Postprodukzio-fasean dauden Latinoamerikako sei film aurkeztuko dira WIP Latamen profesionalen audientzia baten aurrean: Pornomelancolía / Pornomelancholia, Manuel Abramovichena; Un varón / A Male Fabián Hernándezena; La piel pulpo / Octopus Skin, Ana Cristina Barragánena; Dos estaciones, Juan Pablo Gonzálezena; Vicenta B., Carlos Lechugarena, eta La hija de todas las rabias / Daughter of Rage, Laura Baumeisterrena. Sei work in progress horiek WIP Latam Industria Saria eta WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango dira. Aurtengo edizioan 161 film aurkeztu dira guztira.
WIP Latam irailaren 20, 21 eta 22an izango da; WIP Europa eta X. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ere egun horietan ospatuko dira. Zinemaldiaren bideotekan (CinandoVL) egongo dira ikusgai film horiek, zinema-aretoan ematen direnetik irailaren 25era arte.
Manuel Abramovich argentinarrak Pornomelancolía / Pornomelancholia aurkeztuko du; 2018an jaialdiko Ikusmira Berriak egonaldi-programan garatu zuen film hori, El Oasis izenburuarekin. Zinemagileak beste batzuetan ere parte hartu du Zinemaldian; zehazki, Soldado / Soldier (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) film luzearekin eta Blue Boy (Zabaltegi-Tabakalera, 2019) film laburrarekin. Film labur onenaren saria eskuratu zuen film labur horrengatik BAFICIn, baita film labur onenaren Zilarrezko Hartza ere Berlingo zinema-jaialdian. Gure garaiko intimitatearen mugei buruzko hausnarketa da filma.
Un varón / A Male, TorinoFilmLabeko FeatureLab 2019an hautatua, Fabián Hernández zuzendari kolonbiarraren lehen film luzea da; Hernándezen film laburrak mundu osoko jaialdietan programatu dituzte. Un varón filmak Carlosen istorioa kontatzen digu, inguruan nagusi dituen gizontasun-estereotipoetatik askatzeko borrokan ari den nerabe batena, hain zuzen.
Ana Cristina Barragán ekuadortarrak sorkuntzako graduondokoa egin zuen Elías Querejeta Zine Eskolan, Berlinale Talents plataforman parte hartzeaz gain, eta bere bigarren film luzea erakutsiko digu, oraingoan, WIP Latam lehiaketan: La piel pulpo / Octupus Skin, uharte urrun batean isolatuta bizi diren bi biki neraberen, amaren eta haurride nagusiaren arteko familia-harreman korapilatsuei buruzko istorio bat da. Alba (2016) izan zen egilearen lehen film luzea, eta Lions Film Award saria lortu zuen Rotterdameko jaialdian, baita Epaimahaiaren Aipamen Berezia ere Horizontes Latinos sailean.
Dos estaciones Juan Pablo González mexikarraren lehenengo fikziozko lana da. Egilearen azken lana, Caballerango (2018), Tacoma, Guadalajara eta Dallaseko jaialdietan saritu zuten, besteak beste. Dos estaciones, 2019an Koprodukzio Foroan parte hartu zuen proiektua, tekila-fabrika tradizional baten oinordekoak atzerriko korporazioen presioei aurre egin eta bizirik irauteko pairatu behar dituen gorabeherei buruzkoa da.
Carlos Lechuga zinemagile kubatarrak bere hirugarren film luzea aurkeztuko digu, Vicenta B. izenekoa. Melaza (2012), bere lehen filma, Rotterdamen lehiatu zen eta Latinoamerikako film onenaren saria irabazi zuen Málagan; bigarrena, Santa y Andrés / Santa & Andres, Horizontes Latinos sailean hautatu zuten 2018an. Vicenta B. Habanako santera bat da, pertsonen etorkizuna ikusteko dohain berezia duena, eta seme bakarrak Kubatik alde egitea erabakitzen duenean, krisian sartuko da.
2019an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren Proiektu Onenaren Sariaren, EFAD-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzioko EFAD-CAACI Sariaren eta ArteKino International Prize golardoaren irabazlea, La hija de todas las rabias / Daughter of Rage Laura Baumeister nikaraguarraren lehen film luzea da. Canneseko Semaine de la Critique atalean parte hartu zuen Baumeisterrek Isabel in Winter film laburrarekin. María dugu film luze honen protagonista, Managuako zabortegian bizi den neskato bat; amak abandonatzen duenean, haren bila joatea erabakiko du Maríak, bere bizitza arriskuan jarriko duten protesta bortitz batzuen erdian.
WIP Latam lehiaketan aurkeztutako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean. Hona hemen duela gutxiko adibide batzuk: Manuel Nietoren El empleado y el patrón / The Employer and the Employee, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs lehiaketaren 2021eko edizioan hautatua eta Horizontes Latinos sailari itxiera emango diona; Fernanda Valadezen Sin señas particulares / Identifying Features, zeinak epaimahaiaren sari berezia (gidoi onena) eta World Cinema Dramatic Competition saileko publikoaren saria lortu baitzituen 2020ko Sundance zinema-jaialdian, baita Horizontes Saria ere Zinemaldiaren 2020ko edizioan; eta Sebastián Muñozen El Príncipe / The Prince Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean saria jaso zuena. Kasu arrakastatsu gehiago ikusteko, sartu hemen.
WIP Latam Industria Saria. Ad Hoc, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films enpresek postprodukziorako laguntzak emango dute. Saria aurkeztutako aurkeztutako film baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesez azpititulatutako DCPa sortzea eta Espainian banatzea.
WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria. Guztira 30.000 euro gordin emango dizkiote film irabazlearen ekoizle nagusiari, EGEDA Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundearen babesari esker.
Projeto Paradiso Sari berria, Olga Rabinovich Institutuaren ekimen filantropikoa. 10.000 dolar estatubatuar gordin sail honetako nagusiki Brasilgo ekoiztetxeen partehartzea duen balizko ekoizpen batentzat.
WIP Latam Industria Sariaren eta WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Sariaren irabazleentzako proiekzio bana Cannesko zinema jaialdiko Marché du Filmean 2022. urtean.
wips@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
WIP Latam egitasmoa Ibermedia Programaren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Creative Europe MEDIAren laguntzari esker gauzatu ahal izan da, eta Ad Hoc Studios, Deluxe Spain, Dolby Iberia, EGEDA Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea, Laserfilm Cine y Vídeo, Marché du Film-Festival de Cannes, Nephilim Producciones, No Problem Sonido, Projeto Paradiso eta Sherlock Films enpresen lankidetzari esker egin ahal izan da.
|
María García Altos de Jalisco eskualdeko tekila-fabrika tradizional baten oinordekoa da, eta fabrika iraunarazten saiatzen ari da, merkatuan geroz eta nagusiagoak baitira atzerriko korporazioak. Maríak Rafaela kontratatuko du, eta dituen krisi anitzetatik bizirik irauteko itxaropenak berpiztuko dizkio administratzaile berriak enpresaburuari. Izurriteak eta uholde batek Maríaren agabe-plantazio txikia erremediorik gabe suntsitzen dutenean, Maríak negozioa −eta nortasunaren zati bat− itotzen saiatzen ari zaion atzerriko presioaren aurka erreakzionatu beharko du.
Nikaraguako hiriburuko zabortegi handi bat, beti lainoz betea, María irudimen handiko neskato bereziaren etxea da. Amarekin −Lilibeth− bizi da, eta txakur bat eta txakurkumeak dituzte, saltzear daudenak. Maríak nahi gabe pozoituko ditu txakurtxoak, eta Lilibethek alaba birziklatze-instalazio batean uztea erabakiko du, non beste haur batzuekin batera lan egitera behartzen duten María. Zigorraren ondoren, neskatoa bakardadean murgilduko da, eta bakardade hori laster sumin bihurtuko zaio. Oso jakinduria bereziko haur gaixo eta leial bat ezagutuko du, Tadeo, eta adiskide bihurtuko dira biak. Maríak ametsak baliatuko ditu pairatutako abandonuari aurre egin eta gertatutakoa ulertzen saiatzeko.
Iris eta Ariel 17 urteko neba-arreba bikiak dira eta amarekin eta Lía haurride nagusiarekin bizi dira molusku eta narrastiz betetako uharte harritsu batean. Nerabeak kontinentetik isolatuta hazi dira, intimitate komunaren mugak gainditzen dituen anaiarteko harreman batean, eta naturarekin duten harremana transzendentala da. Seme-alabekin maitasun-gorroto harremana izan ondoren, amak bere buruaz beste egingo du. Heriotza zakar horrek sakon astinduko ditu neba-arrebak, eta Iris, anaiarengandik banandu behar duela jakinda, lehenengoz hirira bakarrik joatea erabakiko du.
Lalo sex-influencerra da: biluzik argazkiak atera eta etxean bideo pornoak filmatu eta posteatu egiten ditu sare sozialetan dituen milaka jarraitzaileentzat. Lalo bere bizitzaren jabe da, baina intimitatean, pertsonaiatik kanpo, etengabeko malenkonian bizi da, agidanez. Zer gertatzen zaio desio propioari bizitza show sexual bihurtzen denean? Pornomelancolíak pornografia hartu eta hausnarketa pizten du sexualitatearen eta lanaren arteko loturari buruz, publikoa izatearen eta bakarrik sentitzeari buruz, eta gure burua munduan erakusteko (edo ezkutatzeko) geure buruaz eratzen ditugun pertsonaiei buruz.
Carlos barnetegi batean bizi da, Bogota hirigunean, eta Gabonak familiarekin igaro nahi ditu. Inguruabarrek matxo-estereotipoa onartzera behartzen dute, eta hori nabarmen kontraesankorra da bere izaerarekin. Bakarka, sentsibilitatea eta hauskortasuna ezagutu eta bestelako maskulinotasun batzuetara gerturatuko da. 16 urterekin, Carlosek bere sexu-nortasuna aztertu eta bere beldurrak, desioak eta benetako gizonek ezkutatzen duten guztia ikusiko du.
Koloniaren garaitik, Kubako egunkariek mespretxu handiz hitz egin diete uharteko santera deritzenei. Sorginak deitzen zieten eta ez zituzten inoiz haien izenak erabiltzen: Marta A. beltzarana edo Juana D. deitu ohi zitzaien. Vicenta B. Habanan bizi da gaur egun eta pertsonen etorkizuna ikusteko dohain berezia du. Egunero kubatar ugari hartzen ditu etxean, arazoak konponduko dizkietelako itxaropenez. Seme bakarrak Kubatik alde egitea erabakitzen duenean, Vicenta krisian sartuko da, eta horrek ez dio utziko bere bizitzarekin zer gertatzen ari den ikusten, eta ez du jakingo zergatik geratu den bakarrik agidanez fededunak galdu dituen herrialde batean.
Ondorengoen babesarekin