Fernando Truebak zuzendu duen eta Javier Cámara protagonista duen El olvido que seremos / Forgotten We'll Be ekoizpen kolonbiarraren nazioarteko estreinaldiak lehiaketaz kanpo itxiko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofiziala. Filma, Héctor Abad Faciolinceren izen bereko eleberriaren egokitzapena, Cannes 2020ko Hautaketa Ofizialaren parte da, nahiz eta pandemia dela-eta azkenean bertan behera utzi zen zinema-jaialdi hori.
Héctor Abad Faciolincek, zeina gaur egungo Kolonbiak duen idazlerik nabarmenetakoa den, bere aitaren historia kontatu zuen El olvido que seremos bere liburuan; idazlearen aita, Héctor Abad Gómez, mediku eta giza eskubideen aldeko aktibista izan zen 1970eko hamarkadako Medellín polarizatu eta bortitzean. David Truebak idatzi du mundu osoan 300.000 kopia baino gehiago kaleratu dituen, hamabi hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli den eta 20 herrialdetan baino gehiagotan saldu den best-seller horren egokitzapenaren gidoia.
El olvido que seremos / Forgotten We'll Be Caracol Televisión-en proiektua da, Dago García Producciones ekoiztetxeak ekoitzia, eta Javier Cámara, Nicolás Reyes Cano, Patricia Tamayo eta Juan Pablo Urrego antzezleak daude, besteak beste, aktore-zerrendan. Halaber, Kolonbiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak aukeratu zuen Iberoamerikako Film Onenaren Sarirako hautagai gisa Goya Sarien hurrengo edizioan, zeina 2021eko otsailaren 27an Málagan egingo baita.
Filma Bteam Pictures konpainiak banatzen du Espainian, eta Film Factory-ri dagozkio haren nazioarteko salmentak.
Fernando Truebak (Madril, 1955) Ingelesez besteko Film Onenaren Oscar Saria eskuratu zuen Belle Époque (1993) filmarekin, eta Donostia Zinemaldian hainbat aldiz hartu du parte bere lan-ibilbidea hasi zuzenetik. Mientras el cuerpo aguante (1982) dokumentala aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta Sail Ofizialera itzuli zen geroago El baile de la victoria (2009) filmarekin, zeina lehiaketaz kanpo eman zen, baita Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion El artista y la modelo (2012) lanarekin ere.
Zinemaldiaren beste sail batzuetan ere egon dira Truebaren filmak, hala nola antzinako Made in Spanishen –Two much (1996), La niña de tus ojos (1999) eta Calle 54 (2000)–, baita Belodromoan ere, non El milagro de Candeal (2004) aurkeztu zuen. Gainera, Truebak Javier Mariscal eta Tono Errandorekin batera zuzendutako Chico & Rita (2013) animaziozko filma Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak atzerabegirakoaren parte izan zen.
Izen bereko liburuan oinarrituta, El olvido que seremos filma bihotz oneko gizon bati buruzkoa da; Héctor Abad Gómez mediku eta giza eskubideen aldeko aktibista ezaguna izan zen 70eko hamarkadako Medellín polarizatu eta bortitzean. Istorioak mediku horren bizitza kontatzen du, seme-alabez ez ezik, klase behartsuenetako umeez ere kezkatzen zen aita baten bizitza, hain zuzen. Eszenatokia: etxea, tolerantzian eta maitasunean funtsaturiko hezkuntza batek berezko dituen bizitasunez eta sormenez beteriko tokia. Erabat ezustean, gizonaren alaba maiteetako bat minbizi izugarri batek jota hilko da. Izaki ezin bereziago bat galdu izanak eragindako tristurak eta amorruak bultzatuta, Héctorrek begiak irekiko ditu, eta ikusiko du gizartea, ez entzuteaz eta zeharo intolerantea izateaz gain, bere atzetik joango dela, isilarazteko. Kontakizun intimoa, protagonistarengizonezko seme bakarraren –Héctor Abad Faciolinceren– begietatik ikusia. Gaur egungo Kolonbiak duen idazlerik nabarmenetakoa da Abad.