Goizero, Bryggjaneko otarrain-zoparako osagai ugariak prestatzen ditu Krillik. Islandiako herririk hutsaleneko kafetegi txiki-txikia da Bryggjan. Emazteak, sukaldean laguntzen badio ere, Reykjavikera itzuli nahi du samintasunez oroitzen delako hiriarekin. Alli, Krilliren anaia, arrantzale zaharrekin, Islandiako azken boxeolariarekin eta On Kixote gazteleratik islandierara itzuli zuen pertsonarekin eseri ohi da lokalean. Egunero topatzen dute irtenbide berri bat munduko arazo guztietarako. Hilean behin jendea Bryggjanen elkartzen da Grindavíkeko hildakoak oroitarazteko eta haien izenak esateko. Lau musikari erok jazza jotzen dute. Galdutako turista batzuk arrantza-portura iritsi eta kafetegiko giroak harrapatuko ditu. Benetako jendea, pentsatuko dute. Benetako leku bat. Mendiaren beste aldean Blue Lagoon dago, uhartearen erakarpen handia. Planeta osoko jendeak liluratuta ikusten ditu sumendiak, izotza eta Lurraren sorrera. Baina orain, mendiak, turistek eta laba-zelaiak gero eta gehiago bultzatzen dute herria itsasora.
Pepe Andreu (Elx, Espainia. 1973) eta Rafael Molés (Castelló, Espainia. 1974) zuzendari, gidoilari eta ekoizleak dira. Telebistan lanean hogei urte eman ondoren, 2013tik fikziozko dokumentalak zuzendu eta ekoizten dituzte, baita telebista- eta irrati-saioak ere, SUICAfilms ekoiztetxearen bitartez. Five days to dance (2014), Sara Baras. Todas las voces (2016), Experimento Stuka (2018) eta Picotazos contra el cristal (2019) film luze dokumentalak zuzendu dituzte, guztiak ere hainbat zinemalditan –hala nola Santa Barbarakoa, DocsBarcelona eta Krakoviakoa– hautaketak eta sariak izan dituztela. Lobster Soupek Donostia Zinemaldiko Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2018an, eta Ibaia eta Treeline Distribution sariak eskuratu zituen bertan.