GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu finalista, Donostia Zinemaldiaren 68. Edizioan emango den VIII. Sebastiane Latino saria irabazteko hautagai. Hauek dira hautatutako filmak: Alice Junior, Las mil y una, Los fuertes, Todos cambiamoseta Vento seco.
Lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako filmari emango zaio saria. 2020an, bost zuzendarik, emakume batek eta lau gizonek sinbolizatzen dute aldarri eta balio horien defentsa kontinentearen luze-zabalean. Panama, Txile, Argentina eta Brasilgoak –bi ekoizpen– dira haien filmak.
"Lan finalistek LGTBI pertsonen bizimodua erakusten dute landa-ingurunean eta baztertutako auzoetan, alegia, LGTBI pertsonak zaurgarrienak diren ingurune txiki eta ez-anonimo horietan. Nolanahi ere, espazio horiek hobetzeko ekarpen handiena egiten dutenen artean ere badaude pertsona horiek, covidaren garaian frogatu den bezala", adierazi du GEHITUk. Kolektiboak nabarmendu duenez, "zinean ohikoa ez den ausardiarekin filmatutako sexualitatearen eta desio maskulinoaren islak" daude hautaketa horretan, bai eta "aurtengo harrotasunaren leloa erradikalki gorpuzten duten kontakizun koralak: begirada itzultzea zaurgarrienengana, emakumeengana, haiek lesbiana, trans eta bisexual gisa duten egoera beheratuan".
2019an, Jayro Bustamanteren Temblores Guatemalako ekoizpenak irabazi zuen Sebastiane Latino saria. Film horretan, sexu-orientazioa aldatzeko terapia sasizientifikoak salatzen dira. Filma Gipuzkoako hainbat herritan proiektatuko da Donostiako Zinemaldia hasi aurreko egunetan, eta une egokia izango da gogoratzeko familia homofoboetan konfinatuak egon direla LGTBI gazte asko.
Sariaren zortzigarren edizioa izango da, eta abuztuan jakinaraziko da irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk Latinoamerikako LGTB+ zinema babesten jarraitzen du Donostia Zinemaldiaren esparruan. Zinemaldiaren 68. Edizioan emango da Sebastiane Latino saria, eta haren arduradunek Iberoamerikako LGTBI Zinema Jaialdien VI. Topaketa antolatuko dute, aurten online izango dena.
ALICE JUNIOR
GIL BARONI | BRASIL, 2019 | 87'
Alice Júnior YouTubeko bere azken bideoa egiten ari da, lehen musu desiratuaren inguruan. Baina bere aita logelara sartu eta kameraren aurrean iragarriko du Brasilgo Recife hiri bizitik alde egin eta hegoaldeko herri txiki eta kontserbadore batera joango direla bizitzera. Protagonistak bere burua prestatu beharko du, han aurkituko duen itxurakeria eta zitalkeriari aurre egiteko. Anne Celestino Mota blogariak interpretatutako transgenero nerabeak ez du onartuko hasieran aurkituko duen giro gaiztoak deprimi dezan. Bere nortasun liluragarriarekin, Alicek –seguru eta karismatikoa berau– jokabide katoliko kontserbatzaileak birpentsaraziko dizkie bere ikaskide eta maisu berriei.
LAS MIL Y UNA
CLARISA NAVAS | ARGENTINA/ALEMANIA, 2020|120'
Irisek Renata ezagutzen duenean Las Mil Viviendaseko monoblocken artean, ezin ulertuzko erakarpena sentituko du. Deserosoa da Renataren presentzia berria, eta aurreiritziak zabalduko dira. Etsaitasun horren aurrean, bi emakumeak eta euren lagun talde txikia izango dira queer erresistentzia, eta lortuko dute eraitsitako arkitektura horiek arriskutsuak bezain konplize bihurtzea eta euren arteko topaketak izatea auzoko gauetako argi.
LOS FUERTES
OMAR ZUÑIGA HIDALGO | TXILE, 2019 | 89'
Lucas bere ahizpa bisitatzera joango da Txileko hegoaldeko herri urrun batera. Ozeanoaren eta lainoaren aurrean, Antonio ezagutuko du, herriko arrantza-ontzi bateko kontramaisua. Bien artean maitasun bizia sortuko da, eta haien indarra, independentzia eta heldutasuna mugiezin bihurtuko dira marearen aurrean.
TODOS CAMBIAMOS
ARTURO MONTENEGRO |PANAMA, 2019 | 93'
Herri txiki batean, Federico eta Carolek, hiru seme-alabaren gurasoek, etxe perfektua dute, baina zine-gauetan Lizzie izeneko sekretu bat partekatzen dute. Hori jakiten denean, familiako kide bakoitzaren indarra eta maitasuna probatzen dituen eraldaketa hasiko da. Elkartuta egon nahi duen familia baten borroka zoriontsu izateko eskubidearen alde, seinalatu egiten dituen gizarte baten aurrean.
VENTO SECO
DANIEL NOLASCO | BRASIL, 2020 | 110'
Brasilgo Goiás estatuko eremu lehorra da Catalão, oso lehorra. Sandrok bizitza monotono samarra bizi du hemen. Harreman soilki sexuala du bere lankide Ricardorekin. Beti lekuz kanpo dagoela dirudi, ez da eroso sentitzen bere buruarekin eta harreman gutxi ditu. Dena aldatzen da Maicon, Tom of Finlanden ilustrazio batetik zuzenean ateratako gizon bat, bere herri txikian agertzen denean.