Fraser, hamalau urteko mutil bat, Venetoko base militar amerikar batera bizitzera joan berri da. Han Caitlin ezagutuko du, bere adineko neska bat. Biak ala biak nahasita daude sexu- eta genero-nortasunei dagokienez. Pixkanaka, lagun bihurtu eta elkarri lagunduko diote. Azkenean, harreman bat dutelako itxurak egingo dituzte, kideen eta kanpoko munduaren presioa saihesteko. Caitlinek bere alderdi femeninoa baztertzen du, ez baitu ezer jakin nahi horri buruz, eta Fraserrek, bestalde, erakarpena sentituko du bere ama Sarahrekin lan egiten duen mutil zaharrago batengandik. Bi protagonisten lehen maitasun-esperientziek eragin ikaragarria izango dute euren bizitzetan.
Luca Guadagnino (Palermo, Italia. 1971) zuzendari, gidoilari, ekoizle eta arte-ekintzailea da. 1999an zuzendu zuen bere lehen lana, The Protagonists (1999), Venezian aurkeztua. Hauek ere zuzendu ditu: Melissa P (2005); Io sono l'amore (I Am Love, 2009), Jantzirik Onenen Oscarrerako eta Atzerriko Film Onenaren Golden Globe eta BAFTArako izendatua; eta A Bigger Splash (2015), zeinarekin Venezian lehiatu zen. 2017an bere arrakastarik handiena lortu zuen Call Me by Your Namerekin, zeinak Gidoi Egokitu Onenaren Oscarra irabazi zuen eta Film Onenaren Oscarrerako izendatu zuten. 2018an Dario Argentoren Suspiria filmaren remakea zuzendu zuen. We Are Who We Are zortzi kapituluko telesaila da, HBO-SKY plataformarako.