Jorge gerrilla-zinemako zuzendaria da, eta bere azken lana –asmo handikoa– amaitzear dago; zinema-abangoardiaren panoraman ospetsu bihurtzea espero du lan horrekin. Dirulaguntza gertagaitz baten ondorioz, bizitza hankaz gora jarriko dion proiektu zahar bat berragertuko zaio: azkenik, film bat diruarekin egitea. Hots, film komertzial bat.
David González Rudiezek (Bilbo, 1980) errealizadore, gidoilari eta editore gisa lan egin du, eta Kimuak katalogoan izan da bost aldiz. Egindako film laburrekin estatuko eta nazioarteko 60 sari baino gehiago lortu ditu. Lehen film luzea, La fosa (2016), zuzendariak berak ekoitzi zuen modu independentean, eta Opera Prima Onenaren saria irabazi zuen Paura Beldur Zinemako Jaialdian. Formatu luzean egindako bigarren lana, Arder (2017), Sitgeseko Fantasiazko Zinemako Nazioarteko azken Jaialdian estreinatu zen, lehiaketan, Noves Visions sailean. Bere hirugarren filmarekin –La noche los lleva (2018)– Donostia Zinemaldiko Zinemira Sailean parte hartu zuen.