"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Parenting at Film Festivals kolektiboarekin, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Bitartekoetako Emakumeen Elkartearekin eta Europa Creativa programarekin elkarlanean, Puxika Gorria / El Globo Rojo berria sustatuko du. Haurrak zaintzeko jardueren zerbitzu hori online emango da aurten, eta Zinemaldiko akreditazioadunen ardurapeko haurrek euren etxean baliatu ahalko dute.
2019an, ekimenaren lehen edizioan, Puxika Gorria / El Globo Rojo haurtzaindegiak aurrez aurreko formatua izan zuen San Telmo Museoan, eta gogoangarria izan zen nola Espainian hala Europan. Aurten, agintariek ezarritako osasun-eskakizunak betetzeko lehentasuna izanik, Zinemaldiak bere akreditaziodunei euren uztartze-premiekin modu seguruan laguntzeko apustua egiten jarraituko du, online formatu berritzaile batekin. Horren helburua zera da, seme-alabak etxean zituztela hilabete gogorrak igaro dituzten gurasoei laguntza ematea eta txikienak aktibo mantentzea, fisikoki motibatuta eta kalitatezko zinemara konektatuta, baita aldaketa kultural eta sozialari ekarpen txiki bat egitea ere, zinemagintzako genero-berdintasunean modu positiboan laguntzeaz gain.
Puxika Gorria Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten ekimenekin (hurrenez hurren, Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdietako haurtzaindegiak) senidetutako jarduera da. Enpresa eta erakunde laguntzaile askoren babesari eta Europako Batzordearen Europa Creativa programari esker, proiektuak aurten ere jarraituko du, baina online formatuan, eta osasun-egoerak hobera egin bezain laster indar handiz hedatzen jarraituko du. Zorionak Kids and Party gure ludoteka laguntzaileak, 2019ko aurrez aurreko ekintzen arduradunak, online jarduera hunkigarriak, dinamikoak eta erakargarriak iradoki ditu aurtengo zerbitzurako.
Nola har daiteke parte Puxika Gorriaren online jardueretan?
Irailaren 21etik 25era bitartean, bi saio programatu dira egunero gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat bereziki gomendatuak (saio bakoitzean sei lagunentzako lekua egongo da gehienez). Saio bakoitzak ordubete inguru iraungo du, eta jarduerek askotariko gaiak jorratuko dituzte, hala nola artea, eskulanak edo ariketa fisikoa eta horietako asko zinemara, kulturara eta inklusiora bideratuta egongo dira.
Doako jarduera honetan tokia eskatzeko, erreserbatzeko mezu elektroniko bat bidali behar dute interesdunek, ondoren adierazitako helbide elektronikora, adina eta lehentasunezko hizkuntza(k) adierazita, baita jaialdiko akreditazioaren berrespena ere: parentingatfilmfests@gmail.com. JITSI bideokonferentzia-aplikaziorako esteka bat jasoko dute, eta horren bidez egin ahal izango dute konexioa erreserbatutako egunean eta orduan, baita prestatu beharreko materialen zerrenda ere.