Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > 'Zinema eta Zientzia’ zikloaren bosgarren edizioak 50 proiekzio inguru emango ditu zientzialarien aurkezpen eta eztabaidekin
'Zinema eta Zientzia’ zikloaren bosgarren edizioak 50 proiekzio inguru emango ditu zientzialarien aurkezpen eta eztabaidekin
Asteazkena, 2022(e)ko urtarrilak 12

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostian. Datozen hiru hilabeteetan, 50 proiekzio inguru ikusteko aukera egongo da. Ohi bezala, nazioarteko zientzialari ospetsuek egingo dituzte emanaldien aurkezpenak, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzeko helburuarekin. Saioak Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman izango dira. Gainera, aurten lehen aldiz, Gasteizko Artium museoa (2021eko urritik Filmategiaren programazio egonkorraren egoitza da) eta Iruñeako Golem-Baiona zinemak batuko dira ziklora, areto pribatu horiekin egindako akordioari esker, baita Iruñeako Planetarioaren lankidetzari esker ere.

Prentsaurrekoan Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia), Ricardo Díez Muiño (DIPC), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldia), Edurne Ormazabal (Tabakalera), Silvia García Lusa (Arte Ederren Museoa), Beatriz Herráez (Artium), Otilio García (Golem), Xabier Garat (Le Sélect) eta Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua) izan dira.

Ekitaldia Tabakaleran egin da, eta bertan, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak azpimarratu du orain arte zientzia “funtsezkoa” izan dela eta, “gaur egun ere badela gure gizarteak aurrera egin dezan”. “Zientziari esker gure bizitzak hobeak eta luzeagoak dira, nahiz eta berehalako ziurtasun absoluturik ez eman beti”, gehitu du.

Ildo horretan, zientziaren kulturari ekarpena egin nahi dio programazio “eklektiko” honek. Esate baterako, sariek zientzian duten esanahiaz hausnartzen du The Prize (Mark Robson, 1963) filmak, Zinema eta Zientziari urtarrilaren 13an, Artiumen, hasiera emango dion titulua. Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta DIPCko presidentea izango da ekitaldiaren aurkezlea. Ondorengo egunetan, zientzialari nafarrak zinemaren klasiko hau zikloaren gainontzeko egoitzetan aurkeztuko du: urtarrilaren 14an Donostian, 15ean Bilbon eta 18an Iruñean.

Moby Dick (John Huston, 1956) eta Gorillas in the Mist (Michael Apted, 1988) klasikoek animalien mundua hurbilagotik ezagutzea proposatzen dute. Halaber, honako gai hauen inguruan eztabaidatu ahal izango da: historiaurrea Quest for Fire filmari esker (J. J. Annaud, 1981) eta minbizia Hope pelikulari esker (Maria Sødahl, 2019). Ikarie XB 1 (Jindrich Polák, 1963) eta Contact (Robert Zemeckis, 1997) lanek espazio-ikerketa jorratzen dute; Inception (Christopher Nolan, 2010) eta Demon Seed (Donald Cammell, 1977) filmek, berriz, neurozientziara eta adimen artifizialera hurbilduko gaituzte. Azkenik, The Man in the White Suit (Traje zuriko gizona, Alexander Mackendrick, 1951) klasikoa ere proiektatuko da, fisika eta materialen kimika arloak lantzen dituena.

Aurkezpenak eta solasaldiak zientzialari entzutetsuek egingo dituzte:  Arantza Acha, Juan Ignacio Pérez, Joana Vitorica eta Ana Zubiaga biologoek; Javier Aizpurua, Raúl Angulo, Naiara Barrado-Izagirre, Silvia Bonoli, Aitzol García, Aran García-Lekue, Marcos Pellejero eta Santiago Pérez-Hoyos fisikariek; Fernando Cossio, Xabier López eta Jon Mattin Matxain kimikariek; Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkano informatikari eta adimen artifizialean adituek; María A. Blasco biologo molekularrak; María José Iriarte arkeologoak; Karmele Llano albaitariak; Sara Manzano biokimikariak; María Martión-Torres medikuak eta paleoantropologoak, eta Valentina Rodríguez kazetari zientifikoak.


PROIEKZIO BEREZIAK ETA IKASLEENTZAT

Gasteizera, Donostiara eta Bilbora hurbiltzen direnek 2021eko Kimuak katalogoko film-laburren proiekzioez gozatzeko aukera ere izango dute. Gainera, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia) Picture a Scientist (Ian Cheney eta Sharon Shattuck, 2020) filma emango da Emakumeak Zientzian proiektuaren baitan (Gipuzkoako ingurune zientifikoko 17 erakundek osatzen duten aliantza).

Era berean, Apolo 11 (Todd Douglas Miller, 2019) filma ikusteko aukera izango dute ikasleek goizeko emanaldietan Tabakaleran, Artium eta Arte Ederren museoan.

Sarrerak Tabakalerako, Artium eta Arte Ederretako museoetako eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinemetako webguneetan eta leihatiletan erosi ahal izango dira. Txartel bakoitzaren prezioa 3,50 eta 4 euro artekoa izango da (deskonturik gabe).

 
Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones