Donostia Zinemaldiaren 68. edizioak We Are Who We Are telesailaren mundu-estreinaldia eskainiko du. Luca Guadagninok HBO-SKYrako zuzendu duen lana, zortzi kapitulukoa, osorik ikusi ahalko da bere zinema-formatuan (7 ordu eta 50 minutu), Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan.
Lehenbiziko aldiz, Oscar sarirako proposatutako Luca Guadagnino zuzendariak bere zinema-estilo paregabea telebistara eraman du We Are Who We Are lanarekin. Telesailak adiskidetasuna, lehen maitasun-istorioa eta nortasuna aztertzen ditu Italiako base militar estatubatuar batean bizi diren bi neraberen bitartez. Paolo Giordanok, Francesca Manierik eta Guadagninok berak idatzia, nerabe izatearen euforian eta larritasunean murgiltzen ditu telesailak ikus-entzuleak. "Historia munduko edozein lekutan gerta liteke, baina Italiako zati amerikar txiki batean gertatzen da", arduradunen hitzetan.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, We Are Who We Are filmaren mundu-estreinaldia izatea "luxua" da Zinemaldiaren programaziorako. "Plataformetarako telesail bat egin duen lehen aldi honetan, Guadagninok unibertso berezi bat sortzea lortu du, non pertsonaia gogoangarriak elkarrekin bizi diren, beren burua aurkitu nahian, berezko nortasuna sortu eta euren lekua aurkitu nahian, lekuz kanpo sentitzen diren mundu batean. Pertsonen –eta, bereziki, gazteen– askatasun eta indibidualtasunen gorespen ederra da. Gainera, ezin hobeki kontatuta, filmatuta eta antzeztuta dago", esan du.
Luca Guadagninok (Palermo, 1971) idazle, zuzendari eta ekoizle gisa egindako lanen artean, hauek dira nabarmentzekoak: Io sono amore / I Am Love (2009); Bigger Splash (2015); Call Me By Your Name (2017), Donostia Zinemaldiko Perlak sailean hautatua eta film onenaren Oscar sarirako eta Hollywoodeko Akademiaren beste hiru saritarako izendatua (James Avoryk gidoi egokitu onenaren saria eskuratu zuen film horrengatik); eta Suspiria (2018). Veneziako Zinemaldiaren hurrengo edizioan Fiori, fiori, fiori! film laburra –konfinamenduak filmatua– estreinatuko du, baita Salvatore-Shoemaker of Dreams dokumentala, Salvatore Ferragamo diseinatzaile eta zapatariari buruzkoa.
Chloë Sevigny, Jack Dylan Grazer, Alice Braga, Jordan Kristine Seamon, Spence Moore II, Kid Cudi, Faith Alabi, Francesca Scorsese, Ben Taylor, Corey Knight, Tom Mercier eta Sebastiano Pigazzi aktoreek ere parte hartu dute We Are Who We Are telesailean.
Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldirako hautatutako bi proiektuetako bat izan zen We Are Who We Are (Covid-19a dela-eta bertan behera geratu zen jaialdi horren 52. edizioa). Talesaileko lehen bi kapituluak irailean emango ditu HBOk –irailaren 15ean izango da estreinaldia HBO Españan- eta Donostian osorik emango da mundu-estreinaldi gisa.
HBO-Skyren koprodukzioa. Showrunner, ekoizle exekutiboa, gidoilaria eta zuzendaria: Luca Guadagnino. Lorenzo Mieli eta Mario Giananiren ekoizpen exekutiboa The Apartment-erako eta Wildside-rako, hurrenez hurren (biak Fremantle-ren konpainiak), Small Forward-ekin batera eta Guadagnino, Elena Recchia, Nick Hall, Sean Conway eta Francesco Melzi d’Eril-ekin. Paolo Giordanok eta Francesca Manierik idatzi dute gidoia Guadagninorekin batera. Nazioarteko banatzailea: Fremantle.
Fraser, hamalau urteko mutil bat, Venetoko base militar amerikar batera bizitzera joan berri da. Han Caitlin ezagutuko du, bere adineko neska bat. Biak ala biak nahasita daude sexu- eta genero-nortasunei dagokienez. Pixkanaka, lagun bihurtu eta elkarri lagunduko diote. Azkenean, harreman bat dutelako itxurak egingo dituzte, kideen eta kanpoko munduaren presioa saihesteko. Caitlinek bere alderdi femeninoa baztertzen du, ez baitu ezer jakin nahi horri buruz, eta Fraserrek, bestalde, erakarpena sentituko du bere ama Sarahrekin lan egiten duen mutil zaharrago batengandik. Bi protagonisten lehen maitasun-esperientziek eragin ikaragarria izango dute euren bizitzetan.