São Paulo, Brasil, 1899, esklabotza abolitu eta urte batzuetara. Hiria ziztu bizian ari da hazten. Soares familiako hiru emakumeak, antzina lurren eta esklaboen jabeak zirenak, hirira itzuli berri dira. Azken neskamea hil zitzaienetik galduta daude eta zailtasunak izango dituzte Brasilgo aldaketetara egokitzeko. Aldi berean, Nascimento familiakoek, zeinak Soarestarren jabetzan langile esklaboak ziren, orain, askatu berri diren pertsona beltzentzako lekurik ez duen gizarte bati aurre egin behar diote. Brasilen iraganaren eta orainaren artean, lekuz kanpo, mundu modernoan bizirik ateratzeko borrokatzen dute guztiek.
Caetano Gotardok (Vila Velha, Brasil. 1981) mundu osoko zinema-jaialdietan erakutsitako film luzeak zuzendu ditu: O que se move (The Moving Creatures, 2012) eta Seus ossos e seus olhos (Your Bones and Your Eyes, 2019). Film labur ugari zuzendu ditu, besteak beste, Areia (Sand, 2008), Cannesko Semaine de la Critique sailean aurkeztua. Marco Dutra (São Paulo, Brasil. 1980) Juliana Rojasekin batera zuzendu ditu Trabalhar Cansa (Hard Labor, 2011) –Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztua–, eta A boas maneiras (Good Manners, 2017), Locarnoko Epaimahaiaren Sari Bereziaren irabazlea. Bakarka Quando eu era vivo (When I was Alive, 2014) beldurrezko filma eta Era el cielo (The Silence of the Sky, 2016) thrillerra zuzendu ditu. Todos os mortos filmak Berlingo zinema-jaialdian parte hartu zuen.