"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Clarisa Navas zinegile argentinarrak zuzendutako Las mil y una / One in a Thousand filmak zortzigarren Sebastiane Latino Saria jasoko du, GEHITU Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen Elkarteko kideek osatutako epaimahaiaren eskutik. Sari-banaketa, kolektiboak sexu- eta genero-aniztasuna hobekien irudikatzen duen 2020ko film latinoamerikarra nabarmentzeko antolatua, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan egingo da.
Las mil y una / One in a Thousand, Horizontes Latinos Sailean bildua, Argentina eta Alemaniaren arteko koprodukzioa da, eta proiektua zenean Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen. Clarisa Navasek (Corrientes, Argentina. 1989) Hoy partido a las 3 (2017) filmarekin debutatu zuenak, azken Berlinaleko Panorama saila inauguratu eta Film Onenaren Saria eskuratu zuen Jeonjuko (Hego Korea) Zinema-jaialdian, lehen maitasun-harremanaren gorabeherei aurre egin behar dien neska gazte baten istorioari esker.
Sebastiane Latino Saria Las mil y una / One in a Thousand filmari ematea erabaki du epaimahaiak, "narrazioari eta teknikari dagokienez naturaltasun handiz islatzen dituelako baztertutako ingurune batean pertsona talde batek izandako bizipen disidenteak". "LGTBI akronimoak bildutako pertsona guztien barnean elkarrekin bizi diren zaurgarritasuna eta indarra erakusten ditu", adierazi du GEHITUko epaimahaiak, zeinaren ustez Clarisa Navasek agerian uzten baitu "film batean nerabeen afektuez eta sexualitateaz hitz egin daitekeela, errealismoz eta maitasun-istorio nagusiaren 'magia' galdu gabe".
Zinemaldiaren aurtengo edizioak (68.a, irailaren 18tik 26ra egingo dena) filmari eskainiko dion lehenengo emanaldian entregatuko da Sebastiane Latino Saria.