"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak 68. edizioko lehenbiziko hiru egunetarako 9.463 sarrera saldu ditu salmenta lehen egunean, salgai zeuden sarreren %90 baino gehiago. Zenbakia beste edizioetako datuetatik urrun dago termino absolutuetan, baina ez erlatiboetan: iaz 66.000 sarrera saldu ziren bederatzi egunetarako %100eko aforoarekin eta aurten, berriz, hiru egunetarako batez besteko %40ko aforoaren araberako portzentaje baliokidea 8.800 eserleku ingurukoa izango litzateke.
“Zinemaldiko lantaldeak eskerrak eman nahi dizkie ikusleei, urte zail honetan izugarri ondo erantzun dutelako”, azpimarratu du Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak.
Covid-19 pandemiaren aurrean, segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu Zinemaldiak: aretoetako aforoa %30 eta %60 artean murriztu egin da, Belodromoa bezalako egoitzak bertan behera gelditu dira eta 2019. urtean baino 159 emanaldi eta 64 film gutxiago programatu dira.
Sarreren salmenta online izan da soilik, sansebastianfestival.janto.es webguneren bidez. Mailakatutako salmentaren alde egin du Zinemaldiak, eta gaur bakarrik jarri dira salgai lehen hiru egunetako sarrerak (ostirala 18, larunbata 19 eta igandea 20). Bihar, 9.00etatik aurrera hasiko da hilaren 21, 22 eta 23ko sarreren salmenta, eta asteartean, hilaren 24ko (osteguna) , 25eko (ostirala) eta 26ko (larunbata) ticketak. Hilaren 16tik aurrera, eskuragarri dagoen edozein emanaldirako sarrerak erosi ahalko dira, eta hilaren 18tik aurrera, zinema-aretoetako leihatiletan erosteko aukera izango da.
Gehien saldu diren saioak honakoak izan dira: Rifkin's Festival, Akelarre, Été 85 eta Druk / Another Round filmak Sail Ofizialean; Limbo eta Umibe No Kanojotachi / Along the Sea New Directors sailean; El prófugo / The Intruder Horizontes Latinos sailean; Wife of a Spy eta Nuevo Orden Perlak sailean; eta Nora Zinemiran.