tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Berriak > Zinemaldiko hamahiru film arituko dira lehian Euskal Zinemaren Irizar Sarirako
Zinemaldiko hamahiru film arituko dira lehian Euskal Zinemaren Irizar Sarirako
Guztira hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu bat dira euskal ekoizpena osatzen duten lanak, eta hainbat sailetan banatuta egongo dira
Osteguna, 2020(e)ko abuztuak 27

Hogeita bat lanek –14 film luzek, hiru film laburrek, bi telesailek, film ertain batek eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu batek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan hautatutako euskal ekoizpena, eta Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan banatuta egongo dira lan horiek.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen biltzen ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste lau filmekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko (ekoizleak jasoko du zenbateko hori).

Euskal Zinemaren Galan bere debuta –Un otoño sin Berlín (2015)– estreinatu ondoren, Lara Izagirre Garizurietak (Amorebieta-Etxano, Bizkaia. 1985) Zinemira inauguratuko du Nora filmarekin, 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen proiektuarekin. Besteak beste, Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filman; Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du.

David González Rudiezek (Bilbo, 1980) Zinemiran parte hartu zuen La noche los lleva (2018) filmarekin duela bi urte, eta aurten ere sail horretan izango dugu bere laugarren film luzea –Talento / Talent (Talentu)– aurkezteko; azkenik film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko digu bertan. Eugène Green (New York, 1947) zinemagile frantziarra da, zuzendu dituen film luzeek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian, Locarnoko eta Berlineko zinema-jaialdietan parte hartu dute, eta euskal mitoen berrikuspena proposatzen digu oraingoan Atarrabi et Mikelats filmean.

Amaia Merino (Donostia, 1970) –Asier ETA biok (2013, Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat– eta Miguel Ángel Llamas (Noain, Nafarroa. 1980) zinemagileek elkarrekin zuzendu dute Non dago Mikel? / Where is Mikel? filma; bertan, Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen digute: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta 20 egun geroago hilik aurkitu zuten, baina inor ez dute epaitu edo zigortu harrez geroztik hona. Josu Martínezek (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategik (Donostia, 1986) jada aurkeztu izan dituzte euren lanak Zinemaldian, hala nola Sagarren denbora (2010), Gure sor lekuaren bila (2015) eta Jainkoak ez dit barkatzen (2018), eta oraingo honetan elkarlanean egindako Caminho longe ekarriko digute, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baitio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta.

Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano, Hijos de Dios / God’s Children (Jainkoaren semeak) filmaren –Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) lan berriaren– protagonistak dira. Irigoien  La Cañada de Andrea (2014) film dokumentalaren eta Kresala –Zinemaldian Belodromoan estreinatutako Kalebegiak (2016) film kolektiboaren parte– film laburraren egilea da. Bestalde, N´Diawaldi Bouly (2011) eta Born in Gambia (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak (Iruñea, 1977) Enrique Villareal 'El Drogas' musikariaren –Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten– erretratu poliedrikoa sortu du.

Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da Telmo Esnal (Zarautz, 1967) Aupa Etxebeste! (2005), Urte berri on, amona! (2011) eta Dantza (2018) aurkeztu baititu, eta Pablo Azkueren kontakizun bat berreskuratu eta Urtzen bihurtu du, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako zinema-saiakera bat, existentziari buruzkoa. Dokumentalen zuzendaritzan esperientzia handia izanik, Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molések (Castelló, 1974) Lobster Soupekin itxiko dute Zinemira saila; 2018an jada Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izan zen proiektu horrek Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.

El estado contra Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar eta Jo ta ke / Non Stop Zinemiran ere egongo dira Zinemiran, lehiaketatik at, ez baitira film luzeak. Lehenbizikoa Olmo Figueredok (Sevilla, 1980) sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da (bi egongo dira ikusgai Donostian); ekoizle eta zuzendariak Estatu Batuetan 25 urtetik gora (horietako 16 heriotza-korridorean) preso daraman gizonaren odisea judiziala kontatu du.

Bigarrena, 2019ko Ikusmira Berriak programako egonaldian sortzen hasi zen Jo ta ke / Non Stop film ertaina da; Aitziber Olaskoagak (Getxo, Bizkaia. 1980) Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelara bidaia bat egitea proposatzen digu, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.

BESTE SAIL BATZUK

Aitzitik, aurretik Zinemaldiaren beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar Saria irabazteko lehian: Pablo Agüeroren Akelarre –Sail Ofizialean sartua–; David Pérez Sañudoren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak / Death Knell (biak New Directorsen parte) eta Asier Altunaren ARZAK Since 1897 –Culinary Zinema irekiko duena–.

Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Zehazki, euskal ekoizpeneko bi film laburrek Zabaltegi-Tabakaleran hartuko dute parte: Laida Lertxundiren Autoficción / Autofiction (Autofikzioa) eta Marina Palacioren Ya no duermo. Espainiako zinemaren urteko egoeraren erakusgarri den Made in Spain sailean Paula Cons Varelaren (Coruña, Espainia. 1976) La isla de las mentiras / The Island of Lies lanak –egilearen fikziozko lehen film luzeak– parte hartuko du; film horrek Titanic Galiziar izenez ezan bihurturiko itsasontziak 1921ean izandako urperaketaren benetako historia ekartzen digu gogora. Consek La batalla desconocida (2017) eta El caso Diana Quer, 500 días (2018) dokumentalak sortu zituen.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia Antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko da bertan, Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Mayak (Errenteria, 1977) zuzendua, non dokumentala eta dantza hibridatzen baitira, bizi dugun pandemia-garaian hobeki sentiarazteko kontakizun bat eraikitze aldera. Zinemira Saria ere banatuko da Galan, Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek euskal zineman nabarmena izan den pertsona bati ibilbidea aitortzeko ematen dioten ohorezko saria. Honako hauek jaso dute orain arte sari hori: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018) eta José María ‘Txepe’ Lara (2019). Aurki iragarriko da 2020ko saria nork jasoko duen.

Azkenik, irailaren 23an EiTBk Alardea / Boast estreinatuko da EiTB Galan; David Pérez Sañudok zuzendutako lau ataleko telesaila Irun eta Hondarribiko desfile tradizionaletan emakumeek izan duten parte-hartzeari buruzkoa da. Zinemaldian bi kapitulu emango dira.

Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) 918 gau / 918 Nights proiektuarekin parte hartuko du WIP Europan, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortutako Donostia Zinemaldiaren work in progress berrian. Ekoizpen-fasean dagoen film hau Ikusmira Berriak egonaldi-programan eratu zen.

 

ZINEMIRA

Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.

Nora
Lara Izagirre  (Espainia - Frantzia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Ane Pikaza, Héctor Alterio, Loli Astoreka, Naiara Carmona, Ramón Barea, Klara Badiola, Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri, Joseba Usabiaga, Aia Kruse, Peio Berterretche, Catherine Domain, June Isasi, Paul Correa, Hegoa Negueloua, Aizpea Goenaga, Tessa Andonegi, Nagore González, Ainhoa Artetxe, Joanes Passicot, Jean Marc Toto, Amaia Aberasturi, Itziar Ituño
Inaugurazioa
Forum Europa-Latinoamerika VII. Koprodukzio Foroa

Norak 30 urte ditu, aitona argentinar Nicolasekin bizi da eta bere lagun Meriren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkarian horoskopoa idazten du, baina bidaia-idazle izateko ametsa du. Aitona hil eta Dyane 6 zahar bat utziko dio hark oinordetzan. Oso gaizki gidatzen du, baina helmugarik gabeko road trip bat egitera abiatuko da Nora Euskal Herriko kostaldetik, aitonaren errautsak amonaren ondora eramateko. Ibilbideak berehala erakutsiko dio ez dela bidaiari petoa, eta zeukan ametsak berez ez duela zerikusirik berarekin, baizik eta aitzakia hutsa zela libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta, lehen aldiz, bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko.


Lobster Soup
Pepe Andreu , Rafael Molés  (Espainia - Islandia - Lituania)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Klausurako filma

Goizero, Bryggjaneko otarrain-zoparako osagai ugariak prestatzen ditu Krillik. Islandiako herririk hutsaleneko kafetegi txiki-txikia da Bryggjan. Emazteak, sukaldean laguntzen badio ere, Reykjavikera itzuli nahi du samintasunez oroitzen delako hiriarekin. Alli, Krilliren anaia, arrantzale zaharrekin, Islandiako azken boxeolariarekin eta On Kixote gazteleratik islandierara itzuli zuen pertsonarekin eseri ohi da lokalean. Egunero topatzen dute irtenbide berri bat munduko arazo guztietarako. Hilean behin jendea Bryggjanen elkartzen da Grindavíkeko hildakoak oroitarazteko eta haien izenak esateko. Lau musikari erok jazza jotzen dute. Galdutako turista batzuk arrantza-portura iritsi eta kafetegiko giroak harrapatuko ditu. Benetako jendea, pentsatuko dute. Benetako leku bat. Mendiaren beste aldean Blue Lagoon dago, uhartearen erakarpen handia. Planeta osoko jendeak liluratuta ikusten ditu sumendiak, izotza eta Lurraren sorrera. Baina orain, mendiak, turistek eta laba-zelaiak gero eta gehiago bultzatzen dute herria itsasora.


Atarrabi et Mikelats
Eugène Green  (Frantzia - Belgika)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Saia Hiriart, Lukas Hiriart

Mari jainkosak Deabruaren esku utziko ditu bi semeak, biak aita hilkorrekoak, hark hez ditzan. Adin-nagusitasunera iristen direnean, batek, Mikelatsek, maisuarekin geratzea erabakiko du; besteak, Atarrabik, ihes egingo du. Baina Deabruak Atarrabiren itzala atxikitzea lortuko du.


Caminho longe
Josu Martinez, Txaber Larreategi  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta, Frantzia eta Espainiak deportatu egin baitzuten 1986an. Kristiane Etxaluze adiskide nekaezinarekin egingo du bidaia.


El Drogas
Natxo Leuza  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Enrique Villarreal, Mamen Irujo

Ibai bat izango balitz bezala, Enrique Villarealen dimentsio eta isurialde edo alderdi guztiak aztertzen dituen dokumental biografikoa. Giza erretratu horretan, memoria indibidualak eta kolektiboak bat egiten dute, eta gaztelaniazko Rock & Rollaren munduko musikari garrantzitsuenetako baten ibilbide historikoan eta bizi-ibilbidean sakontzen da. Istorio emozional honetan, artista berezi honek hartu dituen aurpegi eta bide guztiak ikusi ahalko ditugu. Beste aldean dagoena ikusteko oker ibili ohi den izaki baten istorioa. Hau da Enrique Villareal "El Drogas"en istorioa.


© LA CLAQUETA POOL
El Estado contra Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar
Olmo Figueredo  (Espainia)

1994ko uztailean, Pablo Ibar atxilotu eta hiru homizidio leporatu zizkioten Miamin. Komunitate osoaren zimenduak nahasi zituen krimena izan zen, etxeko segurtasun-kamera batek grabatu baitzuen osorik. Hasiera-hasieratik errugabea zela aldarrikatu zuen Pablok, baina heriotza-zigorra ezarri zioten eta ia 20 urte eman zituen heriotz-korridorean... Floridako Auzitegi Gorenak epaiketa errepikatu behar zela agindu zuen arte, Ibarren aurkako frogak falta zirelako. Halere, Fiskaltzak berriz kondenatu zuen Ibar heriotza-zigorrera, familiak milioi bat dolarretik gorako kostua izango zuen epaiketa bat ordaintzeko funtsak bilatzen zituen bitartean. Ibarren azken aukera izango da.


Hijos de Dios / God´s Children (Jainkoaren semeak)
Ekain Irigoien  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Javier Lea Cano, Mariano López de la Isidra, María José Sarabia

Javier eta Romerales etxegabe beteranoek Madrilgo Operaren Plaza turistikoa inguratzen duten erlaitzetako baten azpian egiten dute lo. Bi horiekin batera, bidaia luze bati hasiera ematen dio filmak hiriburuko kale jendetsuetan zehar, non erotu gabe bizirik irauteko gaitasun handiak behar diren. Bi pertsonaia horien adiskidetasunak eta bizitza sinestezinak bizitzari, heriotzari eta duintasunari kantu egiten diote film honetan.


Jo ta ke / Non-stop
Aitziber Olaskoaga  (Espainia)
Ikusmira Berriak V

Filmaketa-talde batek bilaketa luze bati ekingo dio, bi nortasun nazional kontrajarriren arteko arrailak aurkitu nahian. Ezezkoekin eta isiltasunarekin erantzungo diete behin eta berriz, eta Euskal Herritik Mantxaraino egingo duten bidea markatuko du horrek. Mantxan eraiki da, hain zuzen, segurtasun maximoko lehen espetxea Espainian. Erantzunik gabeko bidaia bat, galdera bakar batekin: nola irudikatu dezakegu historia irudiak ukatu egiten zaizkigunean?


Non Dago Mikel? / Where Is Mikel?
Amaia Merino, Miguel Angel Llamas  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

1985ean Mikel Zabalza nafar gaztea desagertu zeneko kontakizuna, Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zutenekoa. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia jakin nahian jarraitzen du.


Talento / Talent (Talentu)
David González Rudiez  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: David Huertas, Marta Reig, Jesús Soria, Juan Jiménez Estepa

Jorge gerrilla-zinemako zuzendaria da, eta bere azken lana –asmo handikoa– amaitzear dago; zinema-abangoardiaren panoraman ospetsu bihurtzea espero du lan horrekin. Dirulaguntza gertagaitz baten ondorioz, bizitza hankaz gora jarriko dion proiektu zahar bat berragertuko zaio: azkenik, film bat diruarekin egitea. Hots, film komertzial bat.


Urtzen
Telmo Esnal  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Konfinamendu-garaian, Telmo Esnalek ahaztutako proiektu bat berreskuratu du: UR, Pablo Azkueren ipuin bat, kontzientzian eta itsasoan sakontzen duena. Urtzen zinema-entsegu berezia bat da, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz eta berrerabiliz, existentziari buruz hausnartzen duen collage bitxi bat.


EUSKAL ZINEMARAN GALA
Bizimina (Film laburra)
Pablo Iraburu, MIgueltxo Molina, Jon Maya  (Espainia)

Biziminak zinema dokumentala dantzarekin hibridatzen du. Pieza independente batzuen bidez, kontakizun bat osatzen da, eta bertan topatzen dute elkar gaur egun hainbeste kostatzen zaizkigun emozioek: distantzia, besteen falta sumatzea, grina, komunitate-sentimendua, ezintasuna, isolamendua, nahasmena, itxaropena. Koreografiak hobeki sentiarazteko eta lagun egiteko balio duen kontakizun bat taxutzen du.


EITB GALA
Alardea / Boast
David Pérez Sañudo  (Espainia)
Antzezleak: Itziar Ituño, Carmen Climent, Klara Badiola, Iñigo Aranburu

Amaiaren bizitza irauli egingo da bere herriko –Uriolako– emakumeen elkarteak alarde tradizionalean desfilatu nahi duenean. Gai horretan sartzeak agian komunitatearen eta familiaren kontra jar dezake haur-hezkuntzako irakaslea. Erabaki bat hartzea dilema handia izango da Amaiarentzat. Borroka horrek ama Edurnerekin berriz elkartzera bultzatuko du Amaia; gaixorik dago Edurne, eta Amaiarengandik urrunduta zegoen dibortziatu eta aita hil zenez geroztik, duela 25 urte. Amaiak ez du inoiz ama barkatu alarde mistoaren aldeko inplikazioari garrantzi haniagoa eman izana familiaren interesei baino. Eta berak ez du inolaz ere gauza bera egingo, hain zuzen ere Aitor –bere senarra– burgumaisu eta Jone –bere alaba– kantinera izendatu dituzten urtean. Minitelesail honen lau kapituluetako biren aurkezpena.



SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Akelarre
Pablo Agüero  (Espainia - Frantzia - Argentina)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
TVE-Beste Begirada Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Álex Brendemühl, Amaia Aberasturi, Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra, Yune Nogueiras, Daniel Fanego, Asier Oruesagasti, Iñigo de la Iglesia, Elena Úriz , Daniel Chamorro, Jeanne Insausti
Forum Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroa

Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Ana basoko festa batean dago, herrixkako beste neska batzuekin. Rostegui epaileak, erregeak aginduta, eskualdea purifikatu behar du, eta neskak atxilotu eta sorginkeria leporatzen die. Edozer gauza egingo du akelarreari buruz dakiten guztia aitor dezaten. Zeremonia magiko horretan, ustez, deabruak bere zerbitzariak prestatu eta estaltzen ditu. 2017ko Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria. 


NEW DIRECTORS
Ane / Ane Is Missing
David Pérez Sañudo  (Espainia)
Kutxabank-New Directors Sarirako lehiatuko da
Gazteriaren Sarirako lehiatuko da
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Patricia López Arnáiz, Jone Laspiur, Mikel Losada, Luis Callejo, Nagore Aramburu, Fernando Albizu, Gorka Aguinagalde, David Blanka

Euskadi, 2009. Lide segurtasun-zaintzailea da; abiadura handiko trenaren obretan egiten du lan, kaleetan protesta sozialak eragiten dituen proiektu batean, hain zuzen. Lan egin eta gaua festan igaro ondoren etxera itzultzen denean, bi lagunentzako gosaria prestatzen du, baina bere alaba nerabea, Ane, ez dago etxean. Hurrengo egunean, Ane oraindik ez da agertu. Lide lasai dago, ziurrenik, aurreko egunean izandako eztabaida gogorraren ondorioz desagertuko zelako. Aneren gauzen artean bilatzen, konturatuko da ez duela benetan bere alaba ezagutzen. Opera prima.


© David Herranz
Hil kanpaiak / Death Knell
Imanol Rayo  (Espainia)
Kutxabank-New Directors Sarirako lehiatuko da
Gazteriaren Sarirako lehiatuko da
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon González, Asier Hernández, Iñigo Aranburu, Dorleta Urretabizkaia, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga, Patricia López Arnaiz, Andrés Gertrúdix, Itxaso Arana

Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira. Etxekoek, Fermin eta Karmen senar-emazteek, Nestor semeari deituko diote eta horrek, berriz, Ertzaintzari. Baina eratzainak iristean, ez da hezurrik egongo. Segidan, hil-kanpaiak joka hasiko dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu. Zuzendariaren bigarren film luzea.


ZABALTEGI-TABAKALERA
Autoficción / Autofiction (Autofikzioa) (Film laburra)
Laida Lertxundi  (AEB - Espainia - Zeelanda Berria)

Genero literario baten izenburua hartuta, fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna aztertzen du filmak. Film noir generoko elementuak espresiorik gabeko keinuak besterik ez dira Kaliforniako eguzkiaren argi distiratsuaren azpian. Zeelanda Berrian egindako landa-grabazioak entzuten dira, emakumeek euren artean amatasunari, abortuari, hausturei eta antsietateari buruz hitz egiten duten bitartean. Kale batean, eskubide zibilen aldeko desfile bat poliki-poliki mugitzen ari da. Gorpuak nekatuta, zaurituta edo geldirik agertzen dira, eta Irma Thomasen eta Goldbergen abestiek denboraren igarotzea eta zalantzazko etorkizuna ekartzen dute gogora.


© Gariza Films
Ya no duermo (Film laburra)
Marina Palacio  (Espainia)
Antzezleak: Jesús Palacio Erauskin, Miguel Burgueño Herrero
Zinemira Kimuak

Ya no duermo familian egin den film bat da: Miguelek eta bere osaba Kechusek banpiroei buruzko film bat egin nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko saiakera horretan, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta, jolas horretan, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harremana ikusiko dugu.


CULINARY ZINEMA
ARZAK since 1897
Asier Altuna  (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Inaugurazioa

Ostalaritza ikastea erabaki zuenean, zera erantzun zion amak Juan Mariri: egin zezala etorkizun handiagoko karrera bat. Harrez gero joan diren hirurogehi urte hauetan, gastronomiak sekulako prestigioa hartu du gizartean. Juan Mari bilakaera horren parte garrantzitsua izan da. Eta Arzak, Donostiako Mirakruz gainean kokatutako familiarteko jatetxea, munduko jatetxerik onenetakoa da azken urte hauetan. Belaunaldi berri baten txanda da orain. Elena Arzakek, Juan Mariren alabak, hartu du aitaren testigua. Erretiratzeko momentua iritsi zaio Juan Mariri,  bere ibilbideari errepasoa emateko unea. 


MADE IN SPAIN
La isla de las mentiras / The Island of Lies
Paula Cons Varela  (Espainia - Argentina - Portugal)
Antzezleak: Nerea Barros, Darío Grandinetti, Aitor Luna, Victoria Teijeiro, Ana Oca

1921eko urtarrilaren 2ko goizaldea. 260 pertsona daramatzan Santa Isabel ontzia Galiziako Sálvora uharteko kostalde malkartsu eta gogorraren aurrean hondoratuko da Buenos Aireserako bandan. Uhartean gizonik ez dagoenez, bertako hiru emakume gaztek –Maríak, Josefak eta Ziprianak– erreskatera joatea erabaki eta 48 pertsona salbatuko dituzte, baina ekintza heroiko hura oso garesti aterako zaie. Jazoera horien ondoren, Argentinako kazetari bat, León, Sálvorara joango da, urperaketaren berri ematera. Apurka-apurka konturatuko da gau hartan kasualitate gehiegi gertatu zirela uhartean, eta norbaitek urperaketa nahita eragin zuelako susmoa ere izango du. Ezer ez da berdina izango. Urperaketak uharteko bizitza betiko astindu eta aldatuko du. Benetako gertaeretan oinarritua.


ZINEMIRA KIMUAK (profesionalentzat eta akreditaziodunentzat soilik)

Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2019 programako film laburren aukeraketa bilduko da. Kimuak-ek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimenak, urteko film labur nabarmenenak zabaltzea du helburu. Aurten, zazpi film labur sartu dira Kimuak programaren aukeraketan.

© Mankuso
Barbudos (Bizardunak) (Film laburra)
Tucker Dávila Wood, Larry Mankuso  (Espainia)
Antzezleak: Bob Wood, James MacEneaney
Zinemira Kimuak

2013ko apirila. Ameriketako Estatu Batuen enbargoa egon arren, Bob Wood Kubara itzuliko da, handik alde egin zuenetik ia 60 urte igaro direnean.


© Ikusgarri Films
Dar-dar (Film laburra)
Paul Urkijo Alijo  (Espainia)
Antzezleak: Udane Elosegi, Almudena Cid, Elias García
Zinemira Kimuak

Dar-dar euskal elezahar bateko deabru bat da, atzamarrak jaten dituena. Eta honela dio: «Dar, dar, dar, zure atzamarra ekar. Eman ezean, etorriko naiz gauean eta zure arima eramango dut ordainean».


© Lekuk Kultur Elkartea
Ehiza / Hunting (Film laburra)
Hauazkena Taldea .  (Espainia)
Zinemira Kimuak

Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak Homenaje a Tarzán (Tarzani omenaldia) animaziozko film laburra egin zuen 1969an, zeinak «jarraituko du» hitz enigmatikoak zeuzkan bukaeran. Haren segida da Ehiza. Balerdiren proposamen estetikoari jarraitzen dio, baina hura inspiratu zuten filmen begirada kolonialistatik urrun, oraingoan gure errealitatearen gordintasuna islatzen da: jazarpena, indarkeria eta suntsiketa.


© Code 7 Pictures
El ruido solar / Solar Noise (Eguzki-zarata) (Film laburra)
Pablo Hernando  (Espainia)
Antzezleak: Eva Llorach, Ingrid García Jonsson, Miquel Insúa, Julián Génisson, Lorena Iglesias, Vito Sanz, Alejandro Morellón, Axier Raya, Vicenç Miralles
Zinemira Kimuak

Gertakari kosmiko esplikaezin baten ostean, etorkizunari buruzko irudipen labur bat izan duten pertsonei buruzko istorioen bilduma.


© SilviaReyPC
Interior Taxi Noche / Interior Taxi Night (Barrualdea Taxia Gaua) (Film laburra)
Iban del Campo, Silvia Rey  (Espainia)
Antzezleak: Álvaro Ogalla, Tanya de la Cruz
Zinemira Kimuak

Zuzendarietako baten esperientzia pertsonalean oinarritutako film hau, kamera ezkutuko Taxicab Confessions telebista-saio ospetsuari eta New York hiriari egindako omenaldi ironiko bat da.


© Txintxua Films
Quebrantos / Breaches (Film laburra)
Maria Elorza, Koldo Almandoz  (Espainia)
Antzezleak: Ziortza Linares, Maite Artola
Zinemira Kimuak

- Maite zenuen, ezta?

- Bai. Uste dut orain dela gutxi utzi diodala maitatzeari. 

(Interferentziak. Isiluneak. Arrakalak. Bi emakume solasean. Irrati-grafia bat).


© Gariza Films
Ya no duermo (Film laburra)
Marina Palacio  (Espainia)
Antzezleak: Jesús Palacio Erauskin, Miguel Burgueño Herrero
Zinemira Kimuak

Ya no duermo familian egin den film bat da: Miguelek eta bere osaba Kechusek banpiroei buruzko film bat egin nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko saiakera horretan, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta, jolas horretan, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harremana ikusiko dugu.


WIP EUROPA
918 gau / 918 Nights
Arantza Santesteban  (Espainia)
Antzezleak: Arantza Santesteban, Mercè Salom, Maryann Peony, Manon Praline, Mirari Echávarri
Ikusmira Berriak IV

"2007ko urriaren 4ko gauean, Polizia Nazionalaren kamioneta batzuek geldiarazi egin zuten gure autoa. Identifikatu ondoren, atxilotuta geundela jakinarazi ziguten. Terrorismo-delitua leporatu ziguten, 2002ko Alderdien Legeak ilegaltzat jotako alderdi batean jarduera politikoa gauzatzeagatik. Une horretan bertan hasi zen nire bizitza berria izango zen bide luze hura: kartzela. Guztira, 918 gau eman nituen espetxean. Ia hiru urtez erabat desagertu nintzen lehen nuen bizitzatik" (Arantza Santesteban). Ikusmira Berriaken hautatu zen proiektua 2018an.



Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak
  • 918 GAU / 918 NIGHTS ( 918 NOCHES) de Arantza Santesteban (WIP Europa)
  • ALARDEA / BOAST (ALARDE) de David Pérez Sañudo (Gala EiTB)
  • ATARRABI ET MIKELATS de Eugène Green (Zinemira)
  • AKELARRE de Pablo Agüero (Sección Oficial)
  • ANE de David Pérez Sañudo (New Directors)
  • ARZAK SINCE 1897 de Asier Altuna (Culinary Zinema)
  • BIZIMINA de Pablo Iraburu Allegue, Migueltxo Molina y Jon Maya (Gala del Cine Vasco)
  • CAMINHO LONGE de Josu Martinez y Txaber Larreategi (Zinemira)
  • DAR-DAR de Paul Urkijo Alijo (Zinemira-Kimuak)
  • HIL KANPAIAK / DEATH KNELL (CAMPANADAS A MUERTO) de Imanol Rayo (New Directors)
  • JO TA KE / NON-STOP (ERRE QUE ERRE) de Aitziber Olaskoaga (Zinemira)
  • NON DAGO MIKEL? / WHERE IS MIKEL? (¿DÓNDE ESTÁ MIKEL?) de Amaia Merino y Miguel Angel Llamas (Zinemira)
  • NORA de Lara Izagirre (Zinemira)
  • QUEBRANTOS / BREACHES de Maria Elorza y Koldo Almandoz (Zinemira-Kimuak)
  • URTZEN de Telmo Esnal (Zinemira)


Euskarara bikoiztutako haur-filmak

Amenabar enpresak babestua, Zinema Euskaraz programaren barruan Zineuskadik egindako lankidetzari esker, haurrentzat pentsatutako eta euskarara bikoiztutako filmen hautaketa bat eskainiko du Aurrentzako Zinema Sailak.

  • ALFONBRA MAGIKOAK / UP AND AWAY (LA ALFOMBRA MÁGICA), Karsten Kiilerich
  • MANOU / MANOU THE SWIFT, Andrea Block eta Christian Haas
  • MR. LINK: JATORRI GALDUA / MISSING LINK), Chris Butler
  • PLAYMOBIL: FILMA / PLAYMOBIL: THE MOVIE (PLAYMOBIL: LA PELÍCULA), Lino DiSalvo
  • POKÉMON PIKATXU DETEKTIBEA / POKÉMON DETECTIVE PIKACHU, Rob Letterman
  • TERRA WILLY: PLANETA EZEZAGUNA / TERRA WILLY: UNEXPLORED PLANET, Eric Tosti

Gainera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia erakundeekin elkarlanean, Zinemaldiak Enrique Gatoren Atrapa la bandera filma emango du online, euskarara bikoiztua, Gipuzkoako ikastetxeetarako. Gaur egun NASArako eta Stanford Unibertsitatean (Kalifornia) ikertzen eta lan egiten duen Eneko Axpe fisikari euskaldunak aurkeztuko du filma.


EUSKARAZKO AZPITITULUAK DITUZTEN BESTE SAILETAKO FILMAK
NEW DIRECTORS
  • CHUPACABRA, Grigory Kolomytsev
  • GAL-MAE-GI /GULL, Kim Mi-jo
  • GĒ SHĒNG YUÁN HÉ MÀN BÀN PĀI / SLOW SINGING, Dong Xingyi
  • JAK NAJDALEJ STĄD / I NEVER CRY, Piotr Domalewski
  • LIMBO, Ben Sharrock
  • UMIBE NO KANOJOTACHI / ALONG THE SEA, Akio Fujimoto
ZABALTEGI-TABAKALERA
  • A METAMORFOSE DOS PÁSSAROS / THE METAMORPHOSIS OF BIRDS, Catarina Vasconcelos
  • COLD MERIDIAN, Peter Strickland
  • DOMANGCHIN YEOJA / THE WOMAN WHO RAN, Hong Sang-soo
  • DUSTIN, Naïla Guiguet
  • HUAN LE SHI GUANG / HAVING A GOOD TIME, Bell Zhong
  • LE SEL DES LARMES / THE SALT OF TEARS, Philippe Garrel
  • PING JING / THE CALMING, Song Fang
  • STEPHANIE, Leonardo van Dijl
  • THE TROUBLE WITH BEING BORN, Sandra Wollner
  • ZHELTAYA KOSHKA / YELLOW CAT, Adilkhan Yerzhanov
PERLAK
  • ADN / DNA, Maïwenn
  • THE FATHER, Florian Zeller
CULINARY ZINEMA
  • THE TRUFFLE HUNTERS, Michael Dweck eta Gregory Kershaw
ZINEMIRA
  • NON DAGO MIKEL? / WHERE IS MIKEL?, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas
Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea