17 urterekin, Autumnek ispiluari begiratu eta bere gorputza aldatzen ari dela konturatuko da. Kezkatuta, gazteei laguntzeko zentro batera joango da, eta gehien beldurtzen zuena adieraziko diote hor: haurdun dago. Toki-zerbitzuek ez diete bere galderei erantzuten, ezta osasun-zentroan ematen dizkioten liburuxkek (gazteak jaioberria adopzioan ematera animatzeko diseinatuak) ere. Gainera, adin-nagusitasunera ez denez iritsi, bere estatuko legeak behartu egiten du gurasoen baimena eskatzera legez abortatzeko. Etsita, metodo alternatiboetara jotzea baino ez zaio geratzen, emakumeek beti erabili izan dituztenak. Autumnek ez du inorekin hitz egiten bere arazoaz, baina bere lehengusu Skylarrek, zeina bere lagunik onena ere baden eta egunero institutuan ikusten duen, baita biek kutxazain gisa lan egiten duten dendan ere, segituan ulertuko du egoera eta berehala eta baldintzarik gabe eskainiko dio laguntza. Brooklyngo klinika bateko helbidea poltsikoan, New Yorkera eramango dituen autobus batera igoko dira biak egunsentian.
Eliza Hittmanek (New York, 1979) 2013an zuzendu zuen bere lehen film luzea, It Felt Like Love, Sundance Zinema-jaialdiko NEXT sailean estreinatua; Sundacen aurkeztu zuen, baita ere, bere bigarren flma, Beach Rats (2017), zeinak Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen eta Locarnoko Zinema-jaialdiko Cineasti del Presente sailean izan zuen nazioarteko estreinaldia. Never Rarely Sometimes Alwaysek Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Berlingo azken edizioan eta Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Sundancen.