Italia iparraldeko basoen barren-barrenean Albako trufa zuri preziatua dago ezkutatuta. Munduko bezero aberatsenek eskuratu nahi dute, eta misterio nola usaintsua hala arraroa izaten jarraitzen du. Ezin da ez landu ez aurkitu, ezta hondeamakina moderno eta burutsuenekin ere. Trufa horiek lurpetik nola atera dakien izaki talde txiki bakar bat dago Lurrean, txakurrez eta horien gizaki ilezuriez osatua; bastoiarekin dabiltzan gizaki horiek umore-sen gaiztoko italiar agureak dira, eta gauez baino ez dira joaten trufen bila, besteei inolako arrastorik ez emateko. Halere, bilatzaileen kokagune txiki horrek planeta osoa hartzen duen merkatu bizi bat sortzen du.
Michael Dweck (Brooklyn, New York) zinemagile eta artista bisuala da, nortasunaren eta arriskuan dauden ingurune sozialetako egokitzapenaren arteko gatazkak jorratzen dituen argazkilaritza- eta zinema-proiektuengatik ezaguna. Gregory Kershawk (Utica, New York) gizakien eta haien planetaren konplexutasuna eta edertasuna aztertzen ditu zinemagile gisa. 2018an zuzendu zuten elkarrekin lehen film luzea, The Last Race dokumentala, Sundance Zinema-jaialdian estreinatua; aurten ere sariketa horretan hartu dute parte The Truffle Hunters lanarekin. Cannesko 2020ko zinema-jaialdian (covid-19aren eraginez bertan behera utzia) hautaketa ofizialean dago filma.