Donostia Zinemaldiaren 68. edizioa irailaren 18tik 26ra egingo da, eta Cannesko Zinema-jaialdiaren 73. edizioak (azkenean Covid-19ak eragindako pandemia dela-eta bertan behera utzi zenak) hautatutako hamazazpi lan jasoko dituzte Zinemaldia osatzen duten sailek euren programetan; zehazki, hamahiru film luze eta lau film labur izango dira. Cannesko Zinema-jaialdiaren zuzendari Thierry Fremaux-ek parte hartuko du Kursaalen egingo den inaugurazio-galan, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariarekin batera, Canneskoari ez ezik, koronabirusaren eraginez azkenean ezin egin izan diren gainerako zinema-jaialdiei omenaldia egite aldera.
Mundu osoan zinema-lehiaketa asko bertan behera geratu direneko urte berezi honetan, Cannesko Zinemaldiak hautaturiko filmetako batzuk programatzea eta ikusaraztea erabaki dute nola Donostiak hala Cannesek; izan ere, biek adiskidetasun- eta lankidetza-harreman estua dute duela hainbat urtez geroztik. Horri dagokionez, Sail Ofizialean eta New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest eta Culinary Zinema sailetan programaturiko lan horiek Danielle Arbid, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileenak dira, besteak beste. Film horiek guztiak “Cannes 2020ko hautaketa Ofiziala” zigiluarekin emango dira, eta Cannesko zinema-jaialdiak programatuta zituen zazpi film labur bilduko ditu Sail Ofizialak. Zehazki, hauek izango dira: Danielle Arbid zuzendari frantses/libanoarraren Passion simple, Annie Ernauxek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena; Sutemose / In The Dusk, oinarri belikoko drama bat, Šarūnas Bartas lituaniarrarena; Asa Ga Kuru / True Mothers, familia-mikrokosmosaren azterketa berri bat, Naomi Kawasek zuzendua; Été 85 / Summer of 85, nerabezaroko maitasun-istorioen kontakizun bat, François Ozon paristarrak egina; eta Druk / Another Round, Thomas Vinterberg danimarkarraren film berria, esperimentu etiliko bitxi bati ekingo dioten irakasle batzuk dituena protagonista gisa. Zinemagile ospetsu horiez gain, Urrezko Maskorrerako eta palmares ofizialeko gainerako sarietarako hautagai izango da Dea Kulumbegashvili hasiberri georgiarra, zeinak Jehovaren lekuko batek eta haren familiak talde estremista baten aldetik pairatutako jazarpena kontatuko baitigu Dasatskisi / Beginning lanean. Gainera, El olvido que seremos / Forgotten We’ll Be, Fernando Truebak Héctor Abad Faciolinceren izen bereko eleberrian oinarrituta zuzendutako filmak, lehiaketaz kanpo itxiko du Zinemaldia.
Halaber, Viggo Mortensenek Donostia Saria jasoko du aurten, Donostia Zinemaldiak ematen duen ohorezko golardorik garrantzitsuena; zehazki, aktore eta zinemagile estatubatuarrak Falling aurkeztuko digu, zuzendu duen lehen film luzea.
New Directorsen –zinemagileen lehen eta bigarren filmak aurkezteko sailean–, Cannes 2020ko hautaketaren hiru filmek hartuko dute parte: Suzanne Lindon paristarrak zuzendu eta antzezturiko 16 printemps / Spring Blossom, zeinetan gizon zaharrago batekin maitasun-istorio bat izatearen eta nerabezaroaz gozatzearen artean zalantzak dituen gazte baten rola egiten baitu Lindonek; Casa de antiguidades / Memory House, zeinetan Joâo Paulo Miranda Maria brasildarrak istorio fantastiko bat baliatzen baitu egungo Brasilen existitzen diren gizarte- eta arraza-tentsioak deskribatzeko; eta Limbo, kulturarteko satira bat, zeinetan Ben Sharrock britainiarrak errefuxiatuen zailtasun eta itxaropenei heltzen dien.
Zabaltegi-Tabakalera Zinemaldiko sail lehiakorrena da, eta ez dago ez araurik ez estilo- edo denbora-mugarik, eta Cannesko Zinema-jaialdiak film laburretarako duen lehiaketan bilduriko bi obra eskainiko dira bertan: Leonardo van Dijl belgikarraren Stephanie eta Sameh Alaa egiptoarrarenI am Afraid to Forget Your Face.
Perlak sailean, bestalde, kritikak txalotutako edota beste zinema-jaialdi batzuetan saritutako film luzeak biltzen dira, eta aurten ADN / DNA filma emango da sail horretan, Maïwennek zuzendu eta antzeztutako filma, aitonaren heriotzaren ondoren nortasun-krisia pairatzen ari den emakume bati buruzkoa; Culinary Zineman –zinema eta gastronomia uztartzen dituen sail ez-lehiakorrean–, Michael Dweck eta Gregory Kershaw estatubatuarren The Truffle Hunters programatu da, Piemonteko basoetan (Italian) Albako trufa zuri preziatuaren atzetik dabiltzan gizon zahar batzuei buruzko filma.
Nesten, Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, Santiago Barzi argentinarraren Muralla china eta Elsa Rosengren suediarraren I Want To Return Return Return filmak eskainiko dira. Bi lan horiek Cannesko Cinéfondation Selection hautaketan programatu ziren, non mundu osoko zinema-eskoletako film laburrak lehiatzen diren.
Cannesko zinema-jaialditik kanpo, Donostia Zinemaldiak Luca Guadagnino italiarraren telesaila –Covid-19aren eraginez azkenean bertan behera utzi zen Cannesko Quinzaine des Réalisateurs sailak programatua– erakutsiko du, lehiaketaz kanpo eta Sail Ofizialeko Emanaldi Berezi gisa. Gainera, Naïla Guiguet zuzendari frantziarraren Dustin film laburra –Zabaltegi-Tabakaleran ikusi ahal izango dena– ere bildu zuten Cannesko Semaine de la Critique sailaren film laburren atalean, bertan behera utzi baino lehen.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako |
“Iazko irailetik gizon baten zain egon naiz etengabe: deitu ziezadan nahi nuen, ni ikustera etor zedin... Gizon horrek duen guzti-guztia ezin ederragoa iruditzen zitzaidan: bere begiak, bere ahoa, bere zakila, bere haurtzaroko oroitzapenak, bere ahotsa...”
Lituania, 1948. Gerra amaitu da, baina herrialdea hondatuta dago. Untė 19 urteko gazte bat da, eta sobietarren okupazioari aurre egiten dion mugimendu partisanoko kide. Ez dute baldintza berdinetan borrokatzen, baina borroka desorekatu horrek biztanle guztien etorkizuna baldintzatuko du. Bizitza deskubritzen den adinean, Untėk indarkeria eta traizioa deskubrituko ditu. Mugak lausotu egingo dira bere gazte grina sutsuaren eta borrokatzeko arrazoiaren artean. Buru eta bihotz arituko da, inozentzia galtzea badakarkio ere...
Haurdun geratzeko borroka luze eta asegabe baten ondoren, Satokok eta bere senarrak haur bat adoptatzea erabakiko dute, adopzio-elkarte batek konbentzituta. Urte batzuk geroago, bere familia arriskuan dago Hitari izeneko neska ezezagun baten erruz, ama biologikoa dela baitio. Satokok Hitariren aurka egitea erabakiko du.
Alexis (16 urte betetzear) itotzeko zorian da bere itsasontzia Normandiako kostaldean irauli ondoren. Zorionez, David (18 urte) agertuko da, heroi salbatzailea. Alexisek bere ametsetako laguna ezagutu berri du. Baina, uda bat baino gehiago iraungo al du amets horrek? 1985eko uda.
Teoria baten arabera, gure odolean alkohol kantitate txiki batekin jaio beharko genuke, mozkor puntu batekin, gure burua inguratzen gaituen mundura zabaldu, gure arazoak arindu eta sormena areagotzen delako. Teoria horrek bultzatuta, Martin eta bere hiru lagun –bigarren hezkuntzako irakasle dira hirurak, eta nazkatuta daude– esperimentu batean murgilduko dira; lanaldian, beti intoxikazio etiliko maila berari eutsiko diote. Churchillek alkoholaren eraginpean irabazi bazuen Bigarren Mundu Gerra, nork daki zer egin dezaketen trago gutxi batzuek beraien eta ikasleen alde?
Probintziako herri lasai batean, talde estremista batek eraso egin dio Jehovaren lekukoen komunitate bati. Gatazka betean, Yanaren mundua (komunitate-buruaren emaztea) gainbehera etorriko da poliki-poliki. Yanaren barne-atsekabea handitu egingo da bere nahien zentzua topatzeko borrokatu ahala.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo |
Izen bereko liburuan oinarrituta, El olvido que seremos filma bihotz oneko gizon bati buruzkoa da; Héctor Abad Gómez mediku eta giza eskubideen aldeko aktibista ezaguna izan zen 70eko hamarkadako Medellín polarizatu eta bortitzean. Istorioak mediku horren bizitza kontatzen du, seme-alabez ez ezik, klase behartsuenetako umeez ere kezkatzen zen aita baten bizitza, hain zuzen. Eszenatokia: etxea, tolerantzian eta maitasunean funtsaturiko hezkuntza batek berezko dituen bizitasunez eta sormenez beteriko tokia. Erabat ezustean, gizonaren alaba maiteetako bat minbizi izugarri batek jota hilko da. Izaki ezin bereziago bat galdu izanak eragindako tristurak eta amorruak bultzatuta, Héctorrek begiak irekiko ditu, eta ikusiko du gizartea, ez entzuteaz eta zeharo intolerantea izateaz gain, bere atzetik joango dela, isilarazteko. Kontakizun intimoa, protagonistarengizonezko seme bakarraren –Héctor Abad Faciolinceren– begietatik ikusia. Gaur egungo Kolonbiak duen idazlerik nabarmenetakoa da Abad.
DONOSTIA SARIA EMANALDIA |
John Petersen Eric mutil-lagunarekin eta Monica bien alabatzakoarekin bizi da Kalifornian. Willis haren aitak, nekazari tradizional eta kontserbadorea, Los Angelesera bidaiatzea erabaki du, eta Johnen etxean geratuko da erretirorako tokirik egokiena aurkitu arte. Etxean dagoen bitartean, aita-semeen munduek talka egingo dute bortizki, eta zauri zaharretan zirikatzea eta beste batzuk irekitzea ekarriko du, elkar onartu eta barkatzeko bidaian.
NEW DIRECTORS |
Suzannek 16 urte ditu. Bere adineko jendea aspergarria iruditzen zaio. Egunero, institutura bidean, antzoki baten aurretik pasatzen da. Han, berarekin obsesionatuko den gizon bat ezagutuko du, zaharragoa. Adin-aldea gorabehera, batak bestearengan aurkitzen du gogaitasunari aurre egiteko erantzuna, eta maitemindu egiten dira. Hala ere, Suzanne beldur da 16 urteko neska baten bizitzako gauzak galduko ote dituen, hainbeste kostatzen baitzaio bizitzaz bere lagunek bezain beste gozatzea.
Gaur egungo Brasil, baina denboran galduta. Cristovam, iparraldeko landako natibo beltz bat, hegoaldeko kolonia austriar zahar batera joan da, esne-fabrika batean lan egiteko. Pertsona kontserbadore eta xenofoboekin egon behar du, eta isolatuta eta zurien mundutik urrun sentitzen da. Etxe abandonatu bat aurkitzen du, bere jatorria gogora ekartzen dioten objektuz eta oroitzapenez betea, eta bertan geratzen da, bere sustraiekin berriro konektatzeko. Bat-batean objektu gehiago agertzen dira, oroitzapenez beteriko etxe hori bizirik balego bezala. Eta, astiro-astiro, Cristovamek metamorfosia jasaten du.
Omar musikari gaztea da, etorkizun handikoa. Bere siriar familiarengandik bananduta bizi da, Eskoziako uharte urrun batean harrapatuta, asilo-eskaeraren zain. Besoan daraman eskaiola dela eta, ezin du bere lauda ukitu eta paisaia epikoetan ibiltzen da, iragan konplexu bati eta etorkizun etsigarri bati erantzun nahian. Agian harrapatuta dago, baina ez dago bakarrik. Omar eta bere pisukide berriak erabat gaizki ulertutako "kontzientzia kulturaleko" eskoletara joango dira, Friends telesailaren maratoi bat egingo dute, Ross eta Rachel eten batean ote dauden eztabaidatuko dute eta Farhad, Freddie Mercuryrekin obsesionatuta, tokiko mikrofono irekiaren gauean parte hartzera konbentzitzen saiatuko da Omar. Zuzendariaren bigarren film luzea.
ZABALTEGI-TABAKALERA |
82 egun bananduta eman ondoren, Adamek bide bihurgunetsu bat egingo du bere maitearekin kosta ahala kosta elkartzeko.
Stephaniri irribarrea eragiten diote jenderen txaloek. Hamaika urteko gimnastak nazioarteko lehen titulua irabazi berri du. Hainbeste arreta izateak gainezka egiten dio; denek argazki bat atera nahi dute berarekin, eta itxaropen handiak dituztela adierazten diote. Zenbat eta aintzatespen handiagoa jaso, orduan eta gehiago konturatuko da jokoa hasi besterik ez dela egin.
PERLAK |
Neige, hiru seme-alaba dituen ama dibortziatua, bere aitona aljeriarra bisitatzera joan ohi da zahar-etxera. Neigek familiako oinarri hori maite eta errespetatzen du, bere hazkuntzaz arduratu eta, batez ere, bere guraso toxikoengandik babestu baitzuen. Senideen arteko harremanak korapilatsuak dira eta samintasun eta erresuminez beteta daude. Zorionez, Neigek François senar ohiaren babesa du. Aitonaren heriotzak ekaitza sortuko du familian eta nortasun-krisi sakona eragingo dio Neigeri. Hortik aurrera, bere ADNa ezagutu eta ulertu nahiko du.
CULINARY ZINEMA |
Italia iparraldeko basoen barren-barrenean Albako trufa zuri preziatua dago ezkutatuta. Munduko bezero aberatsenek eskuratu nahi dute, eta misterio nola usaintsua hala arraroa izaten jarraitzen du. Ezin da ez landu ez aurkitu, ezta hondeamakina moderno eta burutsuenekin ere. Trufa horiek lurpetik nola atera dakien izaki talde txiki bakar bat dago Lurrean, txakurrez eta horien gizaki ilezuriez osatua; bastoiarekin dabiltzan gizaki horiek umore-sen gaiztoko italiar agureak dira, eta gauez baino ez dira joaten trufen bila, besteei inolako arrastorik ez emateko. Halere, bilatzaileen kokagune txiki horrek planeta osoa hartzen duen merkatu bizi bat sortzen du.
NEST |
Albiste harrigarri batek aztoratu egingo du Fernando, baina kontatu eta ustekabeko erreakzioak izango ditu jendeak; tartean dauden pertsona guztiei eragingo dien eztabaida bat piztuko du horrek.
Uda amaierako goiz batean, Wrangelkiez auzoan, Berlinen, Elpik, emakume gazte greziar batek, aspaldian ikusi gabeko lagun baten deia jasoko du. Egunak aurrera egin ahala, Elpi adiskide horrekin berriz elkartzeko irrikaz egongo da bizilagunekin bizitzarekin gurutzatzen dela. Bizilagunek zerbaitera biziki itzuli nahi dutela hautematen da. Baina nora, zertara eta norengana?
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak |
Fraser, hamalau urteko mutil bat, Venetoko base militar amerikar batera bizitzera joan berri da. Han Caitlin ezagutuko du, bere adineko neska bat. Biak ala biak nahasita daude sexu- eta genero-nortasunei dagokienez. Pixkanaka, lagun bihurtu eta elkarri lagunduko diote. Azkenean, harreman bat dutelako itxurak egingo dituzte, kideen eta kanpoko munduaren presioa saihesteko. Caitlinek bere alderdi femeninoa baztertzen du, ez baitu ezer jakin nahi horri buruz, eta Fraserrek, bestalde, erakarpena sentituko du bere ama Sarahrekin lan egiten duen mutil zaharrago batengandik. Bi protagonisten lehen maitasun-esperientziek eragin ikaragarria izango dute euren bizitzetan.
ZABALTEGI-TABAKALERA |
Bertan behera utzitako biltegi batean, pertsona talde handi bat dantzan ari da, techno musika 145 BPMan jotzen ari direla. Dustin, transgender gazte bat, bertan dago bere lagun taldearekin: Félix, Raya eta Juan. Gauak aurrera egin ahala, histeria kolektiboa malenkonia gozo bihurtuko da, eta euforia samurtasun-irrika.