Radio Televisión Españolak (RTVE) –Donostia Zinemaldiaren babesle ofizialak– Cesc Gayren Sentimental eta Nacho Álvarezen Explota explota film luzeak aurkeztuko ditu Zinemaldiaren 68. edizioan, baita Isabel Allenderen izen bereko eleberrian oinarritutako Inés del alma mía telesaila ere.
TVEk parte hartutako hiru lan horietako lehena munduko-estreinaldi gisa emango da Victoria Eugenia Antzokian egingo den RTVE Galan. Cesc Gay (Bartzelona, 1967) Zinemaldira itzuliko da Hotel Room (New Directors, 1998), En la ciudad (Sail Ofiziala, 2003) eta Truman (Sail Ofiziala, Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra,ex aequo, Ricardo Darín eta Javier Cámara aktoreei 2015ean) film luzeekin parte hartu ondoren. Javier Cámara, Belén Cuesta, Griselda Siciliani eta Alberto San Juan protagonista dituen Sentimental komedia Gayren Los vecinos de arriba antzezlanaren egokitzapena da; antzezlan horretan, bizilagunak diren bi bikoteren topaketak tsunami emozional bat eragiten du.
Bestalde, Nacho Álvarez (Montevideo, 1986) uruguaitarrak Explota explota film luzearekin egingo du debuta, zeinak Raffaella Carrà italiarraren hit handiak biltzen baititu bere soinu bandan. Munduko-estreinaldi gisa emango den film horretan, Ingrid García-Jonsson aktoreak 70eko hamarkadaren hasierako Espainia grisean bere ametsak benetako bihurtu nahi dituen dantzari eta abeslari gazte bat antzezten du. Verónica Echegui, Fernando Guallar, Fernando Tejero, Pedro Casablanc, Carlos Hipólito eta Natalia Millán aktoreek ere parte hartu dute lan horretan.
Azkenik, RTVEk Inés del alma mía telesailaren lehen kapituluak aurkeztuko ditu Donostian. Alejandro Bazzano (Habana, 1963) kubatarrak eta Nicolás Acuña (Santiago, 1972) txiletarrak zuzendutako drama historikoa da, XVI. mendean girotua eta Isabel Allenderen izen bereko eleberrian oinarritua. Elena Riverak Inés Suárez Extremadurako gaztearen rola egin du, zeinak garai kolonialean Atlantikoa zeharkatuko baitu senarraren (Benjamín Vicuña) bila joateko eta Pedro de Valdivia konkistatzaile espainiarrarekin (Eduardo Noriega) maitasun-harreman sutsua biziko baitu.
RTVE-K PARTE HARTUTAKO ZINEMAREN PRESENTZIA HANDIA
Aspalditik bezala, RTVEk parte hartutako zinemak presentzia handia izango du aurten ere Zinemaldian. Sail Ofizialean, Pablo Agüeroren Akelarre –Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dena– eta Woody Allenen Rifkin's Festival –Allenen komedia erromantiko berria, Zinemaldiaren inaugurazioan lehiaketaz kanpo emango dena– dira nabarmentzekoak. Horrez gain, New Directors Sailak, egileen lehen eta bigarren filmak hartzen dituenak, Ane –David Pérez Sañudoren debuta film luzean– erakutsiko du.
RTVEk nola zuzendari ospetsuen hala talentu gazteen eta egile-zinemaren 50 film luze, dokumental, TV movie eta animaziozko filmetan baino gehiagotan parte hartzen du urtero.
Gainera, telebistan ikusten den zinema espainiarren % 90 emititzen du RTVEk, eta RTVEren albistegi, magazin eta saio espezializatuetan zinemari buruz hitz egin ohi da, besteak beste, hauetan: Historia de nuestro cine, Versión española, Días de cine, Cine de barrio, ¡Atención obras!, Mañanas de cine, De película, Va de cine, El séptimo vicio eta El ojo crítico.
RTVEk Espainiako zinemaldi garrantzitsuak babesten ditu, adibidez, Donostiako Zinemaldiaren babesle ofiziala da, Seminci babesten du, Goya, Forqué eta Platino sariak telebistaz ematen ditu eta zinematografiaren RNE Sant Jordi sariak entregatzen ditu.
Gainera, RTVE Digitalek Somos cine ataria kaleratu zuen apirilean; Somos cine atariak zinema espainiar berriaren obra onenak biltzen ditu, baita estreinaldiei, filmei eta filmaketei buruzko informazioa ere.
María dantzari gazte eta dibertigarria da, askatasun-irrikaz dagoena 70eko hamarkadaren hasieran; Espainian, garai hura zurruntasunak eta zentsurak markatu zuten, batez ere telebistan. Maríarekin, ametsik zailena ere egiazko bihurtu daitekeela jakingo dugu, eta hori guztia Raffaella Carràren hit handien bidez kontatua.
Inés Suárez, Extremadurako neska gazte eta ausart bat, Mundu Berrirantz abiatuko da bere senarraren bila. Indietan ezagutuko du gehien maiteko duen gizona, Pedro de Valdivia konkistatzaile espainiar ezaguna. Elkarrekin maitasun-istorio ahaztezin bat izango dute, nazio baten sorreraren eragile nagusi bihurtuko dituen abentura batean murgiltzen diren bitartean. Pedro de Valdivia maitearekin bizitako balentriek Txile urrun eta ezezaguneraino eramango dute. Han aurre egin beharko diote ez soilik maputxe tribu ausartari bataila desorekatuetan, konkistatzaileen gutiziari eta urre- eta aberastasun-irrika aseezinari ere bai. Bizi-ibilbide horrek denboran eta espazioan zehar eramango gaitu: XVI. mendeko Plasencia soila, Pizarroren garaiko Peru koloretsua (erregeodetzaren eraginpean zena), Panamako oihan basatiak eta Atacamako basamortuaren (Txile) edertasun samingarria. Isabel Allenderen izen bereko eleberrian oinarritutako telesaila, zortzi kapitulukoa.
Juliok eta Anak hamabost urtetik gora daramate elkarrekin. Jada ez dute elkar ikusten edo ukitzen, eta eguneroko borrokak dira orain euren harremanaren funtsa. Gau batean, Anak etxera gonbidatuko du goiko pisuko bikotea, Salva eta Laura, beraiek baino gazteagoak, atsegin eta sinpatikoak; bikote gaztearen hotsa traba bihurtuko dira Julio eta Anarentzat... edo pizgarri? Goiko bizilagunek ezohiko proposamen bat egingo diete, harrigarria, eta hala, laurentzat gehiegizkoa izango den esperientzia bihurtuko da gau hori, esperientzia katartiko.