"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren 68. edizioak Dime quién soy telesailaren mundu-estreinaldia hartuko du; Irene Escolar da Julia Navarroren izen bereko eleberrian oinarritutako eta Eduard Cortések zuzendutako telesailaren protagonista. Aurkezpena irailaren 21ean egingo da Victoria Eugenia Antzokian, Movistar+ Galan.
Dime quién soy, Movistar+en nazioarteko lehen ekoizpena bidaia bat da XX. mendeko gertakari historiko garrantzitsuenetan zehar, eta Amelia Garayoaren bizitzaren bidez kontatzen zaigu, zeinak konbentzio sozialak haustea eta abenturaz beteriko bizitza bati ekitea erabaki zuen. Telesaila Madrilen, Alacanten eta Budapesten grabatu dute, eta 50 minutuko bederatzi kapitulu ditu. Donostian lehenengo hiru kapituluak emango dira.
Movistar+ek eta Telemundo International Studios ekoiztetxeak ekoitzia DLO Producciones taldearekin elkarlanean, Oriol Pla, Pablo Derqui, Pierre Kiwitt, Will Keen, Maria Pia Calzone eta Stefan Weinert aktoreek antzeztu dute, Irene Escolarrez gain.
Javierrek Amelia Garayoaren biografia nahasia ezagutuko du bere argitaletxe txikian liburu bat jaso ondoren. Idealek mugituta, bizitza osoa atzean utzi eta askatasunaren alde borrokatzeko gai izan zen Amelia. Bizitza markatu zioten lau gizonekin –Santiago (bere senarra), Pierre, Albert eta Max– topatu ondoren, XX. mendeko historiako gertaerarik garrantzitsuenetan nahasiko da emakumea: altxamendu frankista, Berlin hiriaren askapena, Stalinen garaiko komunisten gorakada Moskun, Varsoviako ghettoen basakeria, il Duceren azken urteetako Erroma, eta Alemania naziaren gainbehera naziek harturiko Atenasen.