Neige, hiru seme-alaba dituen ama dibortziatua, bere aitona aljeriarra bisitatzera joan ohi da zahar-etxera. Neigek familiako oinarri hori maite eta errespetatzen du, bere hazkuntzaz arduratu eta, batez ere, bere guraso toxikoengandik babestu baitzuen. Senideen arteko harremanak korapilatsuak dira eta samintasun eta erresuminez beteta daude. Zorionez, Neigek François senar ohiaren babesa du. Aitonaren heriotzak ekaitza sortuko du familian eta nortasun-krisi sakona eragingo dio Neigeri. Hortik aurrera, bere ADNa ezagutu eta ulertu nahiko du.
Maïwenn (Les Lilas, Frantzia. 1976) aktorea da haurra zenetik, eta I'm an actrice (2003) film laburrarekin debutatu zuen zuzendaritzan. Bi urte geroago, bere lehen film luzea zuzendu eta antzeztu zuen, Pardonnez-moi (2005), César sarietarako bi izendapen izan zituena. Geroago, Le bal des actrices (2007) –hori ere César baterako izendatua– eta Polisse (2010) –Canneseko Epaimahaiaren Saria eta bi César irabazi zituena– zuzendu zituen. Mon roi (2014) filmarekin lehiatu zen berriro Cannesen, eta haren protagonistak, Emmanuelle Bercotek, Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso zuen. ADN Cannes 2020ko hautaketa ofizialean dago, nahiz eta jaialdia ez den egin, covid-19a dela eta.