Aaron Sorkin, Francisco Ramos, Ted Hope eta Marc Orts izango dira Pentsamendua eta Eztabaidaren –Donostia Zinemaldia elkar topatzeko eta ezagutza partekatzeko gune gisa gailentzeko jarduera guztiak biltzen dituen atal berriaren– barneko Solasaldi eta Eskola Magistraletako protagonistak. Pentsamendua eta Eztabaida atalaren programak zinemaren gaineko eztabaida bultzatzen du, betiere industriaren, sormenaren eta prestakuntzaren ikuspegitik, eta European Film Forum ez ezik, Creando audiencias más allá de Europa (Audientziak Europaz haratago sortzen) mahai-inguruarekin ere osatuko da. Jarduera guztiak irekian emango dira, streaming bidez, sansebastianfestival.com webgunean.
Gidoilari onenaren Oscar saria irabazi duen Aaron Sorkinek (antzerkigile, ekoizle eta zuzendaria ere bada) A Few Good Men (Rob Reiner, 1992) filmaren gidoiarekin debutatu zuen zineman –Sorkinek berak sortutako izen bereko antzezlanean oinarrituta dago film hori–. Ondoren, arrakasta izaten jarraitu zuen The Social Network (David Fincher, 2010) filmarekin, zeinarekin gidoi egokitu onenaren Oscar saria eskuratu zuen; Moneyball (2012) eta Steve Jobs (2015), egileari gidoi onenaren Golden Globe saria eman ziona. Telebistan, Sorkinek sortu eta ekoitzi zuen The West Wing (1999-2006), 26 Primetime Emmy sari irabazi zituena, eta gainera, Sorkinek ekoitzi eta idatzi ditu Sports Night (1998-2000) eta The Newsroom (2012-2014) telesailak. Sorkinek Donostia Zinemaldian emango duen masterclassa eta The Trial of the Chicago 7 bere azken filmak Netflixen urrian izango duen estreinaldia aldi berean gertatuko dira. Sorkinek berak idatzia eta zuzendua, 1968ko Alderdi Demokrataren konbentzio nazionalaren inguruan gerraren aurkako zazpi manifestarik jasan zuten epaiketa federal historikoan oinarritzen da filma.
Francisco Ramos ekoizle mexikarra jatorriz espainieraz sorturiko Netflixeko edukien presidenteordea da Latinoamerikan, eta ekoizpen independenterako eta, oro har, ikus-entzunezkoaren industriarako planteatzen diren erronka eta aukerei buruz hitz egingo du bi ekoizlerekin. Netflixen sartu zen arte, Espainian gauzatu zuen bere ibilbide profesionala. Hala, Aurum Producciones konpainia banatzailean lan egin ondoren, ekoizle independente gisa hasi zen lanean. 2009tik 2017ra, Zeta Taldearen ikus-entzunezkoen adarrerako proiektuak ekoitzi zituen. Bere ibilbidean zehar 50 film eta telebista-programa baino gehiago ekoitzi ditu. Europa Creativa Media Desk Euskadiren laguntzarekin.
Ted Hopek, Oscar® sarietarako 12 izendapen lortu dituenak, 90eko hamarkadan hasi zuen bere karrera, eta funtsezko pieza izan zen hamarkada horretan zinema independenteak izan zuen boomean; izan ere, Ang Lee, Todd Solondz, Alejandro González Iñárritu eta Michel Gondry zuzendarien lanak ekoitzi izan ditu. Geroago, Amazon Studiosen sartu zen, eta plataforma horretan hainbat filmen ekoizpen, merkaturatze eta banaketan parte hartu zuen, hala nola hauetan: Aeronauts (Tom Harper, 2019), Troop Zero (Bert Bertie, 2019) Manchester by the Sea (Kenneth Lonergan 2016), Cold War (Pawel Pawlikowski, 2018) eta The Handmaiden (Park Chan-wook, 2016), besteak beste; Donostian emango duen eskola magistrala ekoizpen independentearen mundura itzuli den aldi berean gertatuko da, eta Hope for Film (Counterpoint Press) liburuaren edizio berrikusi bat ere argitaratu du. Creative Europe MEDIA eta Industria Kulturalaren eta Kooperaziorako Zuzendaritza Nagusiaren (ICC) laguntzarekin.
Marc Orts Deluxeko soinu-arduraduna eta sormen zuzendaria da gaur egun, eta bost aldiz irabazi du Soinu Onenaren Goya saria; besteak beste, honako zuzendariekin egin du lan: J.A. Bayona, Pedro Almodóvar, Daniel Monzón eta Jaume Balagueró. Ortsek Immsound sistemaren sorkuntzan (Dolby Atmos-en aurrekarian) parte hartu zuen, geroago Dolby enpresak xurgatua izan zena. Bere eskola magistrala, Ikus-entzunezko soinua: jatorritik Full Immersive-raino izenekoa, soinu-teknologiaren bilakaerari eta bere erreprodukzio-formatuaren arabera soinu-banda bat sortzeko prozesuari buruzkoa izango da. ESCAC eta ECAMeko irakaslea eta Hollywoodeko Zinema Akademiako kidea ere bada. Marc Ortsen eskola magistrala Zinemaldia & Technology ekimenaren parte da, Creative Europe MEDIAren laguntza duena.
Creative Europe MEDIA programak, halaber, European Film Forum ekimena sustatzen du; Foruma, jada iragarri den bezala, irailaren 22an (asteartea) 15:00etatik 16:45era egingo da, eta ikus-entzunezkoen Europako industriak aurre egin beharreko erronka eta aukerei buruz hausnartuko da bertan, covid-19ak eragindako krisia dela-eta.
Azkenik, iraileran 22an (asteartea), 12:00etik 13:15era, mahai-inguru bat egingo da eta Katalunia, Andaluzia, Euskadi eta Espainiako Europa Creativaren MEDIA Desk-ek hartuko dute parte. Ekimena ikus-entzunezkoan nazioarteko proiekzioa duten proiektuak abiarazi dituzten profesionaleentzat bideratuta dago. MEDIA programak 30 urte beteko ditu 2021ean eta hiru hamarkadatan pilatutako know-how-a partekatuko du.