Sandrak bere bi alaba txikiak hazteko etxe epel, seguru eta zoriontsu bat lortzen saiatzen den ama gaztea dirudi. Familiaren bizitza hobetzeko erabaki irmoa du hartuta, eta ikusten duenean erakundeek ez diotela lagunduko, hutsetik abiatzea eta etxea berak eraikitzea erabakiko du. Oso diru gutxirekin eta aurrezkirik gabe, Sandrak bere asmamen guztia erabili beharko du bere asmo handiko plana benetako bihurtzeko. Horrez gainera, senar ohi posesiboaren kontroletik ihes egin eta harengandik urrundu beharko ditu nola alabak hala bere burua. Halere, ezerk ezingo du Sandra kikildu, eta babesa eta laguntza emateko prest egongo diren lagun batzuk bilduko ditu. Horien eskuzabaltasunari eta bihotz onari esker, eta bi alaben maitasuna izanik, Sandrak benetan bera izan daitekeelako sentsazioa berreskuratuko du.
Phyllida Lloyd (Bristol, Erresuma Batua. 1957) antzerki- eta opera-zuzendari gisa lan egiteagatik da ezaguna. 2008an estreinatu zen Mamma mia! komedia musikalarekin debutatu zuen zineman. Bi Golden Globe Award eta hiru BAFTA saritarako izendatua izan zen filma. 2011n Meryl Streep izan zuen berriz, bere bigarren film luzean (The Iron Lady) Margaret Thatcherren papera egiteko. Emakumezko Aktore Onenaren Oscar bat eta Golden Globe bat irabazi zituen Streepek, eta filmak Makillaje Onenaren Oscar Saria ere jaso zuen. Herself filmak Sundance Zinema-jaialdian izan zuen nazioarteko aurkezpena, eta geroago Michael Dwyer Discovery eta Human Rights Film sariak eskuratu zituen Dublingo Zinema-jaialdian.