Santiagotik gertuko hondartza batean bortxatua izan eta zortzi urtera, zinemagile gazte batek kaleidoskopio bat muntatuko du hainbat bideo-egunkarirekin; bertan, abusuaren zauriak, berriz biktimizatzen duten prozesu judizialak eta harekin batera doan adiskidetasuna agertzen dira. Bidaia horretan galdera hau sortzen da: zer da, benetan, bortxaketa bat eta noiz amaitzen da?
Carolina Moscoso (Santiago,Txile. 1986) zinema eta telebistako zuzendari eta muntatzailea da. Txileko Unibertsitatean ikasi zuen eta Sorkuntza Dokumentaleko Masterra egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Zuzendari eta muntatzaile gisa lan egin du animazio, bideoklip, antzerki eta ikus-entzunezkoen alorreko proiektuetan. Visión nocturna bere lehen film luzea da eta Nazioarteko Lehiaketaren Film Onenaren Sari Nagusia lortu zuen Marseillako azken Zinema-jaialdian. Carolina Moscoso hurrengo filma –Nunca seré policía– garatzen ari da jada, eta Javiera Courtek eta Grace Lazcanok zuzendutako Históricas lanaren muntaketan dihardu.