tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Zinemaldiaren Egunkaria > Ikusezintasunaren kontrako begirada
Zinemaldiaren Egunkaria » Zinemira
Ikusezintasunaren kontrako begirada
Hijos de Dios / Gód´s children (Jainkoaren semeak)
Larunbata, 2020(e)ko irailak 19

Kalean bizi diren pertsonei begietara begiratzera behartuko digu gaur estreinatuko den Hijos de Dios filmak. Ekain Irigoien zinemagile donostiarraren azken lanak Madrilgo Operaren Plazan bizi diren Javier Lea Cano eta Mariano López de la Isidra ‘Romerales’ etxegabe beteranoen eguneroko bizitzan murgiltzen gaitu, bere itzalekin eta argiekin. Pertsona horiekiko gertutasuna lortzeko, Irigoien bost urtez aritu da istorioa harilkatuko zuen materiala filmatzen.


“Oso azkar onartu zuten proiektuan parte hartzea eta bost urte hauetan euren bizipenak inongo filtrorik gabe kontatu dizkidate, beraien arimak erakutsi dituzte inongo lotsarik gabe“, azaldu du Irigoienek. Filmak asko erakutsi diola aitortzen du zuzendariak, bai pertsona horien duintasunari buruz baita norberak bere bizitzaren erantzukizuna hartzeari buruz. “Filma beraiena da, sentsazioa daukat ni bost urtetan beraiek zuzentzen ibili naizelakoan egon naizela eta azkenean beraiek zuzendu dutela filmaren norabidea”, azaldu du.


Barrua ukitu diote Javiren eta Romeralesen testigantzek. “Gogorra izan da bi protagonisten istorioak entzutea, baina gogorrena egiten zitzaidana da guk asteburua beraiekin pasatzen genuela baina gauero, bukatzen genuenean, hotelera erretiratzen ginela eta haiek han geratzen zirela beraien errealitatearekin”, dio zinemagileak. “Inor ez da inor baino gehiago; batzuek besteek baino zorte handiagoa daukagu, besterik ez”, azaldu du.


Filmeko bi pertsonaiak arras diferenteak direla dio egileak. “Romeralesek argi dauka bere erabakien ondorio izan dela bizitza hori, baina Javiri txikitatik tokatu zaion zerbait da”, kontatu du zuzendariak, “amak abandonatu egin zuen, adopziozko ama hil egin zitzaion hamar urte zituela eta aitak abandonatu behar zuela jakin zuenean etxetik alde egin zuen, eta hamar urtetatik ibili da bere bizitza aurrera ateratzen. Familiaren beharra du baina berak sortu zuen familia ere bere erabaki txarrengatik galdu zuen”.


Gertutasunaren bila

Protagonistak eroso egotea inportantea izan zen proiekturako eta horretarako lantaldeak txikia izan behar zuela erabaki zuen Ekain Irigoienek. Hiruzpalau pertsonako taldea osatu zuen eta ia beti partaide berdinak joaten ziren Madrilera filmatzera: hiru kameralari eta soinu teknikari bat. Inongo argiztapenik gabe aritu ziren, protagonisten ikusezintasuna aprobetxatzen eta ate baten zirrikitutik begira ariko balira bezala grabatzen. Kamerak pertsonaien parean edo beherago jarri eta denbora eta begirada gardena dedikatu die zinemagileak: “Normalean lurrean ikusten dugu horrelako jendea eta goitik behera begiratzen diegu, eta nik ikusten ditudan bezala erakustea nahi nuen”.


Irigoienek azaldu duenez, “beraien eta gure arteko jolasa balitz bezala planteatu nuen lana; intentzioa bazen serioa, film bat egitea, baina guk izan behar genuen euren bizitzetan osagai berri eta koloretsu bat, jostagarria zena”. Naturaltasun hori igartzen da minutuak aurrera doazen heinean, nahiz eta batzuetan euren begiradak ikuslearen begiradekin gurutzatzen diren. “Horrelako begirada batzuk propio mantendu ditut noizbehinka, nire intentzioa zelako ikuslea behartzea horrelako jendeari begietara begiratzera”.

Horretarako aukera paregabea izango da gaur Principe aretoan egingo den aurkezpen eta solasaldian. Izan ere, Javier Lea protagonista bertan izango da ikusleei aurrez aurre begira.


Irene Elorza

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea