Javier eta Romerales etxegabe beteranoek Madrilgo Operaren Plaza turistikoa inguratzen duten erlaitzetako baten azpian egiten dute lo. Bi horiekin batera, bidaia luze bati hasiera ematen dio filmak hiriburuko kale jendetsuetan zehar, non erotu gabe bizirik irauteko gaitasun handiak behar diren. Bi pertsonaia horien adiskidetasunak eta bizitza sinestezinak bizitzari, heriotzari eta duintasunari kantu egiten diote film honetan.
Ekain Irigoienek (Donostia, 1981) EiTBko Goenkale eta Balbemendi telesailetan eta Hoy cocinas tú (La Sexta) eta Bricomanía (Telecinco) saioetan egin du lan telebista-errealizadore gisa. Halaber, gidoilari gisa ere egin du lan EiTBk emandako Wazemank saiorako. Gaur egun, Karlos Argiñano sukaldariaren programaren errealizadorea da, eta hamarkada bat baino gehiago darama chefarekin lanean. Halaber, La Cañada de Andrea (2014) film dokumentala idatzi eta zuzendu du, baita Kresala film laburra ere, Donostia Zinemaldia zela-eta Belodromoan estreinatutako Kalebegiak (2016) film kolektiboaren barnean sartua.