2020an egindako beste hainbat ekitaldi bezalaxe, Donostia Zinemaldia ezin izango da egin aurreko urteetako baldintza berberetan. Covid-19aren pandemiak Zinemaldia egokitzera behartu du, bi helburu nagusi lortze aldera: lehenik eta behin, gune seguru bat sortzea, eta bigarrenik, ahalik eta zinema-esperientzia atseginena proposatzea. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin koordinatuta, Zinemaldiak hainbat neurri hartu ditu, besteak beste, sarrera zenbakidunak online erostea.
Infekzio-fokuak saihesteko eta trazabilitatea errazteko, sarreren aldez aurreko salmenta online baino ez da gauzatuko, Zinemaldiaren (sansebastianfestival.janto.es) eta Kutxabanken sarreren salmentarako webguneen bidez. Zinemaldi Plazako leihatilak kendu egin dira. Hilaren 18tik aurrera sarrerak erosi ahal izango dira zinema-aretoetako leihatiletan, eta kreditu txartelarekin ordaintzea gomendatzen da.
Zinemaldiak salmenta mailakatua gauzatzea erabaki du.Ohi bezala, sarreren salmenta Zinemaldiaren aurreko igandean hasiko da, irailaren 13an (9:00etan), baina Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak baino ezingo dira erosi (18a –ostirala–, 19a –larunbata– eta 20a –igandea–). Hilaren 14an, berriz, 21erako, 22rako eta 23rako (astelehena, asteartea eta asteazkena, hurrenez hurren) sarrerak erosi ahal izango dira, baita aurreko egunetako gainerako sarrerak ere. Hilaren 15ean, azkenik, 24ko, 25eko eta 26ko –hurrenez hurren, osteguna, ostirala 25 eta larunbateko– saioetarako txartelak erosi ahalko dira, baita aurreko egunetako gainerako sarrerak ere. Hilaren 16tik aurrera, saio guztietarako sarrerak erosten jarraitu ahal izango da. Ikus-entzule bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izango ditu saio bakoitzeko, eta erosketa bakoitzean gehienez 20 txartel.
Aurretiko salmentan, Kutxabankeko Gazte txartelarekin bakarrik egingo dira deskontuak. Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan deskontua egingo zaie Donostia Kulturako erabiltzaileei. Azkenik, Zinemaldiak egunero eskainiko dizkie sarrerak % 25eko deskontuarekin, erabilgarri jarriko den postako zerrendan harpidetzen diren pertsonei, eta egunero emango zaie horien eskuragarritasunaren berri. Aurten aldez aurreko salmenta online baino ez denez egiten, eta herritar askorentzat oso urte gogorra denez, Zinemaldiak erabaki du sarrera-salmentagatik ezarri ohi den komisioaren zati bat bere gain hartzea; 0,40 eurokoa izango da, ohiko 0,75en ordez.
Zinemaldiak gogorarazten du maskara uneoro erabiltzea derrigorrezkoa izango dela. Emanaldia lau ordutik gorakoa bada (adibidez, Patria, We Are Who We Are eta Andisturbios telesailen emanaldiak), derrigorrezkoa izango da maskara profesional homologatu bat eramatea (KN95 edo FFP2), Osasun Sailak emandako aginduan egoera berezietarako ezarritakoari jarraikiz.
Zinemaldiak hartutako beste neurri batzuk: