tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko


Euskal Zinema
Euskal Zinema
Zinemira
Zinemira
Euskal Zinemaren Gala
Euskal Zinemaren Gala
Zinemira Saria
Zinemira Saria
Beste sailak
Beste sailak
Euskarazkoak, bikoiztutakoak eta azpidatziak
Euskarazkoak, bikoiztutakoak eta azpidatziak
Irizar Saria
Irizar Saria

Hogeita bat lanek –14 film luzek, hiru film laburrek, bi telesailek, film ertain batek eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu batek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan hautatutako euskal ekoizpena, eta Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan banatuta egongo dira lan horiek.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen biltzen ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste lau filmekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko (ekoizleak jasoko du zenbateko hori).

Euskal Zinemaren Galan bere debuta –Un otoño sin Berlín (2015)– estreinatu ondoren, Lara Izagirre Garizurietak (Amorebieta-Etxano, Bizkaia. 1985) Zinemira inauguratuko du Nora filmarekin, 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen proiektuarekin. Besteak beste, Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filman; Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du.

David González Rudiezek (Bilbo, 1980) Zinemiran parte hartu zuen La noche los lleva (2018) filmarekin duela bi urte, eta aurten ere sail horretan izango dugu bere laugarren film luzea –Talento / Talent (Talentu)– aurkezteko; azkenik film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko digu bertan. Eugène Green (New York, 1947), Frantzian bizi den zinemagile estatubatuarra da, zuzendu dituen film luzeek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian, Locarnoko eta Berlineko zinema-jaialdietan parte hartu dute, eta bi euskal mitoren berrikuspena proposatzen digu oraingoan Atarrabi et Mikelats filmean.

Amaia Merino (Donostia, 1970) –Asier ETA biok (2013, Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat– eta Miguel Ángel Llamas (Noain, Nafarroa. 1980) zinemagileek elkarrekin zuzendu dute Non dago Mikel? / Where is Mikel? filma; bertan, Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen digute: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta 20 egun geroago hilik aurkitu zuten, baina inor ez dute epaitu edo zigortu harrez geroztik hona. Josu Martínezek (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategik (Donostia, 1986) jada aurkeztu izan dituzte euren lanak Zinemaldian, hala nola Sagarren denbora (2010), Gure sor lekuaren bila (2015) eta Jainkoak ez dit barkatzen (2018), eta oraingo honetan elkarlanean egindako Caminho longe ekarriko digute, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baitio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta.

Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano, Hijos de Dios / God’s Children (Jainkoaren semeak) filmaren Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) lan berriaren protagonistak dira. Irigoien  La Cañada de Andrea (2014) film dokumentalaren eta Kresala –Zinemaldian Belodromoan estreinatutako Kalebegiak (2016) film kolektiboaren parte– film laburraren egilea da. Bestalde, N´Diawaldi Bouly (2011) eta Born in Gambia (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak (Iruñea, 1977) Enrique Villareal 'El Drogas' musikariaren –Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten– erretratu poliedrikoa sortu du.

Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da Telmo Esnal (Zarautz, 1967) Aupa Etxebeste! (2005), Urte berri on, amona! (2011) eta Dantza (2018) aurkeztu baititu, eta Pablo Azkueren kontakizun bat berreskuratu eta Urtzen bihurtu du, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako zinema-saiakera bat, existentziari buruzkoa. Dokumentalen zuzendaritzan esperientzia handia izanik, Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molések (Castelló, 1974) Lobster Soupekin itxiko dute Zinemira saila; 2018an jada Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izan zen proiektu horrek Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.

El estado contra Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar eta Jo ta ke / Non Stop Zinemiran ere egongo dira Zinemiran, lehiaketatik at, ez baitira film luzeak. Lehenbizikoa Olmo Figueredok (Sevilla, 1980) sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da (bi egongo dira ikusgai Donostian); ekoizle eta zuzendariak Estatu Batuetan 25 urtetik gora (horietako 16 heriotza-korridorean) preso daraman gizonaren odisea judiziala kontatu du.

Bigarrena, 2019ko Ikusmira Berriak programako egonaldian sortzen hasi zen Jo ta ke / Non Stop film ertaina da; Aitziber Olaskoagak (Getxo, Bizkaia. 1980) Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelara bidaia bat egitea proposatzen digu, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.

BESTE SAIL BATZUK

Aitzitik, aurretik Zinemaldiaren beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar Saria irabazteko lehian: Pablo Agüeroren Akelarre –Sail Ofizialean sartua–; David Pérez Sañudoren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak / Death Knell (biak New Directorsen parte) eta Asier Altunaren ARZAK Since 1897 –Culinary Zinema irekiko duena–.

Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Zehazki, euskal ekoizpeneko bi film laburrek Zabaltegi-Tabakaleran hartuko dute parte: Laida Lertxundiren Autoficción / Autofiction (Autofikzioa) eta Marina Palacioren Ya no duermo. Espainiako zinemaren urteko egoeraren erakusgarri den Made in Spain sailean Paula Cons Varelaren (Coruña, Espainia. 1976) La isla de las mentiras / The Island of Lies lanak –egilearen fikziozko lehen film luzeak– parte hartuko du; film horrek Titanic Galiziar izenez ezan bihurturiko itsasontziak 1921ean izandako urperaketaren benetako historia ekartzen digu gogora. Consek La batalla desconocida (2017) eta El caso Diana Quer, 500 días (2018) dokumentalak sortu zituen.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia Antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko da bertan, Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Mayak (Errenteria, 1977) zuzendua, non dokumentala eta dantza hibridatzen baitira, bizi dugun pandemia-garaian hobeki sentiarazteko kontakizun bat eraikitze aldera. Zinemira Saria ere banatuko da Galan, Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek euskal zineman nabarmena izan den pertsona bati ibilbidea aitortzeko ematen dioten ohorezko saria. Honako hauek jaso dute orain arte sari hori: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018) eta José María ‘Txepe’ Lara (2019). Aurki iragarriko da 2020ko saria nork jasoko duen.

Azkenik, irailaren 23an EiTBk Alardea / Boast estreinatuko da EiTB Galan; David Pérez Sañudok zuzendutako lau ataleko telesaila Irun eta Hondarribiko desfile tradizionaletan emakumeek izan duten parte-hartzeari buruzkoa da. Zinemaldian bi kapitulu emango dira.

Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) 918 gau / 918 Nights proiektuarekin parte hartuko du WIP Europan, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortutako Donostia Zinemaldiaren work in progress berrian. Ekoizpen-fasean dagoen film hau Ikusmira Berriak egonaldi-programan eratu zen.

 
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea