Sam eta Tuskerrek hogei urte daramate elkarrekin eta beti bezain grinatsu daude elkarrekin maiteminduta. Baina azken bi urteetan, Tuskerri fase goiztiarreko dementzia diagnostikatu ziotenetik, bikotearen bizitza aldatu egin da. Udazkena heltzean, errepideko bidaia bat egiteko plana egingo dute, Tuskerrek oraindik bidaiatzeko aukera duen bitartean, euren lagun eta senideekin berriz konektatzeko eta iraganeko lekuak bisitatzeko. Bidaiak aurrera egin ahala, etorkizunari buruz ideia desberdinak dituztela konturatuko dira. Sekretuak jakingo dituzte, plan pribatuak agerian geratuko dira eta inoiz ez bezala probatuko da elkarri dioten maitasuna.
Harry Macqueenek (Leicester, Erresuma Batua. 1984) aktore-ikasketak egin zituen Londreseko Royal Central School of Speech and Drama ikastetxean, zuzendari bihurtu aurretik; aktore egin zuen lan, besteak beste, hauetan: Me and Orson Welles (Richard Linklater, 2008); Provenance (Ben Hecking, 2017), zeinari esker Gizonezko Aktore Sekundario Onenaren Saria lortu zuen Madrilgo zinema-jaialdian; eta Eastenders telesail britainiarra. Hinterland (2014) da bere lehen film luzea gidoilari, zuzendari eta ekoizle gisa. Hinterland Britainia Handiko Film Onenaren sarirako izendatu zuten Londresko Raindance zinema-jaialdian, eta Opera Prima Oneneren sarirako, berriz, Beijingo zinema-jaialdian. Supernova da egilearen bigarren film luzea.