Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariek deportazioa testuingurutzat duen filma ekarri dute Zinemirara: Caminho longe. Hau ez da erbesteratzearen errealitatera gerturatzen diren lehen aldia, izan ere, 2010eko Zinemaldian Sagarren denbora izeneko lana aurkeztu zuten, ETAko militante ohi Alfonso Etxegarai eta bere adiskide Kristiane Etxaluzen bizipenak jasotzen zituen filma.
Oraingo honetan, berriz, 33 urte ondoren Etxegaraik Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarretik Euskal Herrira itzultzea erabakitzen duenean hasten da kontakizuna. Prozesu intimo hura dokumental batean jasotzea erabaki zuten zuzendariek. “Normalean proiektua daukazu, finantziazioa bilatzen duzu eta gero garatzen duzu; guk kontrakoa egin genuen: albistea jakin orduko Sao Tomera joan, grabatu eta ondoren finantziazio fasea abiatu”, dio Larreategik. Crowdfunding bidez finantziatu dute filma. Ekoizpen txikia zen eta berehala iritsi ziren behar zuten kopurura.
“Bien istorioa kontatu nahi izan dugu oraingoan”, adierazi du Txaber Larreategik, “pertsonaien film bat egin nahi izan dugu, ez deportazioaren ingurukoa”. Helburu hori gogoan, egileek artxibo lanari uko egin zioten, Alfonsori eta Kristianeri eman zieten hitza eta, testuingurua ahaztu gabe, haien gogoeta eta bizipenetan jarri zuten fokua. Eguneroko une intimoen, emozioen, beldurren eta itxaropenen kontakizun intimoa bihurtzen da dokumentala. “Bi pertsonaiak oso ezberdinak dira eta bakoitzak bere ikuspegitik bizi du egoera, irakurketa oso desberdinak eginez”, gehitu du Larreategik.
Txaber Larreategi eta Josu Martinezen lan berria memoria berreskuratzearen inguruko hausnarketa ere bada. Erabaki konplexu eta arriskutsu baten egunerokotasunean murgiltzen du ikuslea. “Hau ez da Sagarren denbora filmaren bigarren zatia, hark ‘puntu suspentsiboak’ uzten zituen airean bikotearen istorioari dagokionez; orain, etenaldi hori bertan behera utzi eta itzulerako abentura kontatu nahi izan dugu”.
I.E.