genarok egunak azkar igarotzea baino ez dute espero, baina Genaroren iragana azaleratu egingo da berriz. Ugazabaren zain egoteaz nekatuta, norabide zehatzik gabe abiatuko dira bi gizonak.
Nagusia familia burges bateko gaztea da, bizimodu modernoa du eta ez dator bat landa-ekoizlearen estereotipo tradizionalarekin. Baina kezka handi bat du: bere haurtxoaren osasuna. Langilea nagusia baino are gazteagoa da eta lana behar du lehenbailehen, bere familia berria sostengatu behar baitu. Tragedia gertatuko da: langilearen haurtxoa traktore-istripu batean hilko da. Bi gazteren arteko harremanari eta zorionarekin, askatasunarekin eta lanarekin duten harreman bihurgunetsuari buruzko filma.
Jesús López, lasterketetako pilotu gazte bat, istripuz hil eta herria hunkituta utziko du. Abel bere lehengusua da, norabiderik gabeko nerabea, eta pixkanaka Jesúsen lekua hartzeko tentazioa sentituko du. Jesúsen gurasoekin bizitzera joango da, haren arropa jantziko du, eta haren lagun eta neska-lagun ohiarekin irteten hasiko da. Hasieran, jendeak onartu egingo du jarrera hori, eta Abelek gogoko du rol hori. Baina bere lehengusuaren antza kezkagarri bihurtuko da, Jesús López bihurtzeraino. Herrian Jesúsen omenezko lasterketa antolatuko da. Bere lehengusuaren izpirituak bultzatuta, Abel hildakoaren autoa gidatzen hasiko da. Lasterketa horren emaitzak erabakiko du eraldaketa behin betikoa izango den ala ez.
Jorge kafe-plantazio batean bizi da, oihaneko haran baten erdian. Landan geratzea erabaki duen bakarra da bere belaunaldikoen artean. Badira hilabete batzuk inork kafea bildu nahi ez duela, eta Jorgeren uzta izurrite handi batek jota dago. Herriko jaiak iristear daude, eta horregatik, berriz topatuko ditu Jorgek bere lehen maitea eta haurtzaroko adiskideak, hiritik bueltan daudenak. Asteburu osoa jaiak ospatzen eman ondoren, eta iraganeko mamuei aurre egin ondoren, Jorge konturatuko da suak baino ezin duela bihurtu errauts izurritea, kafe-plantazioetan ez ezik, herriko kaleetan eta bisitarien buruetan ere bizi den izurritea, hain zuzen.
Buenos Aireseko Gobernuak bultzatutako hur-hurreko hezkuntza-erreforma dela eta, militante gazteen talde bat eztabaida bizian ari da: Buenos Airesko ikastetxeak masiboki hartzeko ekintza antolatzea edo, bestela, ikaskide bat genero-indarkeriagatik publikoki salatzea. Portugalgo lehen ministroak bere buruaz beste egingo du. Brasilen, presidentea intoxikatu egingo da. Mar del Platan, intendentea hiltzen saiatuko dira, eta horrek bide emango dio maitasun-harreman bati tartean daudenen artean. Egun hartan bertan filmak garatzeko funts kultural bat irekiko da. Buenos Airesen, berriz ere, beste militante talde bat eztabaidan ari da: okupazioa mantendu ala militantzia-kidea salaketetatik defendatu?
Sina kostaldera joango da bere lagun Gretari udako etxea saltzen laguntzeko. Duela urtebete baino gutxiago, Gretak bere seme bakarra galdu zuen itsaso horretan eta Sinaren laguntza behar du. Dena biltzen eta giltza entregatzeko prestatzen ari diren bitartean, Brunok, Gretaren senarrak, bertako jendearen arteko zurrumurruak –izaki bitxi bat agertu dela– baieztatzen dituen zerbait ikusi duela esango die. Piedra noche debozioari buruzko filma da, lekukoaren irudiaren bidez, hauteman eta kontatzen gaituen horren bidez. Besteen sinesmen-sistemekin bizitzeari buruz, minari aurre egiteko itun horren samurtasunari buruz.
WIP Latam Industria Saria. Ad Hoc, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films (A Contracorriente Films taldekoa) enpresek postprodukziorako laguntzak emango dituzte, ingelesez azpititulatutako DCPa eta Espainian banatzea barne.
WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria. Guztira 30.000 euro gordin emango dizkiote film irabazlearen ekoizle nagusiari, EGEDA Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundearen babesarekin.
Industria Saila ondorengoen babesarekin: