Gabarre-Mendoza familia bere bilobaren urtebetetzea ospatzen ari da, baina polizia-ikuskapen batek jaia eteten du. Cañada Realen, Madrilgo kanpoaldean dagoen txabola-auzoan, tirabirak sortzen dira agintarien eta bizilagunen artean; izan ere, lurrak saldu dituzte, eta beraiek eraiki dituzten etxeetatik alde egitera behartzen dituzte. Ama, Agustina, oso emakume alaia izatetik beldurrak jota bizitzera igaro da; aita, David, txatar-biltzaile oso langilea, irtenbide bat bilatzen saiatzen da, baina sistemaren burokraziak huts egiten die. Bien bitartean, familiako kide gazteenek –David, semea; María, erraina eta ama nerabea, eta Alejandro gaztea– ahal duten bezala egiten dute aurrera, beraien bizitzak hari-harian daudela. Opera prima.
Isabel Lambertik (Bühl, Alemania. 1987) Zinemaren Teoria eta Zuzendaritza ikasi zuen TISCH School of the Arts (New York) eta Netherlands Film Academy ikastetxeetan. Hasieran dokumentalen zuzendaritzan kontzentratu zen, baina ikasten ari zela, errealitatearen eta fikzioaren arteko zinema hibrido bat garatuz joan zen. Bere film laburrak mundu osoko jaialdietan aukeratu eta saritu dira; horren adibide dira Volando voy (2015) –Donostiako Nest Film Students lehiaketan ematen den Torino Award saria jaso zuena–, Amor (2017) eta Father (2019). 2018an Skam nerabeei buruzko telesail arrakastatsuaren remake holandarra zuzendu zuen telebista publikorako. Iaz New Directors saileko epaimahaikide izan zen Donostian. La última primavera da Lambertiren lehen film luzea.