El Gran Fellove Matt Dillon aktore eta zinemagilearen film dokumentala da, Francisco Fellove abeslari eta showman kubatarraren musika-ibilbidea eta artistaren azken albumaren grabazioa kontatzen dituena. Artxiboko elkarrizketa, argazki eta bideoen bidez, eta baita Matten beraren grabazioen bitartez ere, Felloveren bizitza deskribatu eta gogorarazten da filmean: Kuban izugarri ahalegindu zen musikari gisa, azkenean arrakasta izan zuen Mexikon, eta musikari erakutsi zion maitasuna kutsakorra izan zen amaierara arte.
Azken lau hamarkadotan, Matt Dillonek (New Rochelle, AEB. 1964) ibilbide luzea izan du aktore gisa; horri dagokionez, nabarmentzekoak dira film hauek: The Outsiders (Francis Ford Coppola; 1983); Drugstore Cowboy (Gus van Sant, 1989); Singles (Cameron Crowe, 1992); Beautiful Girls (Ted Demme, 1996); There’s Something about Mary (Bobby eta Peter Farrelly, 1998); Crash (Paul Haggis, 2004), zeinarengatik nominazio bat jaso zuen Oscarretarako, Dillonen nominazio bakarra; The House that Jack Built (Lars von Trier; 2018); eta Proxima (2019), zeina Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen. 2002an, zuzendaritzan debutatu zuen City of Ghostsekin. 2006an Donostia Zinemaldiak Donostia Saria eman zion.