"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bihar, larunbata, Donostia Zinemaldiko film sorpresa eskainiko da (Victoria Eugenia antzokian, 15:45ean). Abel Ferrararen Sportin’ Life dugu, eta egilea Donostian izango da hura aurkezteko.
Besteak beste, Bad Lieutenant (1992) eta The Funeral (1996) filmen zuzendariak 68 minutuko dokumental bat grabatu du konfinamendu aldian. Veneziako zinema-jaialdian estreinatu zen, eta bere emazte Cristina Chirian, alaba Anna eta adiskideak agertzen dira, tartean, Willem Dafoe (Zinemaldiaren edizio honetako kartelaren irudia) eta Paul Hipp aktoreak, eta Joe Delia musikaria. Azken Berlineko zinema-jaialdian, Siberia filma aurkezten bizitakoak eta New York nahiz Roma inor gabe ikusiko ditugu.
Donostia Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion orain hamabost urte, 2005ean. Gurean, azken aldiz Pasolini eskaintzen egon zen, Perlak sailean (2014an).
Film sorpresaren babeslea Amenabar enpresa da, Zinemaldiaren kolaboratzaile ofiziala berau. Gipuzkoako eraikuntza-enpresa hori haurrentzako euskarazko emanaldien babesle ere bada.
Self nazioarteko proiektu artistikoaren seigarren inkarnazioa da Sportin' Life, Anthony Vaccarello Saint Laurenteko zuzendari-sortzaileak komisariatua. Proiektu hau gizartearen kronika artistikoa da, eta hainbat pertsonaren konplexutasuna azpimarratzen du, Saint Laurent-en konfiantza, indibidualtasun eta adierazpen pertsonalaren jarrera gogorarazten duten artisten begien bidez. Dokumentalak artista baten iturriak, sormenaren historia pertsonala eta funtsezko bizitza aztertzen ditu. Gordin eta zorrotz, gaur egun gertatzen ari diren sentsazioak atzematen ditu. Abel Ferrarak bere bizitzarekiko duen begirada intimo eta aberatsa, bere artearen bidez islatutako mundua: musika, zinema, bere kolaboratzaileak eta Ferrararen lehen lanetako inspirazio iturriak, baita Willem Dafoe, Joe Delia, Paul Hipp eta lan hau inspiratu duten musikariekin egindako elkarlanak ere.