Ostalaritza ikastea erabaki zuenean, zera erantzun zion amak Juan Mariri: egin zezala etorkizun handiagoko karrera bat. Harrez gero joan diren hirurogehi urte hauetan, gastronomiak sekulako prestigioa hartu du gizartean. Juan Mari bilakaera horren parte garrantzitsua izan da. Eta Arzak, Donostiako Mirakruz gainean kokatutako familiarteko jatetxea, munduko jatetxerik onenetakoa da azken urte hauetan. Belaunaldi berri baten txanda da orain. Elena Arzakek, Juan Mariren alabak, hartu du aitaren testigua. Erretiratzeko momentua iritsi zaio Juan Mariri, bere ibilbideari errepasoa emateko unea.
Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa. 1969) Telmo Esnalekin batera zuzendu ditu Txotx (1998) eta 40 Ezetz (1999) film laburrak eta Aupa Etxebeste! (2005) −Donostia zinemaldiko New Directors sailean lehiatu eta Gazteriaren Saria irabazi zuena− eta haren jarraipen Agur Etxebeste! (2019) −iaz Euskal Zinemaren Galan estreinatua− film luzeak. Bakarka, Altunak lau film labur zuzendu ditu eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu du Bertsolari (2011, lehiaketatik kanpo) eta Amama (2015) lanekin, (Amamak Irizar saria irabazi zuen). 2018an Zinemiran emandako Gure Oroitzapenak film kolektiboan parte hartu zuen egileak segmentu batekin. ARZAK since 1897 ekoizpenak Lau Haizetara dokumentalen koprodukzio-foroan parte hartu zuen 2018an.