Norak 30 urte ditu, aitona argentinar Nicolasekin bizi da eta bere lagun Meriren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkarian horoskopoa idazten du, baina bidaia-idazle izateko ametsa du. Aitona hil eta Dyane 6 zahar bat utziko dio hark oinordetzan. Oso gaizki gidatzen du, baina helmugarik gabeko road trip bat egitera abiatuko da Nora Euskal Herriko kostaldetik, aitonaren errautsak amonaren ondora eramateko. Ibilbideak berehala erakutsiko dio ez dela bidaiari petoa, eta zeukan ametsak berez ez duela zerikusirik berarekin, baizik eta aitzakia hutsa zela libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta, lehen aldiz, bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko.
Lara Izagirrek (Amorebieta-Etxano, Bizkaia, 1985) Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, New York Film Academy ikastetxean zinema ikasten jarraitu zuen eta ESCACeko gidoi-masterra egin zuen. 2010ean Gariza Produkzioak ekoiztetxea sortu zuen, eta horren bidez idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu Bicycle Poem (2010), Kea (2012), Next Stop: Greenland (2012), Sormenaren Bide Ezkutuak (2013) −Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema sailean aurkeztua− eta Larroxa (2013) film laburrak. 2015ean Un otoño sin Berlín fikziozko bere lehen film luzea estreinatu zen Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan. Haren protagonista nagusia antzeztu zuen aktoreak, Irene Escolarrek, emakumezko errebelazio-aktore onenaren Goya Saria eskuratu zuen. Nora hautatua izan zen Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Fororako 2018an.